NAIZ

Las Gardenias, Mexikoko bihotzean emakume transen futbol taldea errespeturantz bidea marrazten

Urtean behin jokatzen dute, Frantzisko Asiskoaren egunean, Tepito auzoak bere patroia ospatzen duenean, alegia. Nolanahi ere, emakume trans hauentzat lorpen handiena auzoaren «onespena» jasotzea izan da, auzoa oso matxista delako. Beraientzat futbol taldea «babeslekua» eta «borroka lekua» izan da. 

Las Gardenias taldeko jokalariak pasa den urriaren 4ko partidan. (Temistocles VILLANUEVA)
Las Gardenias taldeko jokalariak pasa den urriaren 4ko partidan. (Temistocles VILLANUEVA)

«Babeslekua» eta «borroka lekua». Babesleku, guztiak bertan elkartzen direlako, kanpoko erasoetatik "urrun" eta borroka-leku, beraien aldarrikapenek oihartzun gehiago izateko balio dielako. Mexikoko Tepito auzoan Las Gardenias izeneko futbol talde bat dago, emakume transek osatua bere osotasunean. Ez da talde berria, izan ere mendi erdiko historia gordetzen du. Mende erdi beranduago, auzoaren «onespena» jasotzen egotea da beraientzat lorpen handiena. 

Mexikoren erdialdean dago Tepito auzoa, herrialdearen bihotzean, alegia. Eta Maracana futbol zelaira sartzen dira Las Gardenias taldeko jokalariak, urtero urriaren 4an egiten duten legez. «Baliteke beste auzo batzuetan emakume transen taldeak egotea. Baina Tepiton, matxismoa oso presente dago eta auzo kementsua dela jakinda –Mexiko Hiriko auzo «basatiena» gisara kontsideratzen da–, emakume transek osatutako talde bat egotea eta gu errespetatzea oso gauza harrigarria da», esan zuen Melanyk, taldeko aurrelariak, Efek jasotako adierazpenetan. Lehen aldiz, bederatzi hilabete haurra partida ikustera eramateko aukera izan zuen eta hunkituta agertu zen. 

Auzoa bera arriskutsua izateagatik, bertara sarbidea ere oso baldintzatuta dago, segurtasuna dela-eta. Nolanahi ere, Frantzisko Asiskoaren egunean Las Gardenias taldea Maracana estadiora zelairatzen denean dibertimendua, futbolarekiko grina eta gainerako taldeekiko miresmena arnasten dira. 

Tepito auzoko Marakana estadioa. (TEMISTOCLES VILLANUEVA)

Jessicak, bere eta bere kideen parte-hartzearekin, LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna eman nahi dio, baina baita kirola egitea berari ere. «Kirol gehiago egin nahi dugu kirola LGBT komunitatera gehiago sustatzeko; gu ere lanean, ikasketetan, kulturan edo kirolean existitzen garelako», azaldu zuen, eta, aldi berean, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, zelaira egindako irteerak murriztu egin zirela azaldu zuen.

Hasiera gogorrak, erreakzio oldarkorrak

Orain miresmenaz, errespetuaz eta onespenaz dihardute baina ibilbidea ez da erraza izan. «Anekdota gisara konta dezaket neska guztiekin lehen aldiz zelaira sartu nintzenean aita sartu eta ostikoka atera ninduela, matxismoa puri-purian baitzegoen. Baina horrek balio izan zidan, ez zidan axola izan, eta jokatzerako itzuli nintzen», esan zuen Melanyk.

Bera bezala, denak jolasten ziren txikitan futbolean entretenimendu gisara, baina Las Gardeniasekin hasi ziren serioago ikasten.

Taldea babesleku gisa hartu zuten, askatasunez bizitzeko eta gizartean duten espazioa aldarrikatzeko. Hortik, leku askotatik deitzen diete jaietan, kantxen inaugurazioetan edo kirol-ekitaldietan parte hartzeko, eta gauzak aldatzea lortzen ari dira. Nolanahi ere, oraindik «folklore» ikuskizun bat bailitzan zelarairatzen dira eta beraz, badago zer hobeto. 

Naomi Camacho duela 15 urte batu zen taldera eta taldearen sorkuntza eta honen aldarrikapenak auzoan «iraultza» moduko bat suposatu zuela adierazi zuen Latinus hedabidean emandako elkarrizketan. Onartzen du beraientzat futbol partida bat baino gehiago «ikuskizuna» dela baina beraien zelairatze horrek auzoak LGTBI+ kolektiboa gehiago onartzera eraman duelakoan dago: «Lehen kaletik nindoala edozer esaten zidaten, edonolako irainak jasotzen nituen eta orain ez, orain errespetuz hitz egiten didate. Belaunaldi berriei bidea ireki diegulakoan nago». 

Izan ere, lehen jasaten zuten errepresiotik oraingo egoeran egotea ere ez da lorpen makala. «Lehen oldarkortasun pixka bat gehiago zegoen, isekak, tratu txarrak ematen zizkiguten, kolpatu egiten gintuzten edo oihu egiten ziguten. Irainak esaten zizkiguten, eta orain ez. Auzoak ateak ireki dizkigu. Asko babestu gaituzte, asko mimatu gaituzte, estimu handiagoa eman digute», pentsatzen du Jessicak, orain auzoan oso maitatua sentitzen denak, gazteagoa zenean ez baitzuen ondo pasatu.

Las Gardenias taldeko jokalari bat partidan zehar. (TEMISTOCLES VILLANUEVA)

Tepitoko auzo kementsua auzokideen arteko batasunagatik nabarmentzen da; beraz, auzokideek, lehenago edo beranduago, onartu egin behar dituzte LGTBI+ kolektiboko pertsonak. Izatez, horrelakoak direlako, beren jendearekiko leialak.

«Auzo oldarkorra dela esan arren, oso zitalak garela esan arren, auzoak harrapatu egiten gaitu. Tepitoko Las Gardenias izateagatik, baina batez ere hemen jaio eta hazi izanagatik», partekatu zuen Jessicak.

Maitasun hori nabaritzen da kantxaren erdialdera doazenean eta adin guztietako pertsonak agurtzen dituztenean argazkiak eskatzeko. Auzoko erreginak dira une batez.

Eta joaten direnean –ia beti irabazi ondoren, beraiek azaltzen duten bezala, baina markagailua gutxienekoa da–, dena bustitzen duen freskotasun eta tolerantzia usaina uzten dute, Tepito auzo kementsuari bere argi eta itzalekin nekez kenduko zaiona.