NAIZ

Kemenari kanta eta kemena itzuli dio gizarteak minbizia duela iragarri duen Aiora Renteriari

Minbizia dela-eta urjentziazko ebakuntza egin diotela iragarri du Aiora Renteriak, Zea Mays taldeko abeslariak. Elkartasun mezu ugari bildu dira sareetan ordutik.

Aiora Renteria, Zea Maysek Baionan eskainitako kontzertu batean. (Bob EDME)
Aiora Renteria, Zea Maysek Baionan eskainitako kontzertu batean. (Bob EDME)

«Nire itsasora itzuli naiz, bidaian joateko aurrera. Ta ezkutatu dudan kemena berreskuratzera». Honela dio duela hilabete argitaratutako diskoaren ‘Kemena’ abestian Aiora Renteriak. «Kemena» itzuli nahi izan dio gizarteak bilbotarrari umetokiko minbizia dela eta, orain zainketa pertsonala lehentasuna duela eta tarte batean kantatzeari uko egingo diola jakinarazi ostean.

24 urte daramatza Renteriak taldearen ahotsa izaten eta denbora guzti honetan eszenatokietatik helarazi duena itzuli nahian, sare sozialetatik elkartasun mezu andana zabaldu dira. Facebooken, esaterako, 1.000 erantzunetik gora ditu taldearen iragarpenak eta 360, Instagramen.

Gatibuk «laster oholtza elkarbanatzeko» gogoa nabarmendu du, Izarok «zaindu» eskatu dio eta Gorka Urbizuk bere «ahots berdingabearen zain» geratuko dela azpimarratu. Eta Euskal Herritik haratagoko mezuak ere badira. Rozalen abeslariak, adibidez, «energiaz betetako milaka besarkada» bidali dizkio.

«Indarra» eta «kemena» izan dira arlo eta toki ezberdinetatik iritsi diren mezu horiek gehien errepikatu dituzten hitzak. Kultura munduan egiten ari den arrastoa nabarmena izan da. Aipatu bezala, musika talde ugarik helarazi diote babesa eta Hatortxu Rock, Arizkun Rock edo Iruña Rock bezalako jaialdiek edo BIRA kultur guneak ere bidali dituzte besarkadak.

Eta ez bakarrik musika eremutik. Andoni Agirregomezkorta aktoreak, besteak beste, abeslariak oholtza gainean erakusten duen indarra jarri du balioan, gaitzari aurre egiteko ere.

Politikatik ere asko izan dira bilbotarrari maitasuna helarazi nahi izan diotenak. EH Bilduko Mertxe Aizpurua edo Bakartxo Ruiz kasu.

Baina ez dira bakarrak izan. PSEko idazkari berri den Eneko Anduezak ere izan zuen bere keinua. »Gure bizitzetan zeuen kanta berrien zain egongo gara! Bitartian, asko zaindu, eta gure animorik beroenak sentitu». Baita Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik ere.

Iñaki Sotok, GARA egunkariko zuzendariak ere, igorri zion babesa.