NAIZ

Jon Baguesek jasoko du Eusko Ikaskuntzaren aurtengo Manuel Lekuona saria

Jon Bagues errenteriarrak jasoko du 2021eko Manuel Lekuona saria, «euskal musika ondarearen alde egindako lana» txalotuz. «Harriduraz» hartu du saria eta ondarearekin lanean ari diren guztientzat dela esan du.

Jon Baguesek jasoko du Manuel Lekuona saria. (Eusko Ikaskuntza)
Jon Baguesek jasoko du Manuel Lekuona saria. (Eusko Ikaskuntza)

Eusko Ikaskuntzak 2021eko Manuel Lekuona saria Jon Bagues Erriondori emango dio. Saria 1983an sortu zen, euskal kulturaren aldeko lana aitortzeko eta aurten, bere 38. edizioa beteko du.

Jon Bagues Erriondok Filosofia eta Letrak ikasi zituen Donostian, eta Musikaren Historian espezializatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, 1990ean doktoratu zen. Prestakuntza Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kontserbatorioetan osatu zuen. Liburutegi Nazionalean Artxibistika eta Dokumentazioan espezializatu zen.

1979an, Eusko Ikaskuntzaren Musika sailaren sorreran parte hartu zuen. Eusko Ikaskuntzak 1990 eta 1996 bitartean izan zuen buru, eta bere Saileko Koadernoetako zenbait zenbaki koordinatu zituen. Hogei urtez (2000-2020), Eresbil – Musikaren Euskal Artxiboa zuzendu zuen.

Epaimahaiaren iritziz, 2021 Manuel Lekuona Saria emateko merezimenduen artean, «euskal musika ondarearen alde egindako lana» nabarmentzen da. «Konpositoreen lanak berreskuratzea ahalbidetu eta zabalkundea erraztu du. Era berean, lanean ari diren konpositoreei lagundu die, eta musika ikasteko eta interpretatzeko erakundeak sortzen lagundu du», nabarmendu dute ohar baten bidez.

«Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo hainbat musika-erakunderi eskainitako aholkularitza teknikoa, proiektuak bultzatuz, eta izandako atxikimendua, bai eta euskal musika jakitera emateko hainbat komunikabiderekin izandako etengabeko lankidetza» ere txalotu nahi dute modu honetan. «Azkenik, herrialde osoko musika eta kultura erakundeekiko konpromiso aktiboa» azpimarratu dute.

«Ondarearekin lanean ari garenontzat»

«Harriduraz, txundiduraz» hartu du saria Baguesek, batez ere orain arteko saridunen «kalitatea oso handia» dela ikusirik, hautagaiena ere bai. «Ez dakit oso ongi hainbeste merezi dudan ala ez. Baina eskertzen da. Harrituta eta gustura nago», adierazi dio NAIZi.

Eresbilen lanean harrapatu dugu. Azaldu digunez, «kulturan, musikan, artxiboa, dokumentazioa, ondarea uztartu eta bitartekari lana egiteagatik» hautatu dutela ulertzen du. Zentzu horretan, saria du berarentzat bakarrik hartzen: «Ondarearekin lanean ari garenontzat da».

Lankideei esan die sariaren zati handi bat beraiena dela, «Eresbilekoa talde lana delako». 

2014az geroztik, Manuel Lekuona Saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa ireki bidez. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, ondorengo erakundeetako ordezkariek osatu dute: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua, Euskarabidea eta Eusko Ikaskuntzak.

Manuel Lekuona Saria irudikatzen duen Remigio Mendiburuk diseinatutako eskultura banatzeko ekitaldia oraindik zehaztu gabe dagoen lekuan eta egunean egingo da.