NAIZ

Klima aldaketak Afrikako muturreko pobrezia larriagotuko duela ohartarazi du ikerketa batek

Afrikako ekialdean urtzen ari diren azken glaziarrek Afrikako muturreko pobrezia gutxitzeko ahaleginak zapuzten ahal dituzte. Munduko Meteorologia Erakundearen (OMM) txosten baten arabera, kontinenteko 118 milioi pertsona egon daitezke pobrezia egoera larrian 2030ean.

Irailaren amaieran Lurmutur Hirian, Hegoafrikan, klimaren alde egindako manifestazioa. (Rodger BOSCH/AFP)
Irailaren amaieran Lurmutur Hirian, Hegoafrikan, klimaren alde egindako manifestazioa. (Rodger BOSCH/AFP)

Munduko Meteorologia Erakundearen (OMM) txosten berri batek dioenez, Afrikako 118 milioi pertsona egon daitezke pobrezia egoera larrian 2030ean. Eta, berehala neurririk hartu ezean, egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizi diren herritarrak babesik gabe geldituko dira lehorte, uholde eta muturreko beroaldien aitzinean.

2020ko Afrikako klimaren egoerari buruzko azterlan honen aurkezpenean, OMMk kontinentearen ekialdeko azken glaziarrak «azkar» urtzen ari direla ohartarazi du. Laster erabat urtzea eta horrek atzeraezinezko aldaketak eragitea espero dute. Elikadurarekin lotutako segurtasun eza, pobrezia eta desplazamenduak areagotzeko arriskua dagoela azpimarratu du Petteri Taalas erakundeko idazkariak.

Afrikako Batasuneko Landa eta Nekazal Ekonomia batzordekideak, Josefa Leonel Correia Sackok, glaziarren urtzea pobreziaren aurkako ekimenentzat traba izanen dela azaldu du.

Diziplina anitzeko ikerketa honek abisatzen duenez, prezipitazioen aldaketak, tenperaturen igotzeak eta muturreko baldintza meteorologikoen areagotzeak covidak sortutako osasun, jendarte eta ekonomia krisia handituko dute.

Munduko batez bestekoa baino azkarrago

Azterketak dioenez, gaur egun Afrikako hiru mendi soilik estaltzen dituzte glaziarrek: Kenia, Rwenzori (Ugandan) eta Kilimanjaro (Tanzanian).

Ur gordailu inportante izateko txikiegiak dira glaziar horiek, baina turismoaren eta zientziaren aldetik garrantzi handia dute. Munduko batez bestekoa baino azkarrago ari dira galtzen eta hala segituz gero erabat urtuko dira 2040ko hamarkadan. Kenia mendiaren kasuan, hamar urte lehenago, jendearen ekintzen ondorioz.

Inbertsioen onurak, kostuak baino handiagoak

Klima aldaketak kontinentean izanen dituen eraginak zehazten ditu dokumentuak, itsasoaren mailaren igotzea eta glaziar enblematikoen urtzea kasu. Afrikaren «ahultasun desproportzionatua» nabarmentzen du eta klimara egokitzeko, zerbitzu meteorologikoak emateko eta alerta sistemak ezartzeko inbertsioen onurek kostuak erraz gaindituko lituzketela erakusten du.

Taalasen iritziz, «klima erresilientzia hobetzea premiazko beharra da, eta etengabekoa». Inbertitzea eskatzen du horrek, bereziki teknologiaren gaitasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, baita alerta goiztiarreko sistemak ere, eguraldia, ura eta klima behatzeko, besteak beste.

OMM, Afrikako Batasuneko Batzordea eta CEPA Afrikarako Ekonomia Batzordearen arteko elkarlanaren emaitza da ikerketa. Klima Politikaren Afrikako Zentroaren, nazioarteko eta eskualdeetako antolakunde zientifikoen eta Nazio Batuen antolakundeen bidez egin dute.

Munduko Meteorologia Kongresuaren ezohiko bilera baten testuinguruan aurkeztu dute, datorren azaroaren 1ean hasiko den COP26 konferentzian Nazio Batuek eginen dituzten klima aldaketaren inguruko negoziazioen aurretik.

Anbizio maila igotzeko premia

Negutegi efektua duten gasen isurtzea gutxitzeko premia azpimarratzen du, klima aldaketaren aurkako anbizio maila eta egokitzeko finantziazioa handitzeko beharrarekin batera.

Leonel Correiak salatu duenez, klimaren eta meteorologiaren aldaketa handitzen ari da Afrikan eta hondamendiak eragiten ari da sistema ekonomiko, ekologiko eta sozialetan. Adibidez, kalkulatu dute Saharaz hegoaldeko Afrikan klima aldaketak %3 txikitu dezakeela Barne Produktu Gordina 2050ean.

«Ez dira soilik baldintza fisikoak okertzen ari, kaltetutako pertsonak ere gehiago dira», erran du.

Txosten berriak dioenez, munduko batez bestekoa baino azkarrago igotzen ari dira tenperatura eta itsasoaren maila Afrikan.

Uholdeak eta lehorteak

Prezipitazioei dagokienez, ohi baino ugariagoak dira eta uholdeak gertatu dira Sahelen, Rift haranean, Niloren arroan eta Afrikako ipar ekialdean, Kalahariren arroan eta Kongo ibaiaren azpialdean bezala. Aldiz, Gineako Golkoaren iparraldean eta Afrikaren ipar mendebalde eta hego ekialdean lehortea izan da nagusi. Madagaskarreko idorteak krisi humanitarioa eragin du.

Datorren hamarkadan klimara egokitzeko urtean 30.000 eta 50.000 milioi dolar artean beharko direla kalkulatu du txostenak, hondamendirik gertatuz gero etorriko liratekeen gastu handiagoak ekiditeko.