NAIZ

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Novaltia zigortu du greba eskubidea urratzeagatik

EAEko Justizia Auzitegi nagusiak langileen greba eskubidea urratzeagatik zigortu du Novaltia. Zamudioko enpresak 6.251 euroko kalte-ordaina eman beharko dio ELA sindikatuari.

Novaltiako langileak joan den ekainean Petronor, Bilboko Argiak, Tubacex eta PCBko beharginekin egindako manifestazio bateratuan, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Novaltiako langileak joan den ekainean Petronor, Bilboko Argiak, Tubacex eta PCBko beharginekin egindako manifestazio bateratuan, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Novaltia ELA sindikatuari 6.251 euroko kalte-ordaina oraindaintzera kondenatu du astearte honetan. Auzitegiak ebatzi duenez, Zamudioko farmazia produktuen banaketa enpresak langile grebalarien lanuzte eskubidea urratu zuen, haien lana betetzeko beste behargin batzuk kontratatu zituenean.

Zehazki, greban dauden langileak Aldi Baterako Laneko Enpresetako (ABLE) langileekin ordezkatu zituen Novaltiak. Langileek 950 euroko soldatak zituzten eta, hortaz, greban dihardute 2019ko uztailaren 23az geroztik «lan baldintza eskasak hobetzeko», ELAren esanetan.

Testuinguru horretan, 2020an, Novaltiak alde bakarrez erabaki zuen greban zeuden 20 langileei ekaina eta abendua bitartean oporrak esleitzea, hauek greban jarraitu eta oporrei oniritzirik eman ez zioten arren. «Ulergaitza zen, greban dauden langileek kontratua etenda dutelako eta oporrak, hala badagokio, lan-gatazka amaitu ondoren hartu beharko liratekeelako», adierazi du sindikatuak.

Beraz, ELAk salaketa bat jarri zuen, non Novaltiako zuzendaritzak greban zeuden langileen zereginak egiteko ABLEetako langileak kontratatu zituela salatzen zuen. Orotara, Novaltiak 19 kontratazio burutu zituela salatu zuen ELAk zehazki: «Hau da, grebalariak legez kanpo ordezkatzeko oporretan zeuden bitartean».

Auzitegiak arrazoia eman dio ELAri greba eskubidearen urraketaren aferan: «Eztabaidagarria da enpresak greban zeudenen oporraldia ordezkatzea modu partzialean konfiguratuz; gainera, kontuan hartzen badugu langileek ez zituztela aldez aurretik oporrak onartu, opor horiek ematea eta ustez oporraldian zeuden langileak ordezkatzea grebarako eskubidea urratzea da».

Sententzia ezagutu ostean, ELAk epaia txalotu du, «argi daukagu greba ia 900 egunez luzatu dela, zuzendaritzak grebalariak legez kanpo ordezkatzea erabaki duelako, lana legez kanpo eginez, greba-eskubidea urratuz, negoziatzeko inolako beharrik gabe».

Gauzak horrela, ELAk «soldata eta lan baldintza duinak» jasotzen dituen hitzarmen bat adosteko negoziazio mahaia berrabiarazteko gonbita luzatu dio Novaltiako zuzendaritzari.