NAIZ

Eraikuntza sektoreko bi langile hil dira Urnietan eta Amurrion

Eraikuntza-sektoreko bi langile hil dira ostiral honetan Urnietan eta Amurrion gertatutako lan istripu banatan. 59 eta 54 urte zituzten, hurrenez hurren. ELAk eta LABek egun eraikuntza sektoreko langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu dute.

Urnietako kiroldegia. (ELA SINDIKATUA)
Urnietako kiroldegia. (ELA SINDIKATUA)

Eraikuntza sektoreko bi langile hil dira ostiral honetan Euskal Herrian. Lehenengo istripua Urnietako kiroldegiko berritze obretan gertatu da eta 59 urteko gizon bat hil da; bigarrena, Amurrioko etxebizitza bateko obretan eta 54 urte zituen behargin autonomoak.

Urnietako langilea goizaldean hil da herriko kiroldegiko berritze lanetan izan den istripuan; hain zuzen, Miguel Imaz enpresa ari da berritze lan horiek egiten Udalak esleituta, eta zendu den langileak Pavimentos Tecnologicos Zarra enpresarentzat egiten zuen lan, ELA sindikatuak jakinarazi duenez.

Antza denez, hormigoia botatzeko lanetan ari ziren obran eta ikertzeke dauden arrazoiak medio, kamioiaren besoetako batek oreka galdu eta luma mugitu du; horrek 59 urteko langilea kolpatu eta heriotza eragin dio.

Bigarren ezbeharra Amurrion gertatu da, ‘Aiaraldea’ hedabideak jakinarazi duenez, eta hemen ere eraikuntza alorreko langile autonomo bat hil da, etxebizitza bateko obretan. Istripua goizeko 10.30ean gertatu da eta larrialdi zerbitzuak hara bertaratu arren, ezin izan dute 54 urteko langilearen bizia salbatu. Osalanek heriotza argitzeko ikerketa abiatu du.

Heriotza hauekin, dagoeneko 51 pertsona zendu dira gutxienez 2021ean Euskal Herrian lanean. «Baina odoluste horren aurrean, badirudi inork ez duela ezer esaten, ez Urnietako Udalak obraren sustatzailea izan arren eta bertako langileen osasuna eta bizitza bermatzeko eginbeharra izan, ezta Amurrioko kasuan ere, altueratik erortzeak eragindako laugarren lan-istripu hilgarria izan arren», adierazi du LABek.

«Hildakoen senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun sektore honetako langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke», salatu du ELAk, ikerketa bana eskatzearekin batera.

Gainera, adierazi du «etengabeko lege-urratzeak bai lan eta baita prebentzio legedian, lan baldintza ezin gogorragoei eta lan hauetan jasaten duten presioari gehituta, ezbeharrak gertatzeko koktel perfektu bilakatzen direla, kasu honetan gertatu den moduan». «Estatistika triste horien atzean, egoera tamalgarrietan lan egitera behartuta dauden langileek pairatzen duten erabateko lan-prekarietatea dago, haien osasuna eta bizitza arriskuan jarriz. Egoera honek bai patronalaren eta baita erakundeen ibilbidean aldaketak sortarazi beharko luke», gehitu du.

Bere aldetik, LAB sindikatutik ere euren elkartasun eta babes osoa adierazi diete hildako langileen senideei eta eraikuntza sektoreko egoera salatu dute, «industriarekin batera historikoki sektore arriskutsuenetako bat kontsideratu izan dena».

«LAB sindikatuak argi utzi nahi du lan heriotzen odolustea egiturazko arazo bat dela, ez sektoreka aztertu daitekeen arazo huts bat. Izan ere, lan heriotzak nonahi gertatzen dira, eraikuntzan oraingoan, baina ardogintzan, arrantzan, basogintzan, lanerako joan-etorrietan, modu ez traumatikoan eta lan gaixotasunen ondorioz ere baditugu zorigaiztoko adibideak, bai aurten eta baita azken urteetan ere. Eta ez da zori kontua, prekaritatea da», adierazi du.

Mobilizazioa astelehenean Amurrion eta asteartean Urnietan

Zentzu honetan, sektore guztietan hedatuta dagoen sarraskiarekin bukatzeko, premiazko neurriak exijitu ditu. «Administrazioek arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute behingoz, lehentasunez. Beste alde batera begiratzeari utzi behar diote. Ezin dugu horrela jarraitu. Langile klasea nazkatuta dago», aldarrikatu du LABek.

Horrela, datorren astelehenean, urriak 18, Amurrion, Aiaraldeko Greba Batzordearekin batera mobilizazioa deitu dute, 18:30ean Herriko Plazan eta asteartean, urriak 19, Urnietan 13:00etan, udaletxearen aurrean.