Naiz
Iruñea

Sanferminei buruzko edozein erabaki eztabaidatua izan dadila eskatu du EH Bilduk

Enrique Maya alkateak 2022ko sanferminak hiru egun luzatuko dituela esan zuen asteartean, honela pandemiaren erruz galdutako jaiak konpentsatuko direlakoan. EH Bilduk eta Geroa Baik uste dute beste gai garrantzitsuetan egiten ari den kudeaketa ezkutatzeko modu bat dela hori iragartzea.

El alcalde de Iruñea, Enrique Maya, en el salón de plenos del Ayuntamiento (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Enrique Maya, Iruñeko alkatea, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

EH Bilduk adierazpen proposamen bat aurkeztu du astearteko batzordean eztabaidatzeko, zeinean «San Fermin jaiei buruzko erabaki garrantzitsu guztiak adostasunez eta aldez aurretik Sanferminetako Mahaian eztabaidatuak izan daitezen» eskatzen duen. Testu hau Enrique Maya alkateak 2022rako hiru eguneko luzapena baloratzen duela iragarri ondoren dator.

Koalizioak «alkatearen aldebakartasuna» salatu du, «aldez aurretik inolako eztabaidarik izan gabe» iragarpen hori egin duelako. Horren aurrean, EH Bilduk Sanferminetako Mahaia premiaz deitzeko eskatu du, «bertan dauden eragile eta talde politikoekin batera bere proposamena azaltzeko».

EH Bilduren ustez, Mayak sanferminak erabili nahi ditu hirian garrantzi handia duten gaietan egiten duen «kudeaketaren hondamendia» estaltzeko. Adibidez, «Labriteko Zaldaina, Sarasate Pasealekua, Hipikako Txapelketaren porrot larria eta Ziudadelako fosoen egoera izugarria».

Era berean, gogorarazi du estrategia hori ez dela berria, «lehen urtean ikusi genuen Aurrekontuetan izandako bere isolamendua eta porrota estali nahi izan zuenean, Txupinazoa nork jaurti behar lukeen gezurrezko eztabaida ireki zuela; edo ekainean, Labairu auziak inguratuta, San Fermin Txikitoko zezenketetako hura bota zuenean».

Koalizio abertzalearentzat «oso kezkagarria da alkate honek inolako erreparorik ez izatea Sanferminak bezain garrantzitsua, sinbolikoa eta sentimenduz betea den zerbait modu horretan erabiltzeko, eta are gehiago bi urtez horrelakorik gabe egon ondoren».

«Datozen jaiei eragiten dien erabaki garrantzitsu oro adostasun sozial eta politikoaren, eztabaida lasaiaren eta Mahaiaren esparruan ezarri diren bideekin hartu behar da», dio ohar baten bidez. EH Bilduk seriotasuna aldarrikatzen du. «Eztabaida horrek ez du bat-batekoa izan behar, landua baizik; ez du alde bakarrekoa izan behar, baizik eta adostasunak sortu behar ditu; ez du soilik instituzionala izan behar, baizik eta posible egiten dituen elkarte-sare zabala eta askotarikoa izan behar du, eta, batez ere, ezin die erantzun bere kudeaketa negargarriak inguratutako alkate baten inprobisazio, burutazio eta estrategia elektoralista desesperatuei».

EH Bilduren ustez, Mayak egindako proposamen hori bere kudeaketa-moduari buruzko ezaugarriak begi bistan uzten ditu, «absolutismoa, aldebakartasuna eta inposizioa». «Badirudi postu horretara izendapen jainkotiar bidez iritsi dela eta gehiengoak esaten duenaren gainetik dagoela», kritikatu du.

Gero Baik ere antzerako iritzia dauka. Izan ere, orain arte hirian «martxan jarritako proiektu handien porrotak ezkutatu» eta atentzioa beste leku batera bideratzeko estrategia da honakoa. Hori dela eta, «seriotasuna» eskatu dio alkateari, eta eztabaida beharrezkoa dela irizten du. «Honelako erabaki bat hartu ahal izateko adostasun batetara iristea beharrezkoa da, sektore eta festa arloko ordezkariek zein udal taldeek esateko dutena entzun ostean».