NAIZ

Kremlin Kopako final-laurdenetarako txartela eskuratu du Muguruzak Martincova gaindituta

Euskal jatorriko tenislariak 6-4, 4-6 eta 6-3 irabazi dio asteazken honetan Tereza Martincova txekiarrari. Muguruzaren hurrengo aurkaria Anett Kontaveit estoniarra eta Andrea Petkovic alemaniarraren arteko partidako garailea izango da.

Garbiñe Muguruza, berriki Indian Wells txapelketako partida batean. (Clive BRUNSKILL/AFP)
Garbiñe Muguruza, berriki Indian Wells txapelketako partida batean. (Clive BRUNSKILL/AFP)

Garbiñe Muguruza berriro bide onetik doala dirudi. Duela egun gutxi batzuk Indian Wells Kaliforniako txapelketan lehen partidan kanporatuta geratu eta gero -hilaren hasieran Chicagoko txapelketa irabazi zuen–, euskal jatorria duen tenislariak Moskun jokatzen ari den Kremlin Kopako final-zortzirenetako partida irabazi du asteazken honetan. Tereza Martincova txekiarrari 6-4, 4-6 eta 6-3 irabazi dio eta hurrengo aurkariaren zain dago jada Caracasen jaiotako kirolaria.

Ostegun honetan, goizeko 9.00etatik aurrera, neurtuko dituzte indarrak Anett Kontaveit estoniarrak eta Andrea Petkovic alemaniarrak. Partida honetako garailea izango da Muguruzaren aurkaria final-laurdenetan.

Gaurko emaitzak adierazten duenez, Caracaseko tenislariaren partida ez da erraza izan. Aurrean bere momenturik onenean dagoen Martincova txekiarra izna du, eta sufritu du benetan.

Izan ere, lehenengo setean, nahiz eta Muguruzak irabazi, honek buelta eman behar izan dio markagailuari. Martincovak 4-2koa eta 40-0ekoa zuen bere alde, baina Muguruzak bost joko jarraian egin ditu eta lehenengo seta irabazi du.

Euskal jatorriko tenislariak debuta zuen Moskun eta lehenengo setean sakean baino askoz hobeto aritu da errestoan. Hurrengoan, ordea, txekiarrak 4-6 irabazi dio, partida berdinduta utziz.

Hirugarren set ebarakigarrian, Muguruza hobeto aritu da sakearekin eta bi ordu eta 45 minutu ostean iraabzi du partida. «Pozik nago. Errusian lortzen dudena lehenengo garaipena da. Oso partida zaila izan da», adierazi du garaileak.

Datu moduan, gaur egun Garbiñe Muguruzaren entrenatzaile Conchita Martinezek txapelketa hau irabazi zuen 1996. urtean.

Gaurko beste partidetan, Aryna Sabalenka bielorrusiarrak Ajla Tomljanovic kroaziar-australiarrari irabazi dio (7-6, 4-6 eta 6-1); eta Ekaterina Alexandrova errusiarrak gauza bera egin du, baina bi setetan bakarrik, Anhelina Kalinina ukrainiarraren aurka (6-4 eta 6-1).