Oihane Irazu

Lantokiak ez daude indarkeria matxistatik salbu

LAB sindikatuak lantokietan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa prestatu du, ikuspuntu intersekzional bat oinarri hartuta. Protokolo berritzailea da, indarkeria matxistan LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako indarkeria ere jasotzen baitu.

Oso salaketa gutxi iristen zaizkio LAB sindikatuari lantokietatik, «beldurrak eta mehatxuek eraginda». (Juanan RUIZ/ FOKU)
Oso salaketa gutxi iristen zaizkio LAB sindikatuari lantokietatik, «beldurrak eta mehatxuek eraginda». (Juanan RUIZ/ FOKU)

Indarkeria matxistaren biktimen eta salaketen kopuruak errealitate gordin baten ispilu dira. Urtarriletik irailera bitartean, Hego Euskal Herrian 5.216 kasu zenbatu ziren (2.147 Bizkaian, 1.255 Gipuzkoan, 1.213 Nafarroan eta 601 Araban). Eta lantokiak ez daude indarkeria matxista horretatik salbu.

Egoera horren aurrean, LAB sindikatuak protokolo berri bat aurkeztu du aste honetan bertan, lantokietan izaten diren erasoei aurre egiteko. Protokolo berritzailea da, indarkeria matxistan LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako indarkeria ere jasotzen baitu.

Arantxa Vazquez LABeko exekutibako kidearen esanetan, «lantokietan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa zaharkituta zegoen». Hain zuzen ere, horregatik ipini dute protokolo berria martxan.

Orain dela hilabete batzuk nabaritu zuten lantokietako protokoloa zaharkituta geratu zela, eta «beste jauzi bat» egin behar zutela, ikuspuntu intersekzional bat oinarri hartuta, eta hain justu ere hori egiten hasi ziren. «Protokolo honen berritasun nagusiena –dio Vazquezek– argi dago: tresna berri hau ez da bakarrik emakumearen aurkako indarkeriari aurre egiteko, baizik eta indarkeria matxista bere osotasunean kontuan hartzeko, LGTBI kolektiboa barne». Hori da eman duten jauzirik handiena.

Baina ez da tresna honek duen berritasun bakarra. Protokoloaren hasieran egindako hausnarketan, sindikatu abertzaleak onartzen du emakume guztiak lantokietan ez daudela egoera berdinean, eta dauden zapalkuntza desberdinek modu diferentean eragiten diotela emakume bakoitzari. Hala, protokoloak kontuan hartzen ditu errealitate desberdin horiek.

Arantxa Vazquezen esanetan, «lehen egiten genuen irakurketa lantokietako indarkeria matxistari buruz ez da gaur egiten dugun berdina, orain indarkeria matxista bere osotasunean kontuan hartzen dugu, eta ez bakarrik emakumearenganako indarkeria denean».

Salatzeko beldurra

Sindikatu abertzaletik azaldu dutenez, salaketa jartzeko garaian arazo larria ikusi dute, «beldurra» dagoelako salaketa bat ipintzeko. Egoera horren aurrean, protokoloak gida bat aurreikusten du, langileek jakin dezaten kasu horietan zer egin behar duten.

Protokolo berria aurkezteko antolatutako jardunaldian, ikuspuntu ezberdinetatik aztertu dute lantokietan dagoen indarkeria. «Aldez aurretik badakigu indarkeria hori ezkutuan gelditzen den errealitate bat dela», dio Arantxa Vazquezek. Oso salaketa gutxi iristen zaizkie lantokietatik, bere ustez, «beldurrak eta mehatxuek eraginda». Gainera, kasu bat salatzen denean, «zailtasun handiak» daude prozedura martxan jartzeko, LABeko kideak nabarmendu duenez. Zailtasun horien oinarria emakumeen egoera prekarioa da neurri handi batean: aldi baterako kontatuak, ordutegi txarrak, soldata tamalgarriak...

«Lanik gabe gelditzeko mehatxua hor dago beti, baina baita beste motatako zigorrak ere», azaldu du Arantxa Vazquezk. Ordutegien aldaketa, kontziliazio neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea edo aldatzea lortzen denean gustukoa ez izatea… Horiek dira indarkeria matxista salatzen duten emakumezkoei enpresetan aplikatzen dizkieten ohiko zigorrak.

Bestalde, lantoki desberdinetan dagoen indarkeria matxista ikuspuntu desberdinetatik ere aztertu du sindikatu abertzaleak eta formazioa oso garrantzitsua dela ondorioztatu du. Horregatik, protokoloa aurkezteko egindako jardunaldian, formazioa ere landu dute.

Laburbilduz, LABen helburu nagusia da protokoloa behingoz martxan jartzea, gainontzeko sindikatuekin adostea, eta indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzea.