Dabid Lazkanoiturburu

Ultraeskuinak Suediako politika aztoratu du

 Suediak azken hamarkadetako krisialdi politikorik larriena bizi du eta horren aiderazle da iragan astean bizi izan den pasadizo bitxia. Lehen ministra berriak kargua utzi zuen ordu batzutara. Ultraeskuina iritsi denetik matematika parlamentarioa ia ezinezkoa da.

Magdalena Andersson gobernu-buru laburra. (AFP)
Magdalena Andersson gobernu-buru laburra. (AFP)

Aurreko asteazkena historikoa izan zen Suedian zentzu bikoitzean. Alde batetik, emakume bat, Magdalena Andersson,  gobernu-buru bilakatu zen lehen aldiz Eskandinaviako herrialdean. Baina, bestetik, ordu batzuetara, eta kargua hartu baino lehen, amore eman behar izan zuen, Parlamentuak eskuinaren aurrekontuak onartu ondoren. Nola da posible? Ingurumenaren alderdiak, sortzear zegoen gobernu koalizioaren kideak, ez zituen babestu lehen ministroak aurkeztu zituen kontuak.

Aurrekaririk gabeko egoera bitxia, beraz.

Izan ere, astelehenean bertan Parlamentuak lehen ministra izendatuko du ziurrenik berriro ere Andersson, ekologisten babesa mantentzen duelako.

Suediako historian «egunik xelebreenaren» biharamunean errieta egin zien gogor Parlamentuaren presidenteak berdeei, herrialdean politikak eta alderdiek jasan dituzten kalteen erantzukizuna egotziz.  

Ekologistek, ordea, Zentruko alderdiari bota dio errua. Gobernu kide honek ere aurrekontuak ez zituen babestu,  Ezker Sozialistaren abstentzioaren trukean Anderssonek gai batzuetan amore eman omen zuelako.

Ultraeskuinaren iritsiera

Suediak bizi zuen kaos politikoaren oinarriak ezagutzeko 2010era atzera egin behar dugu. Urte hartan Parlamentura iritsi zen Suediako Demokratak (sic) alderdia, talde nazi baten baitan sortu zena. Egun ez du Hitlerren aroa aldarrikatzen baina erabat xenofoboa izaten jarraitzen du.

Ez da azken urteetan Eskandinavian sortu den ultraeskuineko alderdi bakarra. Hor daude Danimarkako Alderdi Popularra, Aurrerapenaren (sic) Alderdia Norvegian, eta Benetako Finlandarrak. Guzti hauek gobernutan parte hartu edo gobernuak babestu dute eta gainerako alderdiek onartzen dituzte, arrazistak eta etorkinen aurkakoak baldin badira ere.

Hamarkada luzeetan eskaini izan duen asilo politika oparoagatik ezaguna den Suedian, alderdiek osasun-hesia eraiki zuten Suediako Demokraten (SD) inguruan. Hala ere, honek gero eta boto gehiago eskuratu ditu. 2014an hirugarren indar politikoa bilakatu zen eta 2018an %17,6a lortu zuen.

Horrela, bada, Stefan Löfven sozialdemokratak osatu zuen koalizio gorri-berdeak  agintzen du 2014tik, nahiz eta gutxiengoa duen. Izan ere, azken bi hauteskundeetan zentro-eskuinak (moderatuak, zentrokoak, demokristauak eta liberalak) du gehiengoa.   
Löfvenek blokeen politika hautsi eta zentrokoen eta liberalen babesa lortu zuen, baina ezker sozialisten bozak ere behar zituen kontuak ateratzeko. Hauek zein besteek ezin dute elkar ikusi ere egin.  

Oreka nolabait mantendu zen duela hilabete gutxira arte, Ezker Sozialisten buruzagi berriak, Nooshi Dadgostarrek, bere babesa doan ez zituela emango ohartarazi zuenean.

Tirabirak koalizioan

Zentroko alderdiak bultzatu zuen Alokairu legearen murrizketak sozialistak haserrearazi zuen eta hauek zentsura mozioa aurkeztu zuten Löfven aurka. Handik bi asteetara, erreforma bertan behera utzi ondoren agintari sozialdemokrata kargura itzuli zen.

Hala ere, Löfvenek kargu guztiak utzi zituen abuztuan datorren urteko iraileko hauteskundeei begira. Hala ere, egoera ez da baretu,   Andersson bere ondorengoari gertatutakoak agerian utzi duenez.

Bitartean, SDaren inguruko hesia hausten hasi da eta kontserbadoreak eta demokristauak hasi dira ultraeskuinarekin hitz egiten aurrekontuak negoziatu ahal izateko.  


«Dagoeneko barruan gaude eta atzetik bada ere agintzen  dugu. Egiten ari garena benetan esanguratsua da», aldarrikatu du SDaren buruzagiak, Jimmie Akessonek.

Inkesten arabera, Akessoni puntu bateko aldea baino ez dio ateratzen Ulf Kristersson kontserbadoreen buruak. Beraz, gauzak ez omen dira ia ezer aldatuko 2022ko hauteskundeen ondoren.