NAIZ

Itzuli da Bilboko ‘Film Sozialak’ jaialdia, gizarte-eraldaketaren eredu positiboen erakusleiho

Mundua aldatzea du xede hamarkada luzea martxan daraman Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko jaialdiak. Iazko geldiune behartuaren ostean, aurten berriz itzuliko da, ostegunetik aurrera, Alondegiko Golem zinema aretoetara. «Aniztasunaren glamourra» erakutsi nahi omen dute.

Mamadou Dia idazle senegaldarrak bere sorterrira itzultzeko izandako gorabeherak kontatzen ditu ‘Doxadem’ dokumentalak. (NAIZ)
Mamadou Dia idazle senegaldarrak bere sorterrira itzultzeko izandako gorabeherak kontatzen ditu ‘Doxadem’ dokumentalak. (NAIZ)

Herrixka globala deritzon honetan, «zein ahulak eta elkarren mendekoak garen gogorarazi digu pandemiak. Erakunde publikoen eta nazioarteko zientzialari-komunitatearen laguntzarik gabe, askoz ere okerragoa izango zen egoera, seguru aski. Txertoak lortzeko norgehiagokan ere ikusi da noraino irits daitekeen gizakion diru-gosea eta zentzugabekeria», gogorazi nahi izan du Juan Carlos Vazquezek, Kultura, Communication Desarrollo KCD GGKEko zuzendariak.

Izan ere, pandemiak berak eragina izan du Bizkaiko erakunde honek azken hamarkadan antolatu duen zinema jaialdi berezian. Baina covid-19aren eraginez urte zaila igaro ondoren, itzuli da Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia, ikusleekin urtero duen hitzordua, jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kulturartekotasuna eta giza eskubideak aldarrikatzen dituen zinemaren erakuslehioa.

Gazteeen artean

Pandemiak lehendik ere hor zeuden beste arazo batzuk areagotu egin ditu egoera honek: genero-indarkeria, migrazioak, behin eta berriro mezu katastrofistak bidaltzen ari zaigun klima-aldaketa, etengabeko gerrak eta gatazkak... «Alabaina, zenbait jende eta talde prest daude eredu positiboak sustatzeko hainbat alorretan: genero-berdintasuna, gizartea, politika, ingurumena, ekonomia, bizikidetza, justizia soziala eta ingurumenarekiko errespetua. Kausa horiek ikusgai bihurtzeko eta haien helburuak lortzeko, iritzi publikora iritsi behar dugu, eta gizarte-eraldaketaren aldeko lobby politiko bat eratu», aipatu du Vazquezek.

«Hori baitu helburu Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezina jaialdiko filmen proiekzioek, zeinari Euskadiko lanbide-heziketako eta batxilergoko ikasleek egindako lanak gehitu behar baitzaizkio». Urriaren 4an hasi ziren filmen emanaldiak institutuetan, baina publiko orokorrarentzako data ofiziala urriaren 14tik 21era bitarte da, Bilboko Alondegiko Golem aretoetan. Beste leku batzuetan ere atariko proiekzio eta emanaldi paraleloak egitekoak dira; besteak beste, Mungian eta Getxon.

Mila lanetik gora jaso dira 13. zinemaldi honetarako, eta haietatik %34 emakumeak zituzten zuzendari edo zuzendarikide. Aurkeztutako 1.026 proiektuetatik 81 hautatu dira, 45 herrialdetan eginak. Emakumeek egindako filmen ehunekoa %53koa da. Bestalde, ‘Ikasleen Klaketa’ proiektuan Bizkaiko institutuetako ikasleek telefono mugikorren bidez egindako Zinema Sozialeko 5 film labur proiektatuko dira lehiaketatik kanpo.

Guztira, 500 proiekziotik gora egingo dira, 25 aretotan. Bilbon ez ezik, Barakaldon, Elorrion, Erandion, Galdakaon, Gernikan, Getxon, Iurretan, Leioan, Mungian, Portugaleten, Sestaon eta Gasteizen ere izango da emanaldirik. Proiekzioak egingo diren lekuetatik lanbide-heziketako eta batxilergoko institutuak dira 14.

Inaugurazioa eta emanaldiak

Inaugurazio-ekitaldia ostegunean izango da, 19.30etik aurrera, Bilboko Alondegiko Azkuna Zentroan, txalapartariak (3 Taula) eta bertsolariak (Iruri Altzerreka Martínez eta Irune Basagoiti Agirre) bertan direla. Burkina Fasoko artista bat (Adama Guindo) ere arituko da ekitaldian, harparen eta lautearen arteko nahasketa den Ngoni instrumentua jotzen.

Amaiera-ekitaldia ere Bilboko Alondegiko Azkuna Zentroan izango da, hilaren 21ean, arratsaldeko 19.30ean. Hamaika sari banatuko dira ekitaldi horretan (19.500 euro, guztira), eta Ikusezina Express lehiaketa irabazten duten bi film laburrak proiektatuko dira. EHUko 200 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte lehiaketa horretan. Aurten, gorrotozko delituak izan da lehiaketako gaia. Ekitaldiaren amaieran, Izaro kantari bizkaitarrak abestuko du. Hemen zuzenean jarraitu ahal izango da.

Ikusgai izango diren filmetatik, 23 fikziozkoak dira; 53, dokumentalak, eta beste 5, animaziozkoak. Euskaraz eginak dira hautatutako lanetatik 7; beste 12, berriz, Afrikatik iritsi dira. Azpitituluak dituzte film gehienek.
 
Ohiko ordutegia berreskuratu du aurten jaialdiak, Bilboko Golem zinema-aretoetan bederen. Arratsaldeko 17.00etan eta 19.00etan eta iluntzeko 21.30ean izango dira emanaldiak eta haien ondoren zuzendariekin egingo diren foroak (klasikoak jada, eta estimatuak).

Senegaleko egoera

Hogei bat zinemagile etorriko dira, foro eta eztabaidetan parte hartzera. Aurten, Senegalgo Saliou Sarr zuzendariaren ‘Doxandem’ dokumentalaren aurkezpena ere egingo da. Mamadou Dia idazle eta ekintzaile senegaldarrak bere sorterrira, Gandiolera, itzultzeko izandako gorabeherak kontatzen ditu dokumentalak.

Bestalde, zenbait mahai-inguru egingo dira Afrikako artearen eta kulturaren gaineko narratiba berriei buruz Golem zinema-aretoetan, Deustuko Unibertsitatean eta Getxoko Muxikebarrin. Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ekitaldi-aretoan, berriz, ‘Descendents’ filma proiektatuko da, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen laguntzarekin.

Kultura, Ondarea eta Garapen Jasangarria izeneko topaketa ere egingo da jaialdiaren barruan. Kubako Habana Hiriko Historialariaren Bulegoko hiru espezialistak eta Senegalgo Saint Louis hiriko beste hiruk hartuko dute parte topaketan.
Komunikazioa eta kultura ezinbesteko tresnak dira, KCD GGKEn iritzian, herritar kontzienteak eta denon ongizatearekin konprometituak hezteko. Jaialdia, berriz, ezinbesteko hitzordua da Zinema Soziala eraldaketa-tresna gisa ikusten duten guztientzat, asteazken honetan Bilbon eskainitako prentsaurrean Vazquez Velascok adierazi duenez.