NAIZ

Herri aberastuek dosiak pilatzearen ondorioz pobretuak txertorik gabe daudela salatu dute

Munduko txertaketa desberdina pobreziaren eta desberdintasunaren eragilea dela ohartarazi du Zero Pobreziak. Pobretutako herrialde askotan ezin izango diete biztanle gehienei txertoa jarri 2023ra arte, nahiz eta osasunerako sarbideak unibertsala izan beharko lukeen.

Donostiako Zero Pobrezia plataformak hainbat jarduera aurkeztu ditu Pobreziaren Aurkako Egunaren harira. (FOKU)
Donostiako Zero Pobrezia plataformak hainbat jarduera aurkeztu ditu Pobreziaren Aurkako Egunaren harira. (Gorka RUBIO/FOKU)

Heldu den igandea, urriaren 17a, Pobreziaren eta Bazterketaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Horren harira, jarduera batzuk antolatu ditu Donostiako Zero Pobrezia 21 erakunde eta mugimendu sozialez osatua dagoen plataformak.

Aurkezpenean azaldu dutenez, pandemiak ez ditu bereizten ez mugak ez herrialdeak; bai, ordea, desberdintasunak eta klase sozialak, ez baitu eragin bera mundu osoan, ezta herrialde edo eskualde beraren barruan ere. «Pandemia pobrezia eta desberdintasunak sortzen dituen beste faktore bat da, eta pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazteko azken urteotan egin diren aurrerapenak geldiarazten ari da», nabarmendu dute.

Salatu dutenez, covid-19aren aurkako prebentzio-neurriak eskuratzeko aukeran ere islatzen dira desberdintasun horiek, munduko herrialde zaurgarrietan ezin baitzaio erantzun proportzionala eta egokia eman krisiari, gabezia handiak dituztelako baliabideetan.

«Desberdintasun horien adibide da munduko txertaketa desorekatua», adierazi dute. The Intelligence Economist Unit (EIU) erakundearen arabera, herrialde pobretu askok ezin izango diote txertorik jarri beren biztanleriaren gehiengoari 2023ra arte. «Herrialde aberatsek dosiak metatzearen ondorioa da, beren benetako beharren gainetik ere. Herrialde horiek etorkizunean ere izango dituztela txertoak ziurtatzen duten bitartean, gainerako herrialdeek ez dakite txertorik jasoko duten».

«Desberdintasun larri horren beste adibide bat txertoaren kostua da, Hego Afrikan 2,5 aldiz gehiago kostatzen baita Europako herrialde gehienetan baino».

Our World in Data-ren arabera, urriaren 6an, diru-sarrera handiko herrialdeetan bizi diren biztanleen erdiek baino gehiagok (%60,5) jaso dute txertoaren pauta osoa, baina herrialde pobreenetan (diru-sarrera txikiak dituztenetan) biztanleriaren %1,3k baino ez, eta diru-sarrera ertain eta txikiko herrialdeetan biztanleriaren %15,2k baino ez.

Adibidez, Afrikan, irailean, herrialde guztietan biztanleriaren %1ek baino gutxiagok zeukaten txertoaren pauta osoa jarrita. Hain zuzen ere, txertoaren dosi bakarra edo pauta osoa jasotako biztanleen kopuru urrieneko herrialde guztien artean, Afrikakoak gailentzen ziren; besteak beste, Madagascar, Kongoko E.D., Burkina Faso eta Hegoaldeko Sudan.

Txanponaren beste aldean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 12 urtetik gorako biztanleriaren ia %90 erabat immunizatuta dago (helburuko populazioa), urriaren 6ko Osakidetzaren txertaketa-buletinaren arabera.

«Pandemia amaitzeko, ezin ditugu txertatu soilik herrialde batzuetako biztanleak. Erantzuna eraginkorra izan dadin, diru-sarrera handiko herrialdeek konpromisoa hartu behar dute mundu osoko dosiak bidezko moduan banatzeko. Atzerapenaren ondorioz, jende gehiago hiltzen da, oztopatzen da suspertze ekonomiko globala, eta erraztu egiten da birusaren aldaera berriak agertzea», ohartarazi dute.

Era berean, azpimarratu dute pandemia honek erakutsi duela zeinen konektatuta dagoen mundua elkarrekin, eta horregatik, aldarrikatu dute «krisi global honek konponbide globalak eskatzen dituela, inor baztertu gabe».

Gogoetatzeko gonbidapena

Donostiako Zero Pobrezia plataformak, ‘Zure txertoak ez nau babesten: osasun-eskubidea denontzat’ lelopean, txertoa lortzeko aukera desorekatuari buruz hausnartzera bultzatu nahi ditu herritarrak.

Hauxe aldarrikatu du: «Jabetza intelektualeko eskubideek, patenteak barne, ez dezatela oztopatu etorkizunean covid-19ari aurre egiteko edozein txerto edo tratamendu eskuratzeko aukera. Era berean, har daitezela legezko neurriak, sendagaiak eta osasun-materiala bidezko prezioan eskuratu ahal izan daitezen; inbertitu dadila osasunerako benetako eskubide unibertsalean, krisi honetatik ateratzeko irtenbideak bilatuz zorraren krisian eta eskasia fiskaleko egoeran, eta birpentsatu dadila egoera horretara eraman gaituen garapen-eredua».

Ongizate kolektiboaren aldeko politika publikoak bultzatzearen alde egin dadila ere eskatu dute. «Politika horiek herritarren beharrak asetzeko diseinatuta egon daitezela, mugarik gabe metatzearen panazeatik urrundu daitezela, eta garapenerako lankidetzaren politika krisi honen irtenbidearen parte izan dadila».

Pobreziaren aurka pedalei eraginez

Nazioarteko eguna dela eta, aipatutako leloarekin Donostiako Zero Pobrezia Plataformak aldarrikapen-bizi martxa antolatu du iganderako. Haizearen Orrazitik abiatuko da, 12.00etan, eta Bulebarreraino iritsiko da, Txita Sound System-ek girotuta.

Gainera, urriaren 19an, asteartean, 19.30ean, Donostiako Kresala zine klubean, zine forum bat egingo da ‘La mujer del chatarrero’ filmarekin.