Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Ongizatea ardatz, gizartearen gabezien eta erronken gaineko ikastaro trinkoa eman dute

Zaintza, sistema publikoa, garapen ekonomikoa, inbertsio soziala... Gai horiek eta beste asko jorratu zituzten atzo, ongizatea oinarri hartuta EHUko GEZKI institutuak eta TMeLab-ek antolatutako jardunaldian. Gizartearen erretratua egin eta haren erronkak aztertu zituen solasaldi mamitsua Donostian.

Martin Zuñiga, Gizarte Lanean doktorea eta SSI kooperatibako kidea, eta Eva Salaberria, Donostiako Udaleko teknikaria eta Donostia Lagunkoia Hiri Planaren arduraduna. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)
Martin Zuñiga, Gizarte Lanean doktorea eta SSI kooperatibako kidea, eta Eva Salaberria, Donostiako Udaleko teknikaria eta Donostia Lagunkoia Hiri Planaren arduraduna. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Pertsona baten ongizatea subjektiboa eta transferiezina da, eta, beraz, norberak neurtzeko gauza erraza. Beste kontu bat da gizarte baten ongizatea, hamaika erpin dituen eta beste hainbeste eztabaida ireki ditzakeen gaia baita. Nahiko argi geratu zen hori Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak eta EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak (GEZKI) atzo antolatu zuten jardunaldian.

“Ongizatea eta bere adierazleak” izenburua zuen gogoeta saio mamitsua izan zen Donostiako Zuzenbide Fakultateko gradu aretoan. Bertan, goiz osoan zehar, eta betiere ongizatea ardatz hartuta, egungo sistemak dituen arrakalak eta gabeziak mahaigaineratu zituzten hizlariek.   

Alde horretatik, ongizatea bera zer den azaltzea izan zen antolatzaileek jarri zuten lehenengo egitekoa, eta horretan aritu ziren Malen Dominguez Zabala soziologoa, Unai Villalba-Eguiluz EHUko irakaslea eta Amaia Inza, EHUko Gizarte Langintza eta Lan Harremanetako Fakultateko dekanoa. Hurrenez hurren, ongizatea ulertzeko ikuspegien markoa, giza garapenaren ikuspegitik ongizateaz egiten den definizioa, eta inbertsio sozialaren paradigma jorratu zituzten.  

Zaintza eta bizitza eredua
Behin mamiari helduta, binakako solasaldien txanda hasi zen, Enekoitz Etxezarreta irakasleak gidatuta. Hurrengo urteetako erronkei buruz jardun zuten, eta hitza hartzen lehenak Jule Goikoetxea, Zientzia Politikoan doktorea eta EHUko irakaslea, eta Felix Arrieta, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta politologoa, izan ziren. Eta nahiz eta moderatzaileak antzeko profilak zituztela aipatu, zaintzaz eta zaintzaren beharrak asetzeko egitura formal eta informaletatik egin daitekeenaz iritzi trukaketa interesgarria izan zuten.

Goikoetxeak abiatu zuen hizketaldia, eta nabarmendu zuen zaintza eredu berri bat garatzeko ezinbestekoa dela «bizitza eredu berri bat planteatzea»; «gizarte berri bat eta sistema produktibo berri bat», alegia.

Martin Zuñiga Gizarte Lanean doktoreak komunitateek pertsona askoren bizitzan betetzen duten papera nabarmendu zuen; batez ere, esparru emozionalean

Izan ere, gogora ekarri zuenez, gai hau aztertzean badago ezin ahaztu daitekeen gauza bat: mundu osoan zaintza emakumeek egiten dutela, eta, gainera, ordainik jaso gabe. «Zergatik egiten dute emakumeek lan musu-truk», bota zuen irakasleak, gaineratuz emakumeak amatasunerako eta zaintzarako hezten direla, eta oraindik ere  «emakume izatearen ezaugarri nagusia zaintzaile ona izatea» dela. «Hori aldatzen ez bada, bestea ez da aldatuko», azpimarratu zuen, eta, alde horretatik, adierazi zuen arazoa ez dela konponduko egitura ekonomiko zehatz batzuk soilik aldatuz.

«Etxean zaintzea nahi dugu», hasi zuen Arrietak txanda, eta zaintzaren esparru horretan sektore ekonomiko bat eraikitzeko beharra nabarmendu zuen, orain arte egon ez dena edo oso ahul dagoena. Sektore horretan «ze enpresa mota nahi dugun, kooperatibak izatea nahi dugun, langileek ze baldintza izango dituzten» pentsatu beharko dela nabarmendu zuen; izan ere, «zaintza desfamiliarizatu nahi dugu, baina hori nola egin pentsatu behar dugu».
Arrieta Goikoetxearekin bat etorri zen, alde batetik, zaintza emakumeek egiten duten lana dela, eta, bestetik, egungo sistemak ez duela balio, eta «sistema birpentsatu» behar dela adierazi zuen.

Dena den, gai horretan epe luzera eta epe laburrera pentsatu behar dela gaineratu zuen, eta, adibidez, zaintzaren esparruan merkatu bat beharrezkoa dela esan zuen, haren hitzetan, «eskaera bat badagoelako eta eskaera horri erantzun bat eman behar zaiolako».

Entzuleari ziztu bizian joan zitzaion berbaldian, zaintzaren familiarizazioaz, instituzionalizazioaz, eskubideen aitortzetik egikaritzera dagoen jauziaz, eta gobernantza algoritmikoaz aritu ziren Arrieta eta Goikoetxea, eta honek argi utzi zuen zaintza ez dela «arazo» bat, «bizitza duina posible» egiten duena baizik.

Publikoa eta komunitarioa

Eva Salaberria Donostiako Udaleko teknikaria eta Martin Zuñiga Gizarte Lanean doktorea sistema publikoaren eta komunitatearen arteko harremanaz aritu ziren, eta azken honek aipatu zuen askotan komunitatea lurralde ikuspegi batetik ulertu den arren –auzoa, herria...–, komunitatea eremu horretan gertatzen diren erlazioak edo erlazio-prozesuak direla, eta, beraz, auzo batean komunitate bat, bat baino gehiago edo batere ez egotea posible dela.

Udalean urte luzez egindako lanean oinarrituta, Salaberriak ere garrantzitsutzat jo zuen komunitatearen definizioa zehaztea, «udaletxean bertan, norekin hitz egiten duzun, gauza desberdinak esaten dizkizutelako». Komunitateak bokazio eraldatzaile bat baduela adierazi zuen, ekitatearen alde, bizi-kalitatea hobetzeko.

Ekosistema publiko-komunitarioa eraikitzeak suposatzen duen erronka azpimarratu zuen Zuñigak, ez bide baita erraza. Hori azaltzeko, adibide gisa zaintza hartu zuen, oso errotuta baitago gai hori familian eta pribatutasunean jorratzea. «Komunitateak parte hartuko duen zaintza sistema bat nahi badugu, mentalitatea aldatu behar dugu», ondorioztatu zuen.

Bide horretan, Salaberriak «gertutasuna eta egunerokotasuna» ezinbesteko elementutzat jo zituen. Donostiako Udal teknikariak adierazi zuen berak komunitatea ez duela hiri-eskalan ulertzen, auzoan baizik, nahiz eta auzoa ere batzuetan handiegia izan daitekeen.

Haren ustetan, dagoeneko funtzionatzen duten ekosistemak aitortu eta aztertu behar dira, eta horietatik ikasi, «egon badaudelako». Aipatu zuen, halaber, prozesu komunitario askotan administrazioa baliabideak jartzen dituen eragile gisa bakarrik ikusten dela, eta, alderantziz, administrazioak ez dituela aintzat hartzen prozesu komunitario horiek. Alde horretatik, «elkar ezagutzea eta konfiantzazko harremanak eraikitzea» beharrezkoa da, «bakoitza mutur batean badago, oso zaila delako elkarlana».


Jardunaldiaren azken txanpan, Marijo Aranguren, Orkestra-ko zuzendaria, garapen ekonomikoaren eta ongizatearen arteko harremanaz aritu zen

Zuñiga, bestetik, proiektu komunitario bat garatzeko bidean elkarteak «alde batera» geratzearen aldeko agertu zen. Elkartegintza eredua «pixka bat agortuta» dagoela adierazi zuen; beraz, «harago» joatea hobetsi zuen, eta «elkarteetan ez dagoen jendea erakartzea». Salaberriak, berriz, esparru horretan «aktore desberdinak» daudela nabarmendu zuen, «elkarteak, auzokideak, merkatariak, elkarrekin lan egin nahi duen edozein», eta, haren iritzian, «zenbat eta desberdinago, hobeto». Gainera, komunitatea «elkarrekikotasunean» oinarritzen dela adierazi zuen, denek eman eta denek jasotzen baitute zerbait.

Atzo, hizlariek eman eta aretora gerturatutakoek jaso zutena ikastaro trinkoa izan zen; gure gizarteaz, gure bizimoduaz eta aurrean ditugun erronkez.