Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Kuikui’ naturaren eta hizkuntzen aldeko lana aurkeztu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek

Zozoak tukanari «kui kuikui» egin dio, tukanak hontzari «kerrek, kerrek» eta hontzak erle-txoriari, «bu bururu uru». Kantuon bidez, euskarari heldu diote Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Miren Amurizaren ipuina oinarri, animazioa, diskoa eta ikuskizuna osatu dituzte. Irurtzunen da estreinaldia.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lan berria aurkeztu dute, ‘Kuikui’. (KATXIPORRETA)
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lan berria aurkeztu dute, ‘Kuikui’. (KATXIPORRETA)

Urtero konpontzen dute mundua Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, eta hurrengo urtean berriro konpondu beharrean aurkitzen dute. Aurtengoan euskarari erreparatu diote, herrigintza, euskalgintza eta kulturgintza geldirik egon direlako urtebetez.

‘Kuikui’ lan berriak Miren Amurizaren ipuina du abiapuntu. Bertan azaltzen denez, txoriak eta euren kantuak bezala, herriak eta hizkuntzak behar ditu munduak. «Polita egin du Amurizak, norberak atera dezakeelako bere interpretazioa», adierazi dio NAIZi Porrotxek. «Gu pailazook ispilu aurrean jarri gaitu: zer jarrera hartu hizkuntzarekiko?».

Irrimarrak (Karmele Gorroño eta Irene Irureta) egin ditu ilustrazioak, kolore biziz, «beste indar bat eta beste helduleku batzuk eskainiz». Ipuina sare sozialetan zabalduko dute ahots eta animazioarekin. Bideoklip gisa ere bai.

Ipuinaren barrenean diskoa ere badoa, Xabier Zabalaren kantuekin. ‘Kuikui’ abestiaz gain Zabalak beste lau kantu moldatu ditu: ‘Txoria nintzela’, Imanol Urbieta eta Joxan Ormazabalena; ‘Bakarrik eta libre’, hau ere Urbietarena; ‘Xoxoak galdu du’ abesti tradizionala, eta ‘Itsasoa laino dago’. Denetan daude txoriak, askatasuna. Aurretik grabatuak zituzten beste abesti batzuk ere bildu dituzte diskoan, eta gerora ikuskizunean planteatu duten istorioa islatu dute. Beste istorio batzuk txertatu dituzte, abestiekin haria josiz.

Ikuskizuna

Ikuskizunean, Marimototsek esaten du berak txori izan nahi duela, eta urrutira begiratu. Gaitasun horretatik bale bat ikusiko du itolarrian, plastikoz beterik, eta Txo Mikmak indio txikia berari laguntzen, pinguino bat bidelagun. Tider ere ikusiko du pailazo bihurriak, migratzailea, Bidasoa zeharkatu nahian anaia Baionan duelako zain. Hontzak lagunduko dio.

Amaieran, Ilargi baserritarra agertuko da, labean madalena eta bizkotxo goxoak eginez eta lurra zainduz eta maitatuz bizi dena. Margarita oiloak koloretako arrautza errungo du eta txita jaioko da, «kuikui» abestuz, mundu berri baten aldarri.

Aranzadirekin elkarlanean

Abenduaren 3an estreinatuko dute ikuskizuna, Irurtzunen, eta Aranzadi elkartearekin bat eginez, saioro txorien habia-kutxak oparituko dizkiete euskalgintzako eragileei, esker onez.

Joan den urtean, ‘Amaren intxaurrak’ heriotza lantzen duen ikuskizunaren amaieran zuhaitzak landatzen aritu ziren herriz herri, eta aurten Aranzadi elkartearen Txorivox proiektu hezitzailean parte hartuko dute. «Txorien habia-kutxak egiten dituzte, eta arboletan zintzilikatu, gure kaleetan ere txoriak egon daitezen. Biodibertsitatea zabaldu nahi dute, eta boluntarioek jarraipena egiten diete habia-kutxei. Gure saioetan horretan ari direnak zoriondu nahi ditugu, baita hizkuntza ardatz harturik euskararentzat sortzen ari diren habia goxoak ere», agertu du Joxe Mari Agirretxek.

Dena zein ongi lotzen duten aipatzean, esan du herrigintzan talde eta eragile asko ari dela bakoitza berean eta beretik, baina denak daude harremanetan: «Batzuk natura zaintzen ari dira, bioaniztasuna, txoriak Aranzadiren kasuan, eta hori ere erlazionatua dago herri, hizkuntza eta kulturekin. Kate bat da dena eta bata bestearekin josi eta balorean jarri dugu, natura eta txoriak eta horrekin batera herriak, kulturak eta hizkuntzak».

«Gelditzen bagara, korronteak eramango gaitu»

Urtez urte lagun taldea zabaltzen ari dira pailazoak. «Gure ibilbidean altxor bat izan da hori. Pentsa zenbat bertsolari, idazle, abeslari eta musikarirekin kolaboratu ahal izan dugun. Antolatzaileak ere hor daude, zenbat kultur talde, eskola, euskara talde… Zorionez, Euskal Herrian badaukagu herrigintza eta horrekin bat egiten duen kulturgintza. Herri txikia gara, zapaldua, gure hizkuntza ere hala dago. Txoriak bai, baina izokinak ere bagara, korrontearen aurka saltoka, bizi nahian. Gelditzen bagara korronteak eramango gaitu eta mundua gaur egun uholde handi bat da, globalizazio honek eraman zaitzake aurretik».

Erantsi duenez, «borroka horrek enpatia bat ematen digu gu bezala ari denarekin eta bazterrean dagoenarekin. Euskal kulturako denetariko sortzaileei erreparatuta zer nolako mezuak zabaltzen dituzten, bestelako mundu bat aldarrikatzen ari dira: hezkidetza, kultur artekotasuna, ekologia, beste justizia eta mundu bat… Horregatik diogu hizkuntza ez dela bakarrik komunikatzeko tresna bat, badela balioak transmititzeko bitarteko eder bat ere, mundua ulertzeko tresnak ematen dizkiguna».

Ziurgabetasun handian oraindik

Hondarribian estreinatzekoak ziren ikuskizuna joan den asteburuan, honetan Amurrion egitekoa ziren saioa ere atzeratu egin da covidagatik eta azkenean estreinaldia datorren ostiralean, abenduak 3, eginen dute Irurtzunen, Euskararen eta Nafarroaren Egunean hain justu. Hortik aurrera pandemiaren egoera ez okertzea eta gutxieneko normaltasun baten barruan lana eskaintzeko aukera izatea espero dute.

«Jada bi urte pasatu direnean iruditzen zaigu oraindik ere ziurgabetasun handia bizi dugula. Joan den urte honetan, distantziak, musukoak eta aforo murriztuak tarteko baina egin dira kultur ekitaldiak. Momentu honetan Jaurlaritzak udalen esku utzi duenez erantzukizuna eta irizpide garbirik ez dagoenez, murriztera jotzen da sarri. Beldur pixka bat ematen digu egoerak, eta iruditzen zaigu izan dugula denbora ikasteko, kultura modu seguru batean egin daiteke, frogatu da hori. Ea ez duen honek kulturarentzat beste ondorio txarrik ekartzen. Azken bi urte hauek herrigintzarentzat eta kulturarentzat oso gogorrak izan dira, esaten genuen bezala izokinen moduan ibili behar dugu beti baina gelditzen bagara korronteak eramaten gaitu eta atzera egiten dugu».

Ez lehen bezala baina ikasturte honetan ‘Amaren intxaurrak’ ikuskizuna aurrera eraman ahal izan dute pailazoek eta orain ‘Kuikui’ ere herriz herri zabaldu ahal izatea nahi dute.

Musu poltsa magikoa aurten ere

Ezin musurik banatu, ezin besarkadarik eman, beti izan duten hurbiltasun hori bukatu da. Marimototsen musu poltsa magikoarekin musuak jasoko dituzte munduan zehar zabaltzeko, aurten bereziki Txo Mikmak txikiarentzat, Tiderrentzat, Ilargirentzat, pinguinoarentzat, hontzarentzat, Margaritarentzat eta txita koloretsuarentzat. «Baina kontaktu hori galdu da eta pena da, zerbaitek alaitzen eta betetzen bagaitu hori delako».

Gainera, ikuskizunean esaten duten bezala, «mundua zaintzen ez badugu berriro gaixotuko gara. Aldaketa orokor bat behar da, iraultza handi bat maila guztietan, ardura potoloenak dauzkatenetatik hasi eta gu denon eguneroko bizitzaraino. Beste armonia batean bizi beharko genuke».

‘Zorionak, Marimotots’ formatu txikiarekin ere bai

Formatu handia martxan dute eta formatu txiki bat ere bai, joan den urteko gaiari, heriotzari, jarraipena eman nahi diotelako.  ‘Amaren intxaurrak’ ipuin kontaketa animatu bezala egin dute Porrotx eta Marimototsen artean, eta formatu txiki horrekin auzo eta eskoletara joaten ari dira. 

Bi formatuekin ibiliko dira beraz, batetik ‘Kuikui’ eta bestetik ‘Zorionak, Marimotots’. «Familian gertuko senide bat hil zitzaidan, eta etxeko txikiek ama hil zitzaion lehengusuari beren maitasuna transmititu nahi zioten. Marrazki bat egitea pentsatu zuten. Hizketan egon ziren nolako marrazkiak egin, triste bazegoen alaiak komeni zirela erabaki zuten eta ume txikienak marrazkia egin eta ‘zorionak, Eñaut’ jarri zion. Zaharrenak esan zion ‘baina nola jarri diozu zorionak Eñaut?’», kontatu du Agirretxek barrez.

Hortik ideia hartuta ‘Zorionak Marimotots’ jarri diote ‘Amaren intxaurrak’-en ipuin kontaketa animatu horri, nahiz eta ama hil zorionekoa izan delako amarengandik jasotako balio guztiengatik, harengandik ikasitako guztiagatik eta harekin bizi izanaren zorte horregatik.