NAIZ

Rahmek bere profesional ibilbideko bigarren txartel eskasena egin du Valderraman

Jon Rahm ez da oso ondo hasi Andaluziako Masters txapelketan. Lehen egunean parearen gainetik 7 kolpera bukatu du eta beraz, sailkapenaren burutik oso urrun kokatzen da Barrikako golf jokalaria. Munduko sailkapenean lehen postuan kokatuta dagoela iritsi da Valderramara. 

Jon Rahm, Ryder Cupeko lehia betean. (Mike EHRMANN / AFP)
Jon Rahm, Ryder Cupeko lehia betean. (Mike EHRMANN / AFP)

Egun munduko golf jokalari onena den Jon Rahmek –hala dio munduko sailkapenak– hasiera traketsa izan du Valderraman (Cadiz) jokatzen den Andaluzia Masters txapelketan, zeina Europako zirkuituaren barnean dagoen. 

Lehen jardunaldi honetan, parearen gainetik zazpi kolpera bukatu du Barrikako golf jokalariak, 78 kolpe behar izan ditu jardunaldia burutzeko, alegia. Igandera bitartean jokatuko den txapelketa honetan hasiera makala egin ostean, datozen egunak erabakigarriak izango dira bizkaitarrarentzat. 

Ostegun honetan, ibilbidearen lehen zatian asko trabatu da Jon Rahm bost 'bogey' eta 'bogey' bikoitz eginda. Ondoren, bidea hobetzen saiatu da baina nolanahi ere, ezinezkoa izan zaio parearen gainetik ez bukatzea. 

Oraindik jardunaldia bukatzeke dagoela, Julien Guerrier frantziarra da liderra eta bigarrena Rafael Cabrera Bello kanariarra da –egungo Espainiako txapelduna–, eguna 68 kolperekin bukatuta (-3).

Jon Rahm, munduko sailkapenean lehena izateagatik, faborito argia zen txapelketa honetan baina atarikoan garbi esan zuen Valderramako zelaia «konplikatua» zela eta edozein «ahultasun agerian» uzten duen zirkuitua dela. 2019ko edizioan, bigarren postuan bukatu zuen Barrikakoak, Christiaan Bezuidenhout hegoafrikarraren atzetik.