Andoni Arabaolaza

Bi hankak ez dituen Rustam Nabiev errusiarrak Manaslu igo du

Joan den urriaren 2an, 28 urteko errusiarrak Nepalgo zortzimilakoa besoen laguntzarekin eskalatu zuen. 35 eguneko espedizioan, azken ekinaldiak bost eguneko lana eskatu zizkion.

Rustam Nabievek iazko irailean Europako mendi garaiena, Elbrus (5.642 m) eskalatu zuenean, mendizaleen kolektiboa (gizarte osoa ere) ahoa bete hortz utzi zuen. Irudiak ikusterakoan, ohartu ginen errusiarrak besoen laguntzarekin jarduera hori egin zuela. Gogoratu behar dugu, 2015. urtean bi hankak moztu zizkiotela. Garai haietan militarra zen. Siberian zela, lo egiten ari zen kaserna erori zen. Ezbehar horretan 42 militarretik 23 zendu ziren eta beste 19k zauriak jaso zituzten. Horietako bat Nabiev izan zen. 

Nahiz eta bi hankak galdu zituen, militar izandako honek, ariketa fisikoa alde batera utzi ordez, gogor entrenatu eta bere “mugak” gainditzen jardun zuen. Alpinismoaren aldeko apustu sutsua egin eta gero, aipatu dugun bezala, Elbrus igotzea lortu zuen.

Azpimarratzekoa den eskalada hori egin ondoren, errusiarrak aurreratu zuen zortzimilako bat igotzen saiatuko zela. Helburuen artean Cho Oyu eta Manaslu zeuden. Azken zortzimilako hori izan da esku artean izan duen erronka. Eta joan den 2an, konprenitzeko zaila bada ere, arrakasta lortu eta tontorra zapaldu zuen. 

Alpinista honek adierazi du Manaslun (8.163 m) egin duen espedizioak 35 egun iraun dituela, eta kanpaleku nagusian zeuden beste mendizaleen errezeloekin erabat harrituta geratu dela. Girora egokitu ondoren, azken ekinaldian buru belarri sartu zen. Eta bost eguneko eskalada egin eta gero, munduko zortzigarren mendi garaienaren gailurra poltsikoratu zuen. 

50 ordu

Beste desgaitu batzuk ez bezala, Nabievek ez du mendiko jardueretan protesirik erabiltzen. Laguntzaile bakarrak besoak ditu, eta, protagonistak berak aurreratu duenez, 50 orduko eta 35 kilometroko igoeran bi piolet erabili zituen. 150.000 kolpe izan ziren!

Manasluko tontorra erdietsi ondoren, Nabievek honako hausnarketa egin du: «Nondik atera ditut indarrak? Hau guztia egitea posible al da? Nola eutsi diot jarduera osoari? Inork ez zuen nire xedean sinetsi. Inguruan nituen mendizale guztiak oso eszeptikoak ziren; batez ere profesionalak. Hauek zioten askoz jota lehen kanpalekura iritsiko nintzela. Jolas moduko bat zela. Baina ez nien jaramonik egin. Neure buruarekin erabateko segurtasuna eta konfiantza ditut. Badakit gaitasuna dudala izaera honetako eskaladak egiteko, eta indar guztiekin helburua sinatzea lortu dut».

Igoera guztian ez zuen ezustekorik izan. Nahiz eta une jakin batzuetan zalantzak azaldu ziren, 28 urteko errusiarrak ez zuen etsi: «Neure buruari hiru alditan esan nion jarduera hori zaila zela. Ahultasun une horiek oso azkar uxatu nituen, eta eskaladarekin jarraitu nuen. Tontorra zapaldu nuenean, ez nuen negar egin. Emozioak desagertu ziren. Egindakoaz ez nintzen jabetu. Munduko zortzigarren mendi garaienaren gailurrean nintzen, eta soilik nire besoen laguntzarekin eskalatu nuen. Kanpaleku nagusira heldu nintzenean, orduan bai, negar egin nuen. Arrakastaren giltza eginiko lana izan zen. Itzela, benetan!».