NAIZ

Aietek ireki zuen «aukera paregabea» larunbat honetan Donostian sendotzera deitu du Sarek

Aietek «aukera paregabea» ireki zuela nabarmendu du Sarek, baina aukera hori soilik «neurri batean» probestu dela iritzi du. Ondorio guztiei heldu eta espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko», larunbatean Donostian eginen duten manifestazioarako azken deia egin du.

Sarek Donostian egin du urriaren 20ko irakurketa eta larunbateko mobilizaziorako deia. (Jon URBE/FOKU)
Sarek Donostian egin du urriaren 20ko irakurketa eta larunbateko mobilizaziorako deia. (Jon URBE/FOKU)

Urriaren 20aren testuinguruan bere irakurketa partekatu du gaur goizean Sarek Donostian eta, era berean, larunbatean deitutako manifestazioan parte hartzeko azken deia egin du.

Asteazken honetan beteko dira hamar urte ETAk bere jarduera armatua bertan behera uzteko erabakia iragarri zuenetik. «Hamar urte, herri honen errealitatea aldatu zenetik, aukera paregabea zabalduz aurrera egiteko, bai bizikidetzan eta bakean, baita aurreko hamarkadetan metatutako sufrimenduarekiko eta pertsona guztien giza eskubideekiko errespetuan», adierazi dute Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek gipuzkoar hiriburuan. Hala ere, aukera hori «neurri batean» probestu dela iritzi du Sarek, «oraindik ere eskubideen urraketak baitaude, bai espetxe politikan, bai biktima guztien aitortzan».

Zentzu horretan, «ondorio guztiei» heltzeko beharra nabarmendu dute Azkarragak eta Atxak, «benetan bizikidetzarako bidean aurrera egin nahi badugu». «Inork ez zuen espero, hamar urte hauek igaro ondoren, jada desagertuta dagoen erakunde horretako kide izan ziren euskal presoak oraindik ere bizi duten eskubideen urraketaren aurrean konponbide justurik gabe egotea, urraketa horrek Europako demokrazien parean kokatu nahi duen estatu demokratiko batean lekurik ez badu ere», gehitu dute.

Egon diren aurrerapenak onartu ditu Sarek, eta «espetxe politikaren aldaketaren hasieraz hitz egin dezakegula» azpimarratu, baina ETAren ekinbidearen amaiera, «salbuespen legediaren amaierak ere ekarri behar zuela» defendatu du. «Duela 10 urte esan izan baligute gaur egun presoen %56 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan egongo zirela, haien etxeetatik batez beste 250 eta 600 kilometro arteko distantziara, ez genukeen sinetsiko. Zergatik egin behar dituzte preso horien senideek halako bidaia luzeak presoak hona ekartzeko aukera baldin badago?», galdetu dute.

104 preso daude oraindik Euskal Herritik kanpoko espetxeetan, Sarek eman dituen datuen arabera, eta «gehienek, hiruzpalau kenduta, Euskal Herriko espetxeetara aldatzeko eskatu dute, edo eskaera hori izapidetzen ari dira». Espetxeetako araudiaren arabera, eskabide horiek espainiar Gobernuak onartu eta ondoren Lakuak onartu behar ditu. Sarek «konfiantza» azaldu du Lakuaren jarreraren aurreran eta ez du uste ukatuko dituenik.

Datu gehiago ere eman dituzte: 10 preso baino ez daude espetxeko hirugarren graduan, eta hiru heren baino gehiago –70 preso inguru– egon beharko lirateke egoera horretan. Eta 52ri baldintzapeko askatasuna eman beharko liekete. «Horrek esan nahi du espainiar Estatuko espetxeetan gainerako presoen %93 lehen gradutik hirugarrenera normaltasun osoz pasatzen bada ere, euskal presoak salbuespena direla oraindik ere, eta soilik %6k egin duela bide hori osorik».

Era berean, %90ak espetxeko baimenak hartzeko eskubidea du, horretarako ezarritako kondenaren zatia betea baitute. «Baina ez zaie baimenik ematen», azpimarratu du Sarek. «Audientzia Nazionalak ezartzen duen blokeoa jasaten ari gara, tratamendu batzordeen erabakiak errekurrituz eta edozein aurrera pauso blokeatuz», salatu du, «justizia eta bihozberatasuna» eskatzearekin batera.

«Espetxe politikaren aldaketa hori sendotzeko premiaren aurrean gaude. Ezin dugu egoera hau gehiago luzatu. Izan ere, igarotzen den egun bakoitzean, 24 orduz gehiago urratzen dira eskubideak», nabarmendu dute Atxak zein Azkarragak.

Larunbatean 17.00etan Antiguatik

Horretarako gizartea kalera ateratzea eta alor sindikaleko, politikoko eta sozialeko kidegoa ere modu aktiboan inplikatzea «beharrezkoa» dela gehitu dute.

Eta bide horretan kokatzen dute larunbat honetan, urriaren 23an, Donostian bertan deitu duten manifestazioa, zeina 17.00etan, Antiguako tuneletatik abiatuko den. Jakinarazi dutenez, bertan izanen dira Kataluniako hainbat preso ohi eta baita Gatibu taldeko kideak ere, amaiera ekitaldian parte hartzeko.