Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Arantza Santesteban Perez
«Liluraren kontra. Aura hautsi» proiektuaren egilea

«Araizko paisaiaren eta jardun artistikoen arteko lotura ikertu dut»

Arte garaikidea landa-eremuan lantzeko Nafarroako Gobernuaren Landarte programaren baitan, Arantza Santesteban Perez ikertzaile eta zinegilea pieza bat sortzen ari da kultura eta artea hagitz presente dauden Araitz ibarreko jendearekin. Mailoen aura esploratu du, Lou Reeden antzera filmatuz.

Arantza Santesteban Perez zinegile eta ikerlaria. (Dani BLANCO)
Arantza Santesteban Perez zinegile eta ikerlaria. (Dani BLANCO)

Araitz bailarako ahots anitzen konstelazio bat izan nahi du Arantza Santesteban Perezen ‘Liluraren kontra. Aura hautsi’ proiektuak. Bertako adinekoak zaintzen ari diren Nikaraguako langileak agertuko dira, nerabeak, alkatea, baserritar gazteak... Filmaketa amaituta, pieza muntatzen ari da orain. Urriaren amaieran edo azaroan emanen dute ibarreko herritarren aitzinean. Ikuslerik inportanteenak haiek izanen dira.

Landarte Nafarroako Gobernuaren programa bat da, arte garaikidea landa eremuan jorratzen duena. Urtero egiten dute; bosgarren edizioa da aurtengoa. Nafarroako bost herri edo bailara aukeratzen dituzte eta, horiekin batera, herrialdeko bost artista, herri bakoitzerako bat. Santesteban (Iruñea, 1979) eta Araitz, biak hautatu eta elkartu zituzten.

«Donostia eta Iruñe artean bizi izan naiz azken zortzi urteetan eta A-15a oso ongi ezagutzen dudanez, Mailoak mugarri bat dira niretzat, atentzioa eman  izan didate. Iruñetik Donostiara joateko asko zeharkatzen zen lehen Araitzeko bailara, errepide zaharra handik pasatzen baitzen. Baina harreman zuzenik edo afektiborik ez neukan ibarrarekin. Ez nituen orduak igaro hor. Pasadakoa izan da niretzat», kontatu dio ikertzaile eta zinemagileak NAIZi.

Artearekin harreman historiko bat bazuen, eta gaur egun artista asko dago Araitzen. Ez dira, agian, hain ezagunak, ikusgarriak. Baina jende asko dago bere artelanak modu anonimoago batean lantzen dituena

Lehendabiziko pausoa proiektuaren koordinatzaile Mark Badal eta Anne Ibañezekin (Kanpoko Bulegoa elkartekoak) eta Araitzeko jendearekin biltzea eta elkar ezagutzea izan zen. «Denek oso ondo hartu ninduten, giroa oso polita izan zen», oroitu du artistak.

Herrikoen artean baten batek bota zuen azkenean norbait iritsiko zela bailarara era horretan eta proiektua garatzeko bi hilabete edukitzea denbora gutxi zela gustura eta ongi egoteko. Oso proiektu interesgarria da, baina egia da denbora oso mugatuan egin behar duzula eta luzeago egoteko aukera galtzen duzula. Erronka bihurtzen da».

Kultura eta artea presente

Bailarak baditu bertze landa eremuek dituzten ezaugarri batzuk: despopulazioa, landa bizimoduaren galera, ekoizpen intentsiboaren nagusigoa… Baina badu berezitasun bat: 1970 eta 80ko hamarkadetan hainbat euskal artista ezagun pasa zen handik: Remigio Mendiburu, Jose Luis Zumeta, Mikel Laboa, Artze anaiak, Juan Gorritik bertan jarraitzen du… «Artearekin harreman historiko bat bazuen, eta gaur egun artista asko dago Araitzen. Ez dira agian hain ezagunak edo ikusgarriak. Baina jende asko dago bere artelanak modu anonimoago batean lantzen dituena».
Haiekin eta Mendiburu, Zumeta eta halakoen lanak jarraitu dituzten ikerlariekin elkartu zen Santesteban proiektuaren lehen asteetan.

Lou Reeden Balerdiko irudiak

«Doktoretza egiten ari naiz Arte Ederretan, eta Araitzen nengoela testu bat irakurtzen ari nintzen, Walter Benjaminena, artelanaren aurari buruz hitz egiten duena. Argazkilaritza eta zinemaren teknika agertu arte, artelan bat ikusten zenean bakarra zen, eta balio goren bat ematen zion horrek. Ikuslearen eta artelanaren arteko harremana oso auratikoa zen. Inpresionatzeko modu hori zuen».
Irakurketa horretan, Mailoak beti presente zituen. «Gainean dituzu, ezin zara haietatik libratu. Mailoek ere badute halako aura bat. Asko inpresionatzen dute. Oso bailara bertikala da. Ez bazara nonbaitera igotzen ez dago horizonterik». Aura horrekin zer harreman duen gogoetatzen hasi zen artista.

Araitz bailararen eta bereziki Mailoen aura esploratu du Arantza Santesteban Perezek. («Liluraren kontra. Aura hautsi» proiektua)

Hortik aitzinera aurkikuntza gehiago egin zituen. Tartean Lou Reed kantaria ibarretik pasatu zela jakin zuen. Musika estudio bat egon da bertan 1985etik duela gutxi arte (Azkarate) eta Euskal Herriko talde guztiak eta kanpoko batzuk ere pasatu dira. «Araitzen bizi den Jonan Ordorika Ruperren anaiak esplikatu zidan Reed ez zela disko bat grabatzen ibili, bestela etorri zela, tai txiko irakaslearekin. Bi argazki atera zituen, gero ‘Romanticism’ liburuan argitaratu zituenak. Txundituta gelditu nintzen bailararen erakartzeko ahalmenarekin».

Argazki horiek Balerdi mendikoak dira. Zuri-beltzean daude, baina argi asko utzi zuen sartzen eta Mailoen aurrean, tapatzen, argi borobil handi batzuk agertzen dira. «Aura dira kasik. Denak lotura bat eduki zezakeela ikusi nuen».

Ikerlaria eta zinemagilea da Arantza Santesteban eta bi esparruak fusionatuz film bat egitea erabaki zuen, herritarrek paisaiarekin duten (edo ez duten, zalantzan jartzen baitu) harreman auratiko hori esploratzetik abiatuz.

Filmaketako konstelazioak

Ainhoa Gutierrez del Pozorekin filmatu du. Berak egin du argazki zuzendaritza. «Landa-eremuan beste pieza batzuk egitetik dator, eta antropologia bisualaren inguruan ere lanean ari da. Oso ongi moldatu gara».

Alde batetik, biztanleek paisaiarekin duten harremana ikertu dute eta, bestetik, filmaketa eredu batean sakondu, argiekin jolastuz, filtro ezberdinekin, argi aunitz sar zedin kameran, Lou Reeden estilora. Filmatze prozesua bukatu eta Gutierrez eta biak kontent gelditu dira. Mundu aunitz ireki zaizkie. Konstelazio moduan agertuko dira pelikulan.

Orain muntatzen ari da, Mirari Etxabarrirekin batera. Pieza labur bat izango da.

Argiari lasai sartzen utzi diote, Lou Reeden estilora grabatuz. («Liluraren kontra. Aura hautsi»)

«Landartek bi hilabete eta erdi irauten du, baina hasieran zer nahi duzun argi ikusi behar duzu, eta azkenean pieza bukatua entregatu. Lanean topera hilabete zaude. Hortaz, zer esan dezaket nik Araitzez? Hurbilpen txiki bat egin dezaket, nirekin eta besteekin zintzoa izanez. Oso azaleko begirada bat da, baina ez du zertan gaizki egon. Intuizioarekin bertako pertsona batzuk hartu eta ideia landu dut. Bertako adinekoak zaintzen dituzten Nikaraguako langile batzuekin egon naiz, nerabe batzuekin, alkatearekin, baserritar gazteekin... Hartu-eman oso polita izan da, baina ez da sakona».

Baserritar gazteak agertzen dira pelikulan.

Bailarari itzuliko dio obra

Artistarentzat filma bailarakoek ikusteak izanen du balioa, eurekin harremanetan jartzeak, ea zer pentsatzen duten. Urriaren amaieran edo azaroan proiekzio bat eginen dute. «Gero, piezak zerbait sortzen badu beraiek kudeatzea gustatuko litzaidake. Pieza hori bailaran gelditu dadin, eskoletan landu dezaten, Udalak bere ondare gisa eduki nahi badu… Bailarari itzuliko diot, oso ongi zaindu nautelako. Beste zirkuitu batzuetan erakutsi ahal dela? Aurrera».

Izugarri gozatu du eta penarekin utziko du Araitz. Egiatan, ez uztea espero du, aurrerantzean maizago joatea, «alde guztietatik baita ederra».

Landaren erromantizazioa

Landa-eremuak eta arte garaikideak urrun dauden bi leku dirudite. «Sarri landa-eremua erromantizatzen dugu: baserria, mendia, berdea, artzainak. Programa honekin konplexuago egiten da begirada. Bailarak bizirik daude, ez dira hiritarren gozamen espazioak bakarrik, bada bizitza, bere problemekin. Jendea lan pila bat egiten ari da bertako produktuak aurrera ateratzeko. Artearekiko interesa dute, inplikatzen dira», hausnartu du.

«Hiritik gatozenok (eta Euskal Herrian ditugun hiriak ez dira handiegiak) badugu begirada urbanoago bat, eta ez dugu landa-eremua estetizatu behar. Programa honek laguntzen du landa-eremua eta urbanoa dikotomiko ez izaten, berez ez direlako. Landakoak hirira doaz lanera, kotxez, eta gero bailarara itzultzen dira. Hirikook bertako produktuak jaten ditugu». Harreman horretaz gogoetatzeko balio izan dio Landartek.