NAIZ
DONOSTIA

Kontxako pasealekua zeharkatzen duten ibilgailuek isuna jasoko dute urriaren 18tik aurrera

Urriaren 18tik aurrera Kontxako pasealekua zeharkatu nahi duten ibilgailuek isuna jasoko dute. Seinale desberdinak jarri dira hainbat tokitan, hiriko puntu batetik bestera joateko bide alternatiboak hartzeko aukera emanez.

Kontxako pasealekuko obrak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Kontxako pasealekuko obrak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Kontxako pasealekua zeharkatzen duten baimenik gabeko ibilgailuei isuna ezarriko zaie datorren astelehenetik, urriaren 18tik, aurrera. Kontxa inguruan egingo diren proiektuak gauzatzeko lanek bederatzi hilabete iraungo dute.

Inguruan egiten ari diren obren ondorioz ibilgailu pribatuarentzako pasealekua itxi zenetik, bi agente mozketetan egon dira gidariak ohartaratzen eta zirkulazioa antolatzen, baina datorren astelehenetik aurrera zerbitzu hori desagertu egingo da eta seinaleak errespetatzen ez dituztenei isuna jarriko zaie.

Gaur egun pasealekuan egiten ari den lanak bide horretan dauden bi zirkulazio erreietako bat okupatzea dakar. Hori dela eta, semaforo batzuk jarri dira zirkulaziorako errei bakarra dagoen bide zatitik, ibilgailuak txandaka igarotzeko.

Pilar Aranak, Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotziak, adierazi duenez, ibilgailu pribatuei ezarritako murrizketak «garraio publikoaren maiztasuna eta zerbitzu ona babesteko egin dira». Aranak gaineratu duenez, azken asteetan agenteek «informazio lana» egin dute, baina datorren astetik aurrera, egokitzeko epe horren ondoren, «pasatzeko debekua betetzen ez duten ibilgailuei isuna jarriko zaie».

Ibilbide alternatiboak

Mozketa egin zenetik, seinale desberdinak jarri dira hainbat tokitan, hiriko puntu batetik bestera joateko bide alternatiboak hartzeko aukera ematen, bai pasealekuko bokaletan, bai bide horretara doazen bideetan ibilgailuak ohartarazteko.