NAIZ

«Euskararen kontrako erasoei bukaera emateko» eskatu diote Nafarroako Administrazio Auzitegiari

Administrazioan Euskaraz taldeak salaketa egin du du gaur Nafarroako Administrazio Auzitegian eta euskal hizkuntzaren kontrako erasoei «bukaera emateko» eskatu diote.

Administrazioan Euskaraz Taldeak gaur goizean egin duen protesta. (AET)
Administrazioan Euskaraz Taldeak gaur goizean egin duen protesta. (AET)

‘Euskaldunak kaltetzeko eskumena’ zioen pankarta baten atzean, Administrazioan Euskaraz taldeak protesta egin du gaur goizean Iruñean, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren atarian. Azken honi «euskararen kontrako erasoei bukaera emateko» eskatu diote.

Izan ere, gogora ekarri dutenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiko plakak «urteak daramatza gaztelania hutsean». Hau konpondu eta euskaraz ere jartzeko eskatu dute. «Bitartean, behin-behinekoz, kartela euskaraz jarri dugu, legeek eta arauek ezartzen duten formatuan».

Era berean, gogora ekarri dute, euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak ahalmena ematen diela eremu mistoko udalei lanpostu elebidunak sortzeko. Hau bermatzeko, «urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea zehaztea» proposatu dute. Baita gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan «euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea».

«Oso argia da legea», azpimarratu dute. Honela dio lege horrek: «Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko». Hau oinarri hartuta, Nafarroako Administrazio Auzitegia egiten ari dena «legearen kontrakoa dela» adierazi dute. «Galarazten ari da eremu mistoko udalek lanpostu elebidunak sortzea eta euskara merezimendu moduan baloratzea. Atzo bertan izan genuen azkeneko adibidea, Zizur Nagusian».

Bestetik Nafarroako Administrazio Auzitegiak sozietate publikoekin, euskara tartean denean, «ez duela beti berdin jokatzen» ohartarazi dute. «2020an, Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu zuen Iruñeko Udalaren sozietate publiko batek ez zuela Euskararen Ordenantza betetzen, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2020ko martxoaren 10ean, esan zuen ez zuela eskumenik sozietate publikoen gainean. Sei orrialdetan argudiatu zuen eskumen eza. Ordea, 2021ean, Navarra Sumak salatu egin zuen Berriozarko Berrikilan sozietate publikoak baztertu egiten zituela euskaraz ez zekitenak, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zion». Zehaztu dutenez, «hiru epaimahaikideetatik bi berberak ziren: Gabriel Casajus eta Raul Antonio Cruzado. Memoria arazoak al zituzten?»

Honela, «euskararen kontrako tratu bidegabea» salatu eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari eskatu diote «euskararen kontrako erasoei bukaera emateko».