NAIZ

EHUk doktoretza aurreko ikertzaileei zor diena ordaindu beharko diela ebatzi du Gorenak

Espainiar Auzitegi Gorenak EHUk jarritako kasazio errekurtsoa baztertu du eta, ondorioz, unibertsitateak zor diena ordaindu beharko die doktoretza aurreko ikertzaileei, LABek jakinarazi duenez.

UPV/EHUko doktoretza aurreko ikertzaileak protestan, Leioako campusean, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
UPV/EHUko doktoretza aurreko ikertzaileak protestan, Leioako campusean, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

LAB sindikatuak ostiral honetan jakinarazi duenez, espainiar Auzitegi Gorenak ez du onartu doktoretza aurreko ikertzaileen aldeko ebazpenaren aurka EHUk ezarritako kasazio errekurtsoa eta, hortaz, unibertsitateak ikertzaileen soldatak egokitu beharko ditu.

Sindikatua eta unibertsitatearen arteko gatazka 2019ko martxoan hasi zen, ​epainiar Estatuan EPIPFa (Doktoretza aurreko Ikertzaileen Estatutua) indarrean sartu zenean. «Behin eta berriz UPV/EHU interpelatu genuen ikertzaile horien soldatak lege horrek ezarritako gutxienekoetara egokitu zitzan, baina ez genuen Administrazioaren aldetik erantzun positiborik jaso», oroitarazi du LABek.

Jarrera horri erantzuteko asmoz, sindikatuak doktoretza aurreko ikertzaileak jaso ez zituzten zenbatekoak judizialki erreklamatu zitzaten animatu zituen. Hori horrela, LABek jakinarazi du «dozenaka erreklamazio» tramitatu zituztela eta erreklamatzaileen aldeko «hainbat sententzia» ebatzi zituela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Hala ere, LABek azaldu duenaren arabera, EHUk kasazio errekurtsoa jarri zuen espainiar Auzitegi Gorenean «nahikoa oinarri juridiko» ez zegoela argudiatuz. Orain, sindikatuak iragarri du Gorenak ez duela unibertsitate publikoak ezarritako lehenengo helegitea onartu eta, hortaz, EAEko Justizia Auzitegiaren epaia berresten duela.

Ondorioz, EHUk EPIFak arautzen dituen gutxieneko soldatak egokitu beharko ditu eta 2019ko martxoaren 16tik aurrera doktoretza ikasleekiko sortu dituen zorrak ordaindu beharko ditu.