Andoni Arabaolaza

Kokshaal-Too mendilerroan emaitza bikainak erdietsi dituzte

Abuztuan eginiko hiru asteko espedizioan, Ivan Temerev eta Alexey Tyulyupo errusiarrek eta Kirill Belotserkovskiy kazakshtandarrak Kirgizistanen eta Txinaren arteko mugan dagoen mendi multzo horretan bost bide berri, tartean teknikoak, zabaldu zituzten.

Nahiz eta Europako mendebaldean ez den ezaguna, Kirill Belotserkovskiyk argi eta garbi utzi du lehen lerroko alpinista dela. Kazakshtandarrak duela urtebete egin zion bisita GARAri Trud mendian eginiko jarduera handiari buruzko azalpenak emateko.

Joan den abuztuan, mendi gidari eta alpinista honek hiru asteko espedizioa egin zuen Kokshaal-Too mendilerroan (Kirgizistan). Tien Shan mendilerro ezagunaren hegoaldean dago; hain zuzen ere, Kirgizistanen eta Txinaren arteko mugan. Belotserkovskiy ez da bakarrik jardun; izan ere, Ivan Temerev eta Alexey Tyulyupo errusiarrak sokakide izan ditu. Hauek ere alpinista zailduak, baina era berean ezezagunak ingurumari honetan. Bada, hirukote horrek erakutsi du oso eraginkorra izan dela. Eta hori diogu, denera, alpinistok bost bide berri zabaldu dituztelako.

Belotserkovskiyk berak egin duen espedizioaren lerroburuak aurreratu dizkigu: «Lehenik eta behin esan behar dut jardun dugun alderdiak mendi oso handiak eta ederrak baino ederragoak dituela. Mendi batzuetan elkarrekin eta besteetan bakarrik bost marra berri sortu ditugu. Eskalada azpimarragarrienak Alpinist (5.482 m) eta Korolyova (5.816 m) mendietan sinatu ditugu. Alpinist mendiari dagokionez, onartu behar dut inoiz eskalatu dudan mendi politenetako bat dela. Iparraldeko pareta aukeratu genuen. 1.750 metroko eta AI4 mailako proposamen berria zabaldu eta mendiaren laugarren igoera sinatu genuen. Korolyova mendiak, berriz, asko harritu gaitu, besteak beste, murru oso teknikoak dituelako. Iparraldeko horman sartu, handik mendebaldeko ertzarekin lotu eta gailurra egin genuen. 1.650 metro eta AI4-M5 zailtasunak ditu. Hirugarren igoera izan da. Marona mendiaren ekialdeko erpina (4.610 m) nire bi lagunek igo zuten. Nik, berriz, Skalistiy (4.850 m) eta Kaliningrado (4.560 m) mendietan bakarrik jardun nuen. Azkenik, Karatoo (4.615 m) mendia eskalatzeko aukera izan genuen, baina azken hauek askoz samurragoak dira».

Aurrerapen hori egin ondoren, hurrengo lerrootan alpinista kazakhstandarrak azalpen gehiago emango dizkigu.

Kokshaal-Too

«Kirgizistaneko mendilerro horretan egin berri dudan espediziora batu baino lehen, Ivan eta Alexeyk Errusiako Alpinismo Txapelketan parte hartu zuten. Beldur nintzen espediziora nekatuta eta girora egokitu gabe iritsiko ote ziren. Txapelketa horretan jarduera asko egiten dituzte, baina ez mendi garaietan. Batek eztul egiteari utzi zion, eta besteak eztul lehorra zuen. Nire kasuan onartu behar dut zortea izan dudala. Bidaia hau hasi baino hamar egun lehenago orkatilaren lotailu batekin arazoak izan nituen, baina sendagileak egundoko lana egin eta abentura hau egiteko osatu ninduen.

»Kanpaleku nagusia antolatu ondoren, hirurok ala hirurok gogo handia genuen xede batzuk zehazteko. Hasteko eta behin, ingurumari hartan gora eta behera ibili ginen; ‘lan’ hori gure aklimataziorako oso egokia izan zen. Horretan ginela, taldekide batek esan zidan aklimatazio hori sendotzeko Alpinist mendira joan behar ginela. Nik ez nuen aitzakiarik jarri, baina esan nion ia 5.500 metroko garaiera zuela. Azkenean, proposamen horrekin bat egin genuen. Egun bateko ibilaldia egin eta gero, mendiaren iparraldeko murrura heldu ginen. Paretaren erdialdean dagoen korridore bat aukeratu genuen; duela pare bat urte egin nuen bisitan nahiko lehor zegoen, baina aurten izotza erabat osatuta zegoen. Bidearen lehen sekzioan sokaburu joan nintzen. Izotza oso tentea (80°) zen, eta soilik hiruzpalau metroko zabalera zuen. Arratsaldeko ordu bietan ertzera iritsi, dendak altxatu eta atseden hartzeko unea heldu zen.

»Gaua nahiko erosoa izan zen, eta, biharamunean, ia tresneria osoa dendetan utzi eta ertz horretan sartu ginen. Oso mantso gindoazen, eta, gainera, geldialdi ugari egin genituen. Arratsaldeko bostetan gailurrean ginen. Berez, pixka bat gorago erlaitz bat zegoen, baina oso ezegonkorra zen eta tarte hori ez genuen igo.

»Ia atsedenik hartu gabe, ertza deseskalatu eta dendara itzuli ginen. Egunsentia baino lehen, jaitsierari ekin genion. Hasieran ez zen batere atsegina izan, baina, ondoren, lanak ondo banatuta, azkar jaitsi ginen.

»Jarduera hau egin eta pare bat egun lasai ibili ginen. Espedizioaren helburu nagusia Korolyova mendia zen. Eskaladarekin hasi baino lehen, hautatu genuen bidea aztertzera abiatu ginen. Hasiera, bederen. Nahiko nahasia zirudien, baina, tira, han geundenez, saiatu egin behar. Goizeko bostetan, gauez, Alexey lehen sekzioa igotzen hasi zen. Zoritxarrez, aurreko eskaladan ez bezala, aurkitu genuen izotza oso biguna zen. Ohartu ginen aukeratu genuen bidea ipar-ekialdeko horman zegoela eta eguzki-izpi gutxi jasotzen zituela. Baldintza oso eskasak zirenez, jaistea erabaki genuen.

»Helburu hori baztertzeko asmorik ez genuenez, beste alternatiba bat aztertzen hasi ginen. Eskuinaldean beste aukera egoki bat ikusi genuen. Ivanek sokaburu joateko ardura hartu zuen. Sei luze nahiko azkar igo zituen, eta izotz zelai batera iritsi ginen. Aurretik zegoen tarte luzea oso atsegina zen nahiko arin joateko.

»Gure hurrengo erronka arrokazko sekzio bat zen, baina hara iritsi eta ikusi genuen ondoan zegoen izotz ‘erreka’ batek ertzera eramango gintuela. Izotz bertikala igo genuen. Eta ertzera iristeko erlaitz bat puskatu behar izan genuen. Bat-batean barometroak abisatu zigun presioa oso azkar jaisten ari zela. Denda altxatu eta prest ginen gaua igarotzeko. Biharamunean ertzari ekin genion. Zerua lainotua zegoen, baina oraindik klima nahiko ‘ona’. Ertz horretan jardutea oso nahasia izan zen. Nahasia bezain arriskutsua. Ia abisurik eman gabe, elurra egiten hasi zen, eta ekaitza gurekin ‘jolasean’ egon zen. Haizeteek ere eragozpen handiak eragin zituzten. Egoera horretan erabaki genuen asko jota arratsaldeko seietarako gailurra egin behar genuela. Gogor borrokatu ginen, eta, horri esker, seiak baino lehen gure lehen helburua lortu genuen: tontorra. Giro oso gaiztoa zenez, ertza deseskalatu eta dendara abiatu ginen.

»Ezusteko handia hartu genuen; izan ere, haizeteek denda txikitu zuten. Gaueko hamarrak zirenez, jaisten jarraitzea erabaki genuen. Gure kalkuluen arabera, glaziarrera iristeko beste lau ordu behar genituen.

»Haizea baretu zen, eta rappelak oso ondo kudeatu genituen. Elurra egin zuenez, tarte batzuetan 30 zentimetroko elur freskoa pilatu zen. Arriskua biderkatu zen, baina, zorionez, goizeko bostetan glaziarrera onik iritsi ginen. Nahiz eta leher eginda egon eta oraindik gaua izan, glaziarra zeharkatu genuen. Onartu behar dut glaziar horrek ez dituela artesi oso handiak. Egunsentiarekin batera, kanpaleku nagusian geunden, eta azken egun horretan bizitako uneak atzean utzi genituen».