EAJri eta PSEri Zornotzako Forjas jauregiaren eraisketa ekidin zezaketela leporatu diete

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu dute EAJk eta PSEk Zornotzako Forjas Jauregiaren, Munarri gaztetxea zenaren, eraisketa ekidin zezaketela. 

EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko udal ordezkariak Forjas jauregiaren hondakinen aurrean egindako prentsaurrekoan. (Monika DEL VALLE/FOKU)
EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko udal ordezkariak Forjas jauregiaren hondakinen aurrean egindako prentsaurrekoan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Ostegun honetan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk agerraldi bateratua egin dute oraintsu arte Munarri gaztetxea zenaren hondakinen aurrean, Zornotzan. Hondeatzaileak lanean ibili diren bitartean, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko udal bozeramaileek salatu dute EAJk eta PSEk Forjas jauregiaren eraisketa saihestu zezaketela, edo gutxienez urtebete atzeratu, eta ez dutela horretarako ezer egin.

«EAJren eta PSEren udal Gobernuak Forjas jauregia eraistea saihesteko alternatibak eta legezko tresnak izan ditu eskura, baina ez ditu erabili. Nahiago izan du eraikin historiko hori bertan behera utzi, ondare historiko izendatu eta Amorebieta-Etxanoko bizilagunen eskura jarri beharrean», azaldu du Zornotzako EH Bilduko bozeramailea den Ander Uriartek.

Testuingurua are gehiago zehazteko, Uriartek esplikatu du Forjas eraikinaren jabea VUSA eraikuntza enpresa zela. Honek 2017an hasi omen zituen eraikina eraisteko izapideak eta 2020ko urrian Udaleko Hirigintza sailak horretarako baimena eman ziola.

Baimen hori emanda, «EAJk eta PSEk ez zuten 2015eko Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakina errespetatu», salatu du Uriartek. Aurrerakinak Forjaseko eraikina ondare historikoa izendatu zuen eta, hortaz, babesa zuen eraitsia ez izateko.

Gerora, Zornotzako Elkarrekin Podemoseko bozeramailea den Alba Gutierrezek zehaztu du baimen horrekin «urratu» egin dutela Gasteizko Legebiltzarrak 2019an onartutako Kultura eta Ondarea Babesteko legea: «Araudi horren arabera, erakundeek lehentasuna eman behar diote kultura-ondareak babesteari, enpresek edo herritarrek izan ditzaketen interes partikular edo espekulatiboen gainetik».

Eraikinaren babeserako neurri hauek hartuta egon arren, HAPOko, Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko, behin betiko onarpena oraindik egiteke zegoela adierazi du Uriartek. Horrela, HAPOren prestaketa eta onarpena 2015ean hasi zen eta Forjas jauregiaren babeserako proiektua prest zegoen. Beraz, Udalean eztabaidatuta zeukaten arren, ez zeukaten onartuta eta tramite legal hori izan omen da, Uriarteren aburuz, eraikinaren eraisketa «legalki ahalbidetu» duena. «HAPOren atzerapena izan da eraikin hau, gaur, botata egotea eragin duena», zehaztu du.

Horretaz gain, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileek Forjas eraikina defendatzeko hartu zituzten neurriak gogorarazi dituzte, nahiz eta ezin izan zuten eraisketa ekidin. Besteak beste, Lakuako Gobernuko Kultura Ondarearen Zuzendaritzan eraikina babesteko eskaera egin zuten eta, gero, eskaera hori Batzar Nagusietan eta Udaletan erregistratu.

Errepikatu ez dadin

Etorkizunari begira, Zornotzako ondare kulturala diren eraikin gehiagoren eraisketa ekiditeko xedez, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko udal bozeramaileek aurreratu dute «presaz» eta «lehenbailen» jardungo dutela Udalean ondare kulturala bihurtzeko tramiteetan dauden eraikinen onarpenak lortzeko eta «babesteko». Izan ere, Durangaldeko herrian ia 200 monumentu eta eraikin daude ondare kultural izendatzeko bidean.

Salaketa publikoaz gain bide judiziala hartzeko asmoa ote duten galdetuta, Gutierrezek azaldu du epaitegietara jo aurretik eraisketa lizentzia «zein egoeratan» egon den eta guztiz legezkoa izan den edo ez ondo «aztertu» behar dutela.