Haritz Larrañaga

Challenger Series, Pro France: Hennessy eta O’Leary garaile

Brissa Hennessy eta Connor O’Leary izan dira txapeldun Hossegorren, Challenger Series-eko hirugarren txapelketan. Euskal surflariekmaila altua erakutsi bazuten ere, datorren urtean lehen mailan egoteko aukerak murrizten ari dira. CS lehiaketa bat falta da oraindik.

Garazi Sanchez Hossegorreko txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)
Garazi Sanchez Hossegorreko txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Itsasoaren baldintzak hoberenak izan ez ziren arren, olatu nahiko onak izan ziren Hossegorren eta Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa arrakastaz burutu ahal izan zen. Brissa Hennessy Costa Ricako surflaria izan zen garaile nesken kategorian. Mutilen mailan, ostera, Connor O’Leary australiarra izan zen txapelduna.

Guztira 96 lehiakide aritu ziren mutilen kategorian eta 64 lehiakide, nesken mailan. India Robinson australiarra eta Brissa Hennessy Costa Ricakoa izan ziren nesken finalean eta Hennessy nagusitu zen ia bi puntuko aldearekin.

Mutilen kategorian brasildarrak izan ziren nagusi txapelketak iraun zuen artean, baina ez zen horrela izan finalean. Michel Bourez tahitiarra eta Connor O’Leary australiarra izan ziren azken txandan buruz buru lehian, eta, nesken kasuan bezala, nahiko berdinduta ibili ziren, baina azkenean O’Learyk eraman zuen txapela aurkariari bi puntu baino gehiagoko aldea atera ostean.

Challenger Series itzulian parte hartzeko aurrez postu on bat eskuratu behar da WSLko ranking orokorrean baina, hala eta guztiz ere, euskal ordezkaritza zabala izan zen Hossegorren lehian; batez ere, nesken kategorian. Aldiz, emaitzak ez ziren izan aurreko lehiaketetan bezain onak eta behera egin dute euskal surflariek CS rankingean. Hala ere, oraindik beste txapelketa bat falta da Challenger Series itzulia amaitzeko.

Euskal ordezkaritzaren emaitzak

Lehen txandak urriaren 16an egin zituzten. Nesken kategoriako zazpi txanda egin ostean txapelketa etetea erabaki zuten antolatzaileek, olatuak txikiegiak zirelako, baina ordurako lehiakideek lortutako emaitzak finkoak ziren, eta euskal surflarien kasuan Janire Gonzalez-Etxabarri eta Ariane Ochoa kaleratuak izan ziren. Ez, ordea, Garazi Sanchez-Ortun, bigarren errondara pasatzea lortu baitzuen Getxoko surflariak.

Urriaren 19an berrekin zioten nesken Challenger Series txapelketari, berriz ere olatu oso txikiekin baina haize egokiarekin, eta, horrela, gainerako euskal surflariak itsasoratu ziren. Juliette Lacome biarriztarra, Leticia Canales sopeloztarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra gogor aritu ziren lehian, baina guztiak kaleratuak izan ziren. Erostarbek bere txandako olaturik hoberenetakoa egin zuen, baina bigarren olatu bat falta izan zitzaion bigarren errondara pasatu ahal izateko.

Aitzitik, Pauline Ado hendaiarrak lehen postua eskuratu zuen eta bigarren errondara igaro zen. Ondorioz, Garazi Sanchez eta Pauline Ado izan ziren nesken kategorian lehen erronda gainditzea lortu zuten euskal hiritar bakarrak.

Egunak aurrera egin ahala olatuen tamainak ere gora egin zuen eta arratsaldean mutilen kategoriako lehen errondako txandak egiteari ekin zioten. Ruben Vitoria zarauztarra 11. txandan itsasoratu zen, itsasgoran, olatuek jada metro eta erdiko altuera zutenean. Ezker olatuetan bizkarrez bira indartsuak egin zituen, baina ez zuen txanda pasatzea lortu.

Bi txanda geroago Andy Criere itsasoratu zen, baina hendaiarrak ere ez zuen txanda pasatzea lortu. Mutilen kategorian bigarren errondarako txartela lortu zuen euskal surflari bakarra Aritz Aranburu izan zen. Hiru lehiakide brasildar izan zituen aurkari, baina zarauztarra indartsu aritu zen eta bigarren errondara pasatzea lortu zuen.

Itsasoaren baldintzak zaildu ziren neurrian, Aranburuk bere eskarmentuari etekina atera ahal izan zion eta hirugarren errondara iritsi zen. Urriaren 22an bi metroko olatuak ziren eta bira indartsuak egin zituen eskuin olatu batean zarauztarrak, baina antzeko bigarren olatu bat behar zuen txanda pasatzeko eta olatu hori ez zen iritsi.

Orokorrean, maila altua erakutsi zuten euskal surflariek, baina kontuan hartu behar da munduko lehiakide hoberenetakoen aurka lehiatu zirela, eta halako txapelketa batean hain da altua surflarien maila, non akatsik txikienak ere ondorio larriak izan ditzakeen.

Txapelketa bakar baten faltan, datorren urtean lehen mailan egoteko aukerak asko murriztu dira euskal surflarientzat Hossegorreko txapelketaren ostean. Nesken kategorian CS rankingeko lehen sei lehiakideek eskuratuko dute WCTra igotzeko txartela eta, egun, postu onenean Pauline Ado eta Ariane Ochoa daude, 11. eta 12. postuetan.

Mutilen kategorian, ostera, datorren urtean euskal surflari bat lehen mailan egoteko ia aukerarik ez dagoela esan daiteke, postu hoberenean Aritz Aranburu eta Ruben Vitoria baitaude, baina 61. eta 91. postuan.

Esan bezala, oraindik beste txapelketa bat falta da Challenger Series itzulia amaitzeko; alegia, azaroaren 25 eta abenduaren 7a bitartean Hawaiiko Oahu uhartean egingo dena, Haleiwwa Challenger 2021.