NAIZ

Tolosak Inauteriak berreskuratuko ditu 2022an

Tolosarrek Inauteriak ospatu ahalko dituzte berriro 2022an, Olatz Peon alkateak baieztatu duenez, nahiz eta ez duen zehaztu nolakoak izango diren. Jaian parte hartzen duten eragileekin bilerak hasiko ditu Udalak.

Queen taldearen «fans» batzuk azken inauterietan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Queen taldearen «fans» batzuk azken inauterietan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Tolosako alkate Olatz Peonek eta Nerea Letamendia Herritarren arloko zinegotzi arduradunak agerraldia egin du gaur, herriak pixkanaka «bere ohiko jarduera alor guztietan» berreskuratuko duela adierazteko. Horren baitan, 2022an berriro Inauteriak ospatuko direla baieztatu du Peonek. 

«Fase berri bati ekin diogu eta kultur, kirol eta jai jarduerak antolatzearen aldeko apustua egin dugu, eta orain horiek nola gauzatu aztertu eta landuko dugu eragileekin, uneoro osasun egoera oso kontutan hartuta eta trantsizioa pixkanaka eginda, zuhurtziaz jokatzen jarraitu dezagun», esan du.

2020ko inauteriak pandemiak eztanda egin baino aste pare bat lehenago ospatu ziren, baina iaz bertan behera geratu ziren. Datorren urtean berreskuratuko da tolosar gehienek urte osoan itxaroten duten jaia, baina oraingoz ez dute aditzera eman ohi bezalakoa izango den ala ez. Alkateak adierazi duenez, bilerak egingo dituzte bertan parte hartzen duten eragileekin jarduerak nola gauzatu aztertzeko, «beti bezala erabakiak adostasunez hartzeko». 

Dena ondo bidean eta osasun egoerak ahalbidetzen badu, behitzat, otsailaren 24an, Ostegun Gizenarekin, hasiko lirateke Inauteriak, eta martxoaren 1ean, Asteartitan, bukatu.

Inauteriekin batera, Tolosak udazken eta neguan antolatu ohi dituen beste jarduerak ere berreskuratuko direla jakinarazi dute agerraldian: Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa, Titirijai, auzoetako festak, azoka bereziak, Olentzero eta erregeen kabalgata, haur parkea, kirol frogak...