NAIZ

Donostiako Udaleko langileek osoko bilkura eten dute beren egoera salatzeko

Donostiako Udaleko langileen protesta batek osoko bilkura ordubetez etetea eragin du ostegun honetan. EAJ eta PSEren udal Gobernu taldeak aretoa utzi du.

Donostiako Udaleko langileek ostegun honetan egin duten protesta. (NAIZ)
Donostiako Udaleko langileek ostegun honetan egin duten protesta. (NAIZ)

Donostiako Udaleko langileek protesta egin dute ostegun honetako osoko bilkuran, EAJren eta PSEren udal Gobernuaren «langileen politika txarra» salatzeko eta «nahikoa dela» esateko. Osoko bilkura ordubetez eten da.

Jakinarazpen batean, Udaleko enpresa batzordeak salatu duenez, «protesta baketsua izan da, baina udal Gobernuak aretoa utzi du, eta ez du bere gain hartu nahi izan gaur egun daraman langile politika negargarria».

Protestak iraun duen bitartean, Udaleko langileen hainbat kolektibo osoko bilkurara sartu dira, «langile falta etengabea» salatzeko. Hezkuntza eta Sustapen Sozialeko, Udal Brigadetako langileek, udaltzainek eta Mugikortasuneko atal operatibokoek hartu dute parte.

Udal plantilla osoak ere 2019an egin zituzten murrizketa ekonomikoak salatu ditu, baita «2020an ordaindu ez zirenak eta 2021ean ez ordaintzea aurreikusi dutenak». Plantillak «zorra ordaintzea eta nominan finkatzea» eskatzen du eta «Donostiako Gobernu taldeak murrizketa politika honekin jarraitzen duen bitartean mobilizazioek aurrera» jarraituko dutela ohartarazi du.

«Ez da ulertzen nola, udal bilketari dagokionez, krisi pandemikoa gaindituta, eta ekitaldi honetan pertsonalean aurreztutako diru kopuruarekin eta langileek egin behar izan duten gehiegizko ahalegina kontuan hartuta, dagokien kopuru hori ez ordaintzea», iragarri du batzordeak.