Ramon Sola

ANk presoei jartzen dizkien oztopoak gainditzeko aldarria Gasteizko Legebiltzarrean

Auzitegi Nazionalak euskal presoen gradu progresioei edota kaleratze baimenei jartzen dizkien oztopoen berri eman dute Foro Sozialak eta Behatokiak Gasteizko Legebiltzarrean. Aurrera egiten segitzeko adostasunak eskatu dituzte baina talde gehienek ez dute posizio garbirik hartu.

Teresa Toda (Foro Soziala) eta Aitzol Asla (Behatokia), legebiltzarkideekin. (Raul BOGAJO | FOKU)
Teresa Toda (Foro Soziala) eta Aitzol Asla (Behatokia), legebiltzarkideekin. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal preso politikoei oraindik ere jartzen zaizkien oztopoen inguruko informazioa zehatza jaso dute gaur asteazkenean Gasteizko Legebiltzarkideko kideek, Foro Sozialaren eta Behatokiaren eskutik. Auzitegi Nazionalean gertatzen ari denari buruzko egoera aztertzeko asmoa agertu dute gehienek.

Foro Sozialaren izenean hitz egin duten Teresa Todak sarreran aipatu duenez, pozgarria da ikustea «urratsak» eman dituela Gobernu espainolak eta «urratsak egin dituztela presoek ere», urruntzea eta gainerako salbuespen politikak gainditzeko. Baina presoak kaleratzea helburu izan behar duen bigarren faseari ekin behar zaion unean bereziki kezkagarria den joera agertu da Auzitegi Nazionalean. Izan ere, hirugarren gradua eskuratzeko edota kalera ateratzen hasteko orduan «bidea itxita aurkitzen dute», entzutegi bereziaren hiru instantzien jarrera dela eta: Fiskaltza, Zigor arloko aretoa eta Espetxe Zaintzako Epaitegia.

Duela bi urte gertatzen ez ziren gauzak gertatzen hasi dira eta «uztailetik hona areagotu egin da joera hau. Atzera egiteko jarrerak nabarmentzen ari dira oso ideologizatua den ‘lobby’ baten eskutik»», salatu du Todak. Zortzi edo bederatzi baimen eskaera onartu dira bakarrik eta hogeitik gora helegiteen bitartez gelditu dituzte, adibide modura mahagaineratu duenez.

«Askotan betebehar berriak ezartzen zaizkie presoei», erantsi du Foro Sozialeko kideak. Unai Fanoren kasu lazgarria ekarri du gogora: «Hirugarren graduan bederatzi hilabete zeraman preso bat bigarren graduan kokatu dute berriz» eta ondorioz espetxera itzuliarazi dute. «Tragedia»tzat hartu du hori gero EH Bilduko Julen Arzuagak.

Guzti honen berri ematen duen txostena osatu duen Behatokiaren izenean agertu da Legebiltzarrean Aitzol Asla abokatua. Ekainean kaleratu zen ikerketa hura; uda pasata berri handirik ez dela aipatu du, baina onartu diren bi gradu progresioen aurka Fiskaltzak helegitea aurkeztu du, aurreko egoerari segida emanez.

Aslak legebiltzarkideei oroitarazi dienez, arazoaren muina Auzitegi Nazionalean datza; izan ere, beste kasuetan ez bezala, euskal preso hauen gaineko erabakiak beti entzutegi berezian hartzen dira eta epai areto bakar baten bitartez gainera. «Preso hauek aurrera egin nahi dute baina oztopatzen ari zaie», laburbildu du.

Aztertuko dute

Gauzak honela, «adostasunak» lantzeko beharra aipatu dute Todak zein Aslak, espetxe politikan abiatu den aldaketa egonkortu eta sakontzeko. Gertatzen ari dena baloratzeko borondatea agertu dute talde gehienek baina momentuz akordio berrietarako konpromiso garbirik adierazi gabe. Miren Gallastegi PSEkoaren hitzetan, «malgutasunez jokatzea ahalbidetzen du egungo legediak eta Fiskalaren jokabidea aztertu beharko da, baina delitu ikaragarri hauek egin dituzten pertsonek ibilbide bat egin behar dute».

«Begia begi truk» inertziarekin behingoz amaitu beharra dagoela nabarmendu du Julen Arzuagak. «Preso guztiei trataera berdina eman behar zaie, salbuespenik gabe», erantsi du ere EAJko Irune Berasaluzek, eta akordioak lantzen segitzeko prest azaldu da.

Foro Sozialeko koordinatzaile den Agus Hernanek hartu du hitza horien ondoren, orain arteko ibilbideaz «pozik egin behar dugula» ikusarazteko; adibide gisa, duela zortzi urte I. Foro Soziala ospatu zenean presoei lege bidetik urratsak ematea eskatzen zitzaien eta egin egin dituzte, erabakitasunez. «Orain planteatzen den bakarra legea aplikatzen da, eta bertan Auzitegi Nazionala oztopoa ari da izaten», erantsi du. Erronka bota dio PPko Carmelo Barriori, Behatokiko txostenak jasotzen dituen epaiak irakur ditzan, «guztiz ideologikoak dira eta».

«Kontsentso berriak behar ditugu», berretsi du Hernanek. Jada Lakuako Gobernuaren eskuetan den espetxe eskumenak bidea erraz dezakeela uste du eta euskal presoen borondatea ukaezina dela egiaztatu du. Oso egoera ona ikusten du, beraz, aurrera egiteko. «Bide hori egiten lagundu behar diegu preso hauei, bai, eta hau ez da paternalismoa», erantzun dio hitz hori erabilia zuen Barriori.