NAIZ

EAJ, EH Bildu eta Podemosi pentsioak murriztea galarazteko eskatu die ELAk

Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei ‘Ez gaitzazue Madrilen saldu’ esan die ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Mobilizatzen jarraitzeko deia egin eta greba orokorrerako «prest» egon behar dutela adierazi du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu da ELA. Irudian, Bilbo. (@ELAbilbo)
Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu da ELA. Irudian, Bilbo. (@ELAbilbo)

Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, 'Pentsioen murrizketarik ez; lan erreforma indargabetu' lelopean kalera atera da ELA sindikatua, «Pedro Sanchezen Gobernua une honetan negoziatzen ari den erreformak baldintzatzeko helburuarekin».

Sindikatuak deitutako manifestazioek mezu zuzena izan dute ('Ez gaitzazue Madrilen saldu'), Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei zuzenduta (EAJ, EH Bildu eta Podemos), «izan ere, euren botoak erabakigarriak dira espainiar Gobernuak erreforma horiek onartu ahal izateko». Zentzu horretan, ELAk azpimarratu duenez, «erreforma horiek Euskal Herritik baldintza daitezke, eta alderdi horiek gure herrialdeko ehunka mila pertsonaren lan eskubideak eta pentsioak defendatzeko ardura dute».

Bilbon egindako hitzaldian, Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak, «jokoan dagoena» azpimarratu du: «Hamarkada bat daramagu azken pentsio eta lan erreformen ondorio latzak pairatzen. Orain datoz Europar funtsak, eta ez dira opari bat, mehatxu bat baizik. Aurreko krisian diru publikoa bankuetara joan zen; orain asmoa da dirua enpresa handietara bideratzea, eta horren truke gobernuak lan erreforma ez indargabetzea eta pentsioak murriztea. Horixe da Sanchezek eta EBk egin duten tratua».

Hori dela-eta, «kezkatzeko arrazoi aski» dagoela nabarmendu du. «Escrivá ministroak esan du: bi aukera daude, erretiroa beranduago hartu edo pentsio txikiagoa jaso. Hori da bere proposamen bakarra. Hori egiteko mekanismo berri bat ezarri nahi dute: Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa (erdaraz MEI), etorkizuneko gobernuek pentsioekin nahi dutena egiteko aukera izan dezaten».

Horren aurrean lan erreforma indargabetzearen aldeko apostua berretsi dute, bi arrazoi emanda. «Lehena, bermatzea Euskal Herrian aplikatzen diren hitzarmenak hemen sinatzen ditugunak direla, eta ez digutela inposatuko miseria dakarren Estatu mailako hitzarmenik. Gure hitzarmenak printzipio demokratikoz defenditzen ditugu. Bigarren arrazoia kaleratze kolektiboak dira: EEE. Zer ari gara eskatzen? Hau ez dadila izan barra librea irabaziak dituzten enpresek kaleratzeak nahi duten moduan egiteko».

Greba orokorra

Mitxel Lakuntzak alderdi politikoei mezua luzatu die: «Eskuin muturrari ez zaio irabazten murrizketa politika eginez edota jendearen kezkak ahaztuta. Eskuin muturrari aurre egiteko min ematen dion kontuak baliatu behar dira: ezkerreko programa politikoak; berdintasun handiagoa, eskubide sozial gehiago, gehiago dutenei gehiago ordainarazten dien zerga-politika eginez, feminismoaren bidez, etxebizitza politikak ezarriz. Hau da, haiek ez diren guztia eginez».

Datozen asteei begira, Lakuntzak mobilizatzen jarraitzeko deia egin du. «ELAk bere esku dagoen guztia egingo du; horregatik sindikatuak prest egon behar du greba orokorrerako. Lan baldintzak eta eskubide sozialak arriskuan daudenean, geldirik egotea, isilik egotea ezin da sekula aukera bat izan sindikatu batentzat. ELAk betidanik egin izan duena egingo du: langile-klasearen interesei emango die lehentasuna».