Andoni Arabaolaza

Hemeretzi urteko Vadim Druellek Manaslu igo du estilo bikainarekin

Oxigeno gehigarririk gabe zortzimilako bat igo duen mendizale gazteena bihurtu da frantziarra. Non-stop eginiko eskalada autonomoan ez zuen soka finkorik erabili. Crowdfunding bitartez, espedizioa egin ahal izan du.

Vadim Duellek Manaslun (8.163 m) egin berri duen jarduera, oso berezia izateaz gain, den-denak ahoa bete hortz utzi ditu. Soilik 19 urte ditu. Eta, antza denez, zortzimilako bat eskalatzeko ez du adina egokiena. Gazte bat sasoiko egon daiteke, baina, normalean, muturreko garaietara egokitzea zaila izaten dute. Eta ezin dugu ahantzi ere egin mendi erraldoi horietan eskarmentuak berebiziko garrantzia duela.

Baina mendizale frantziarrak gidoi hori guztia birrindu du; izan ere, joan den irailaren 29an Manaslu igo zuen. Irakurleren batek edo bestek esango du zortzimilako mendizale gazteagoek eskalatu dutela. Eta arrazoi osoa dute. Besteak beste, munduko mendi garaiena, Everest, 13 urterekin igo dute. Baina oxigeno artifiziala erabilita. 

Kontua da lerrootako protagonistak oxigeno gehigarririk gabe igo duela. Eta hori egiten mendizale gazteena bihurtu da.  Hori gutxi ez, eta, arestian aipatu dugun bezala, frantziarraren espedizioa berezia izan da. Crowdfunding baten bitartez aurrera atera ahal izan du: “Duela hiru urte saiatu nintzen Cho Oyura joaten, baina 500 euro lortu nituen bakarrik. Hiru urte igaro dira eta kanpaina berri batean 6.550 euro jaso ditut”.

Era autonomoan jardun duen gazte honek heldutasun ikaragarria erakutsi du. Estiloari begiratzen badiogu, lasai asko aitor dezakegu bikaina baino bikainagoa izan dela. Manasluko igoeran ez du xerpen laguntzarik izan, ez du soka finkorik erabili eta non stop eran igo du. Oso-oso azkar, gainera.

Estilo alpinoaren oinarritu du Manaslun eginiko jarduera osoa. Eta azpimarratu behar da zortzimilako batean lehen eskarmentua izan duela.

Druellek berak igoeraren inguruko xehetasun batzuk eman ditu: «Kanpaleku nagusia eta hirugarrena lau orduan lotu nituen; 2.000 metroko desnibela izan zen. Eta laugarrena eta tontorra beste bost orduan. 7.000 metrotik gora egotea izugarria izan da. Harrigarria egin zitzaidan buruko minik ez nuela izan; izan ere, garaiera horretatik gora ez naiz inoiz egon. Girora oso ondo egokitu nintzen».

Ueli Steck gogoan

Eskalada horren amaieran erritmoa asko mantso bazuen ere, ia arazorik gabe munduko zortzigarren zortzimilako garaienaren gailurra zapaldu zuen: «Une jakin batzuetan haluzinazioak izan nituen, baina ez nuen egoera larririk bizi. Behin tontorra egin ondoren, adrenalina azkartu zitzaidan. Bazirudien hegan iritsi nintzela, eta jabetu ere nire ametsa egia bihurtu nuela. 7.800 metroko kotatik behera, emaitzaren inguruko lehen hausnarketa egin nuen. Zalantzarik gabe, Manaslu igo nuen estiloari azpimarra berezia egiten diot. 16 urte nituela, Ueli Steck Chamonixen ezagutu eta zortzimilako batekin amets egiten hasi nintzen. Suitzarraren liburu guztiak irakurri nituen, eta gogor borrokatu behar izan dut Manasluko espedizioa aurrera atera ahal izateko».

Zaila da jakitea Druelleren ibilbidea nolakoa izango den, baina, bederen, erakutsi du etorkizun handiko mendizalea dela. Egun, Eski Alpinismoko Frantziako selekzioko kide da, eta kirol horretan ere erakutsi du espezialista handia dela.