NAIZ

1,5 milioi bideratuko ditu Lakuak zuzeneko arte eta zinemaren sektorea «berreskuratzeko»

Zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreari «berreskuratzen laguntzeko», ‘Beste bat Berritzen’ izeneko deialdia aurkeztu du Lakuako Gobernuak. 1,5 milioi euro bideratuko ditu dirulaguntzetan.

‘Beste bat berritzen’ deialdia aurkeztu du Lakuak. (IREKIA)
‘Beste bat berritzen’ deialdia aurkeztu du Lakuak. (IREKIA)

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Lakuaren bozeramaile Bingen Zupiriak ‘Beste bat Berritzen’ izeneko deialdia aurkeztu du gaur prentsaurrean. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan aurkeztu den ekimenak arte biziak dinamizatzeko programa bat garatzeko helburua du.

«Covid-19ak eragindako osasun egoerari aurre egiteko ezohiko laguntza deialdia da. Izan ere, 2020. urtearen hasieran, covid-19ren pandemiak bat-bateko eta erabateko eragina izan zuen gure gizartearen esparru guztietan, eta hartutako neurriek jarduera ekonomiko asko geldiaraztea edo moteltzea ekarri zuten, zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreko jarduerak barne», azaldu du Lakuak.

Aurten, egoerak, «bere gorabeherekin, hobera» egin duen arren, zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreari «berreskuratzen laguntzeko» jomuga nabarmendu du Zupiriak. 

Horretarako diruz lagunduko dira 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehenengoan zuzeneko arteak erakusteko programak eta Europako eta Latinamerikako zinema erakusteko programak. Horretara 1,5 milioi euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Dirulaguntzak jasotzeko hainbat baldintza bete behar dira. Antzerkia, dantza, zirkua, bertsolaritza eta musika erakusteko programak izatea; programatutako ikuskizunak eta kontzertuak euskal konpainienak edo profesionalenak izatea; aurkeztutako programazio proiektuak gutxienez bost ikuskizun edo kontzertu izan beharko ditu; ikuskizun eta kontzertu guztietatik (antzerkia, dantza, musika, zirkua eta bertsolaritza) musikak ezingo du %60tik gorako programazio pisua izan musika areto pribatuek izan ezik, horiek %100eko musika programazioa garatu ahal izango baitute; gutxienez %60 euskaraz izango dira; astelehenetik ostegunera bitartean programatuta egotea (20.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako guneetan izan ezik) eta aurtengo urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean programatzea.

Diru-laguntzak eskatu nahi dituztenek egoitza soziala EAEn izan behar dute eta zuzeneko arteen programazioa egin ohi den EAEko espazioen titularrak edo kudeatzaileak izan beharko dira.

Ikuskizun bakoitzagatik jasotako diru-laguntza ez da inoiz 3.500 euro baino gehiagokoa izango edo 4.000 eurokoa genero irizpidea aplikatzen bada. Gainera, erakunde bakoitzari eman ahal zaion gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izango da.

Zinema laguntzei dagokienez, aurkeztutako programazio proiektuak aretoko estreinaldiak diren edo estreinaldiaren ondorengo lau asteetan programatuta dauden 10 film jaso beharko ditu gutxienez; urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin beharko da programazioa eta Europar Batasuneko edo Latinoamerikako estaturen bateko nazionalitatea duten filmak baino ez dira kontuan hartuko.

Kasu honetan, diru-laguntza ez da inoiz 2.500 eurotik gorakoa izango film bakoitzeko eta erakunde onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da.

Prozedura

Diru-laguntzak lehiaketa prozedura bidez emango dira. Hau da, dagokion epean aurkeztutako eskabideak aztertu eta modalitate bakoitzean ezartzen diren balorazio irizpideak kontuan hartuko dira. Gaurtik azaroaren 29ra dago eskabideak aurkezteko epea.

Diru-laguntzak bi alditan ordainduko dira. %40 diru-laguntza emateko ebazpena eman ondoren ordainduko da. Gainontzeko %60a aldiz, diruz lagundutako jarduera egin dela baieztatu eta justifikatu ondoren.