Asier Robles

Euskararen erabilpenari buruzko hausnarketa dakar Etxegoienen ‘Totelak’ fikziozko eleberriak

Fermin Etxegoienek kutuntzat dituen hainbat gai aztertu ditu gaur aurkeztu duen eleberrian: euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika edo mikro-geografiak. Eleberri hibridoa dugu ‘Totelak’ (Erein), fikzioa eta saiakera uztartzen dituena.

Fermin Etxegoien Uribeetxeberriak ‘Totelak’ (2021, Erein) eleberria aurkeztu du. (Maialen ANDRES/FOKU)
Fermin Etxegoien Uribeetxeberriak ‘Totelak’ (2021, Erein) eleberria aurkeztu du. (Maialen ANDRES/FOKU)

Fermin Etxegoien Uribeetxeberriak ‘Totelak’ (2021, Erein) eleberri hibridoa aurkeztu du astearte goiz honetan Donostiako Udal Liburutegian. Ezohiko bidaia liburua da ‘Totelak’, espazioan ez ezik, denboran ere bestelako bideak hartu baititu autoreak.

Hasteko, Inazio Mujikak, Erein Argitaletxeko editoreak, azaldu ditu idazle eta kazetari oñatiarraren azken obraren nondik norakoak. Eleberri «hibridoa» dela nabarmendu du, fikzioa, saiakera eta kazetaritza uztartzen dituena, «euskal literaturan ohikoa den auto-pertzepzio ariketaren generoa (nor-gara-gu-zer-gara-gu) ezohiko eremuetara eramateko».

Istorioa St. Moritzen (Suitza) Maserati gorri batean bidaiatzen ari den bikote batekin hasten da. Emakumeak bularreko minbizia itxuraz gainditu duela ospatu nahi dute eta Thomas Mann-ek ‘Mendi Magikoa’ eleberrian ezagutzera eman zuen ospitalea ere bisitatu nahi dute. Burutazio bikaina etorriko zaie bidaian, euskalgintzari onura ekonomiko handia ekar liezaiokeena.

Bestetik, Santanderren kalean jotzen ari den musikari frustratu baten bueltan hausnarketa egiten du Etxegoienek bere liburuan. «Ezustean, harreman estua izan beharko du euskal musikari famatu batekin eta bizitza aldatuko zaio», azaldu du aurkezpenean.

Euskara

Mujikak azpimarratu duenez, hau da ‘Totelak’-en gatazka gune nagusia: «Euskal kultura garaikidean ageri diren errealitate mugatzaileak eta fikziozko pertsonaien jarrera kontrajarriak haien aurrean».

Izan ere, euskara eta bere erabilpenari buruzko eztabaidak garrantzia handia du eleberrian. «Euskalduna da… bere aukera linguistikoen gainetik bizitzen saiatzen dena. Gure inkontziente kolektibo linguistikoa oso erdalduna da eta erdaraz edozein erregistro onartzen dugu, euskaraz ez bezala, non ia edozerk kanporatzen gaituen narraziotik», dio Etxegoienek sinopsian.

Bertan, idazleak kutuntzat dituen hainbat gai aztertu ditu larritasuneraino: euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika, mikro-geografiak. «Ruperzale» guztientzat liburu «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Mujikak, baina beste euskal musikari gehiago ere ageri dira.

Fermin Etxegoien

Fermin Etxegoien Uribeetxeberria (Oñati, 1966) kazetaria eta idazlea da. 2004an argitaratu zuen bere lehen liburua Pamiela argitaletxearekin, ‘Neurona eta Zeurona’ saiakera. Bost urte geroago ‘Autokarabana’ (2004, Pamiela) eleberriarekin eman zen ezagutzera narratiban. Euskadi Literatur Saria eta Kritika Saria eman zizkioten. Beste bi eleberri ditu argitaratuak orain arte: ‘Zinegotzia’ (2013, Erein) eta ‘Urpekariak’ (2015, Erein). Bestalde, 2014an ‘Eutsiko diogu?’ elkarrizketa liburua argitaratu zuen.

Baina kazetari lanean ere dihardu. Zuzendu dituen azken dokumentalak, ‘Eusten’ (2020), covid-19aren izurriteaz, eta ‘Egunak eta Lanak’ (2019), Euskaltzaindiaren mendeurrenaz, izan dira. Telebistako hainbat saiotan ere egin du lan: ‘Autentikoak’, ‘Ur Handitan’, ‘Berandu Baino Lehen’, ‘Bisitaria’, ‘Anitzele’, ‘Kalaka’, ‘Lau Haizeetara’, ‘Doctor Livingston’, ‘Supongo’, ‘Katu-Kale’… Irratian eta prentsan ere aritua da: ‘Musikatea’ eta ‘Ekaitz Perfektua’ saioak Euskadi Irratian, ‘Ziutateaz’ kultur magazina Bilbo Hiria Irratian eta zutabegilea ‘Berria’, ‘Argia’ eta ‘El País’en.