Andoni Arabaolaza

Asier Larruzea bizkaitarrak Traileko Espainiako Kopa irabazi du

Atzo jokatutako Los Tajos Skyrace lasterketan, korrikalari gueñestarra bigarren postuan sailkatu zen. Lortutako puntuei esker, lineako erregulartasunaren zirkuituarekin egin da. Lide Urrestarazuk, berriz, sailkapen orokorreko hirugarren postua sinatu du.

Mendi lasterketen Espainiako Kopak, lineako modalitatean, atzo zuen laugarren eta azken hitzordua. Euskal ordezkariei dagokienez, aurreko probetan pilatutako puntuei esker, Fedme-k antolatutako erregulartasunaren zirkuitua irabazteko Asier Larruzea faborito nagusia zen. Eta gueñestarrak ez zuen hutsik egin.

Los Tajos Skyrace (Malaga) lasterketa izan zen egoitza, eta, denera, goizeko 8:30ean 500 korrikalari prest ziren Alhaurin el Grande izeneko mendilerroan prestatutako 32 kilometroko eta 2.200 metroko goranzko desnibela zituen ibilbideari aurre egiteko. Nahiz eta probaren hasieran 16º zituzten, orduek aurrera egin ahala tenperaturak gora egin zuen.

Espainiako Koparen azken lehia zenez, irteera puntuan urduritasuna nagusi izan zen. Alabaina, lehen kilometroetan zituzten aldats gogorrek egoera erabat irauli egin zuten. Gizonezkoen kategoriari dagokionez, lehen sailkatuen artean lehia estuak bizi izan ziren. 15. kilometroan, adibidez, lasterketaren buru Raul Ortizek solik bi segundoko aldea ateratzen zion Larruzeari.

Puntu horretatik aurrera gauzak ez ziren asko aldatu. Azken jaitsiera gogorra eta luzean Ortizek erritmoari ondo eutsi zion, eta helmuga puntuan lehena izan zen 2:58:28 denborarekin. Bizkaitarra bigarren sailkatua izan zen irabazlearengandik minutu bat eta 35 segundora. «Nire estrategia proba guztia kontrolatzea izan da; horretan saiatu naiz. Zoritxarrez, azken zatian abduktoreekin arazoak izan ditut, eta horren ondorioz erritmoa mantsotu behar izan dut. Lasterketa gogorra izan da». Hirugarren sailkatua, berriz, Raul Criado izan zen.

Sandra Sevillano, bigarren

Emakumezkoen mailan, bestalde, euskal ordezkariek protagonismoa izan zuten. Batez ere, Sandra Sevillanok. Santurtziko korrikalaria sasoiko iritsi zen Los Tajos Skyrace lasterketara, eta, irabazteko aukerarik izan ez bazuen ere, azpimarratzekoa den bigarren postua lortu zuen. Patricia Pinedo andaluziarra nagusitu zen 3:33:04 denborarekin. Korrikalari santurtziarrak, berriz, bigarren postuan amaitu zuen Pinedorengandik zortzi minutura. Hirugarren postuaren giltza azken jaitsiera izan zen. Bi lasterkarik postu hori lortzeko gogor borrokatu zuten: Ikram Rharsall-ek eta Lide Urrestarazuk. Azkenean, andaluziarrak indartsu bukatu zuen, eta helmugan hirugarrena izan zen. Ordiziarrak, beraz, laugarren postuarekin behar izan zuen konformatu..

Espainiako Kopak, beraz, Andaluzian amaiera izan zuen. Eta aurreratu dugun bezala, jokatu diren lau probetan pilatutako puntuei esker, Larruzeak lineako modalitatean titulua eskuratu du. Nahiz eta, atzoko proban podiumik ez erdietsi, Urrestarazu sailkapen nagusiko brontzearekin egin da. Azkenik, taldekako sailkapenean, Nafarroako Zortzietakoak podiumaren hirugarren kutxara igo ziren.