NAIZ

Elena Odriozolak irabazi du Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren sari nagusia

Elena Odriozolak irabazi du Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazio Biurtekoaren Sari Nagusia ‘Sentimientos encontrados / Etxean barrena’ libururako egindako ilustrazioengatik. Euskal egile batek sari garrantzitsu hau eskuratzen duen lehen aldia da.

‘Etxean barrena’ libururako Elena Odriozolak egindako irudi bat. (GALTZAGORRI ELKARTEA)
‘Etxean barrena’ libururako Elena Odriozolak egindako irudi bat. (GALTZAGORRI ELKARTEA)

Elena Odriozolak orain jasotako saria, Grand Prix izenekoa, mundu mailan haur liburu ilustratuei ematen zaien sari ospetsuenetariko eta zaharrenetarikoa da eta Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren baitan ematen da bi urtez behin. Biurtekoa haurrentzako eta gazteentzako liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa entzutetsua da eta Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, Unescoren Eslovakiako Batzordeak eta Haurrentzako Nazioarteko Arte Etxeak antolatzen dute.

Elena Odriozola donostiarra euskal ilustratzaile ezagunena eta seguruenik sarituena da. Iaz, ZAZPIKARI eskainitako elkarrizketan, bere ibilbideari buruz mintzatu zen.

Brastilavan bildutako nazioarteko adituek osatutako epaimahai batek erabakitzen ditu haur eta gazte liburuen ilustrazioen saridunak zein izango diren. Aurten, Galtzagorri elkarteak ostiralean aditzera emandakoaren arabera, epaimahai hori honakoek osatu dute: Brenda Dales (AEB); Victoria Fomina (Errusia); Renata Fucikova (Txekiar Errepublika); Orna Granot, (Israel); Manuela Vladic Mastruko (Kroazia); L’uboslav Paľo (Eslovakia); Emese Revesz, (Hungaria); Javier Zabala, (Espainia); eta Mingzhou Zhang, (Txina, IBBYko presidentea).

Osasun egoera tarteko, bilera guztiak online egin behar izan dituzte ordea. Saria gaur bertan eman dute jakitera Bratislavako Gazteluan. Streaming bidez ere jarraitu ahal izan da.

‘Etxean barrena’, euskaraz

Ediciones Modernas el Embudo argitaletxe sortu berriaren lehendabiziko alea izan zen Gustavo Puerta Leisse eta Elena Odriozolak elkarlanean sorturiko ‘Sentimientos encontrados’ (2019). Kaleratu eta berehala, Juan Kruz Igerabideren itzulpenari esker, ‘Etxean barrena’ izenburuarekin euskaraz Denonartean-ek argitaratua izan da.

Hamar urte pasatu zituzten bi egileek liburu hau ontzen. Bertan, liburuan agertzen diren zazpi pertsonaiekin jolasten duen bitartean, irakurlea zer sentitzen ari den pentsatzera eramango duen hausnarketa ilustratu bat egiten dute egileek. Horretarako, testu filosofiko klasikoak hartzen dituzte oinarri eta irudi bidez familia baten eguneroko gertaerak kontatzen dira.

Bratislavako Biurtekoaren epaimahaiko kideek liburu honen izaera esperimentala nabarmendu dute, irakurketa mota ezberdinak baimentzen dituena. Hari narratibo anitzak sortzeko ilustrazioaren erabilera ere azpimarratu dute.

Bere orrialdeetan haur baten jaiotza eta amona baten heriotza ikusten ditugu, baita egunerokoak diren irudiak eta ñabardurak ere. Orrialdea osatzen duen bineta bakoitzak bere sentimendu eta hausnarketak ilustrazioan proiektatzeko aukera ematen dio irakurleari.

Liburuak beste aipamen batzuk ere jaso ditu jada, hala nola: Municheko Nazioarteko Liburutegiak argitaratzen duen White Ravens katalogoan aipatua izan zen 2020an eta Banco del Libro erakundeak (Venezuelako IBBY) egin zuen 2020ko Liburu Onenetan Kontzeptu Berritzailea aipamena eskaini zion.