Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Ume baten egunaren soinu banda osatu dute Leire Bilbao eta Maite Mutuberriak

Esnatzen garenetik lokartzen garen arte, musika sortzen da etengabe. Leire Bilbaok soinu horiek idatzi nahi izan ditu letrekin, eta irudiak ikusarazi. Gauza bera Maite Mutuberriak ilustrazioekin. Xabier Zabalaren sorpresa ere badu ‘Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk’ (Pamiela) liburuak.

Leire Bilbao eta Maite Mutuberria beren liburu berria aurkezten. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Leire Bilbao eta Maite Mutuberria beren liburu berria aurkezten. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Inguratzen gaituzten eguneroko soinuak jasotzen ditu ‘Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk’ Leire Bilbaoren eta Maite Mutuberriaren liburuak. Pamiela argitaletxearekin plazaratutako obrak ‘Piztipoemak’ eta ‘Xomorropoemak’ (2017ko Euskadi Saria) lanek haur poesian ireki zuten bideari segitzen die, baina harago doa, esperimentatuz, jolastuz, umore ukitu batekin. Irakurleak irudi bat ikusi eta soinu bat entzun dezan bilatu dute.

Astelehen honetan Donostiako Udal Liburutegian egindako aurkezpenean agertu dutenez, ume baten egunaren soinu banda osatu dute poema-jolasen bidez. Azken partean sorpresa polit bat ere badago. ‘Piztipoemak’ eta ‘Xomorropoemak’ liburuetan piztiak eta zomorroak ziren olerkien protagonistak. Honetan, gure inguruan dauden hamaika eta bat soinuak. «Esnatzen garenetik lokartzen garen arte, musika sortzen da etengabe. Esnatzen garenetik lokartzen garen arte, gurekin batera dantzatzen dute. Eta lo gaudenean ere… Garbitu ondo, zorroztu bizkor, zabaldu guztiz belarriak… zure egunaren soinu banda aditu arte!».

Ondarroako idazleak kontatu du ideia duela bizpahiru urtekoa dela. «Egunerokoan hainbat hots ditugu, batzuk hain barneratuak, besteak oharkabean pasatzen zaizkigunak eta besteak, entzun arren aditzen ez ditugunak. Alegia, ez diegu erreparatzen, ez dugu horietan pentsatzen, baina hor daude eta materia ezin hobea dira liburu bat osatzeko». Ume baten eguna kontatu du esnatzen denetik lokartzen den arte, soinuen bidez. Zer hoberik horretarako poemak baino.

Idazlearen eta ilustratzailearen arteko elkarrizketa

Egun batean egiten diren ohiko gauzen hurrenkera horretan, hainbat onomatopeia baliatzen ditu Bilbaok. Gainera, Mutuberriaren eta bien arteko elkarrizketa bat sortu zen. «Poema bat bidali nion eta bere erantzuna zoragarria, ustekabekoa izan zen», kontatu du idazleak. Hainbat poema kaligrama edo letrez osatutako marrazki bilakatu zituen Eltzaburuko ilustratzaileak.

«Nik letrekin soinuak idatzi nahi izan ditut eta irudiak ikusarazi, Maitek ilustrazioekin gauza bera, eta Xabier Zabala izan dugu konplize». Ideia aipatu zionean animoak eman zizkion musikagileak, eta azkenerako QR kode batean ume baten eguneroko soinu banda jaso du, liburua borobiltzen duena.

«Leirek beti ideiak borborka ditu eta ni bultzatzen nau gauza berriak egitera, bide berriak marraztera. Bere testuek daukate irudiz josita daudela, oso aberatsak eta irekiak dira», adierazi du ilustratzaile nafarrak.

Testu horien aurrean barruko hotsak sortzeko prozesuan bi zati banatu ditu: diseinua eta ilustrazioak. «Diseinuaren aldetik, poema bakoitzak kaligrama dauka. Nahi nuen poema begiekin entzutea, eta horretarako diseinua egin dut, oso estimulagarria izan da niretzat». Bigarren zatian, ilustrazioak egin ditut. «Ikusten nuen poemak bazuela entitate propioa, indarra. Horregatik erabaki nuen ilustrazioak fisikoki eta kontzeptualki aldentzea pixka bat. Atalen hasieran eta amaieran jarri ditut fisikoki. Kontzeptualki, poema bisualak egiten saiatu naiz. Leireren testutik abiatzen dira poemak, baina irakurlea beste leku batera eraman ahal dute».

Mutuberriak esplikatu duenez, giza gorputza da ilustrazioen protagonista, hotsak gorputzaren barruan ditugulako. Irudiak «garbiak, zuzenak, soilak» dira eta kolore paleta «oso murritza» erabili du. «Denbora asko eskaini diogu, eta espero dut irakurleak antzematea. Asko disfrutatu dut egiten», erantsi du.

Xabier Zabalak eskerrak eman dizkio batez ere Leire Bilbaori, proiektuan parte hartzea «oso interesgarria» izan delako berarentzat, «izugarrizko plazera». Egun bat da bizitza oso bat bezala dela eta musikaren hizkuntzarekin bere ekarpena egin duela azaldu du.