NAIZ

1,6 milioi musuko inguru banatu dituzte doan Nafarroan

Osasun Sailaren eta Farmazialarien Elkagoaren hitzarmen bati esker, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden 12.000 pertsonari baino gehiagori musukoak dohainik eman dizkiete Nafarroan 2020ko azaroaren 15etik 2021eko urriaren 1era arte.

12.000 nafarri eman dizkiote maskarak doan hilabeteotan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
12.000 nafarri eman dizkiote maskarak doan hilabeteotan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nafarroako farmazia-bulegoen sareak 1.591.400 maskara banatu ditu doan, osasun txartelaren bidez. Egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden 12.000 pertsona inguruk jaso dituzte.

Osasun Sailaren eta Farmazialarien Elkargoaren arteko itun baten emaitza izan da musukoak dohainik eskaintzea. Bi erakundeak kontent azaldu dira programa honekin, kolektibo ahulenek maskarak erabili ahal izatea lortu dutelako. Egoera epidemiologikoa hobetu zela-eta, bertan behera utzi zuten ekimena joan den urriaren 1ean.

Ordura arte botikek bost hilabetero 50 maskarako kaxa bat eman zieten doan ezarritako baldintzak betetzen zituzten pertsonei, errezeta elektroniko baten bidez. Pentsio ez-kontributiboak jasotzen dituzten 45 urtetik gorako pertsonak, langabezia kobratzeko eskubidea galdu duten langabeak, ezintasunen bat duten lagunak eta gizarte inklusiorako errentak jasotzen dituztenak daude onuradunen artean. 45 urtetik beherako guraso bakarrei ere eman dizkiete maskara hauek.

355 antigeno test izan dira positibo

Bestetik, botiketan salgai dauden antigenoen autotestetatik 355 izan dira positibo momentuz. Hala baieztatu dute PCR bidez. Abuztu, irail eta urrian detektatutako kasuen %3,6 dira.

Proba hauek erabiltzaileak berak egiten ditu etxean ala farmazian. Positibo emanez gero zuzenean sartzen dira osasun sisteman covid-19a izan dezaketen kasu susmagarri gisa eta baieztatzeko probak egiteko deitzen diete.