NAIZ

Kritikak jaso ondoren, migranteen harreran elkarlana iragarri dute Urkulluk eta Etchegarayk

Urte erdi eskasean mugan zazpigarren etorkina hil berri delarik, adierazpen bateratua kaleratu dute astelehen honetan Iñigo Urkullu eta Jean-René Etchegaray lehendakariek, beren «humanismoa» aldarrikatuz, egiten duten lana nabarmenduz eta elkarlana sustatzeko konpromisoa azalduz.

Lakua eta Madril parekatu zituzten Irungo azken elkarretaratzean, Xabier Legarreta Migrazio zuzendaria zuzenki aipatuz. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lakua eta Madril parekatu zituzten Irungo azken elkarretaratzean, Xabier Legarreta Migrazio zuzendaria zuzenki aipatuz. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bidasoan gertatutako etorkin baten azken heriotzaren ostean zuzenki salatu zen Irungo elkarretaratzean Lakuako Gobernuaren inplikazio maila, pankartan Gobernu espainolarenarekin parekatuz. Lapurdiko elkartasun taldeek ere behin baino gehiagotan kritikatu dute erakundeen axolagabekeria. Testinguru honetan adierazpen bateratua kaleratu dute astelehen honetan Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Euskal Elkargoaren lehendakari den Jean-René Etchegarayk.

«Iragaitzazko migrazioen krisiaren aurrean» hauxe adierazi dute biek ezer baino lehenago: «Gure atsekabea eta kezkarik handiena azken hilabeteetan gure mugan zazpi pertsonaren heriotzak adierazten duen dramaren aurrean, baita beste 27 pertsonaren heriotza berekin ekarri duen Calaisko tragediaren aurrean ere. Elkarrekin berretsi nahi dugu pertsonen oinarrizko eskubideen errespetuarekin dugun konpromiso humanitarioa, arrazoi desberdinengatik, beren jatorrizko herrialdetik alde egitea erabakitzen dutenena. Hartara, berretsi egiten dugu gure errespetua nazioartean eta Konstituzioan jasota dauden babes-figurekiko».

«Gure tradizio humanistak, gure nortasunean sakonki errotuak, gure emigrazio-historiak eta gure harrera-kulturak erantzun solidario eta arduratsu bat ematera behartzen gaituzte«, erantsi dute bi lehendakariek.

Hau esanda, bi administrazioen lana balioan jartzeko ahalegina egiten dute. Eta horretarako Baionako eta Irungo zentroak jartzen dituzte adibide: «Pausa zentroa sortu dugu, Baionako hiriak hasia Euskal Herri Elkargoaren eta elkarteen laguntzarekin, migrazio-ibilbidean etenaldi bat errazteko. Irun-Hilanderasetik igarotzen ari diren migratzaileentzako harrera-baliabidea abian jarri dugu, Euskadiko Gurutze Gorriarekin lankidetzan, eta erakundeen arteko koordinazio-mahai bat eratu dugu, migrazio-fluxuen premia aldakorretara egokitutako kontingentzia-planak berritzen ari diren gizarte-erakundeen parte-hartzearekin».

«Horregatik, borondatez jarduten jarraituko dugu iragaitzazko migratzaileei eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei tratamendu duin eta gizatiar bat emateko. Gainera, egoera dramatikoak ugaritzen ari direnez, ekintza sendo eta koordinatu bat eskatzen diegu Europar Batasunari eta estatu kideei, arlo humanitarioan eta segurtasunaren arloan», jarraitzen du adierazpenak.

Europar Batasunari so

«Era berean, Europar Batasunak eta estatu kideek batera jardun behar dute iragaitzazko migratzaile horien igarotze segurua bermatzeko –adierazi dute Etchegarayk eta Urkulluk–. Igarobide jakin batzuk oraindik ere itxita egoteak ez du inola ere eragozten pertsona horiek irteteko duten asmoa».

«Europar Batasunak eta estatu kideek ahaleginak areagotu behar dituzte ahalik eta sendotasun handienarekin gizakien trafikatzaileen aurka borrokatzeko, aprobetxatu egiten direnez gero beren jatorrizko herrialdeetatik irten behar duten emakume eta gizon horien etsipenaz eta miseriaz», erantsi dute. «Irmotasunez egiten diegu dei elkarrizketari eta lankidetzari, erantzun berriak aurkitzeko, segurtasunaren eta gizakien salerosketaren aurkako borrokaren eskakizunei uko egin gabe, aukera emango dutenak gizon horiek, emakume horiek eta haur horiek oinarrizko eskubideak errespetatuta tratatzeko, kontuan izanik estatu kideek eta EBk konpromisoa hartua dutela oinarrizko eskubide horiek errespetatzeko».

Lankidetzarako konpromisoak

Beren aldetik, Lakuako Gobernuak zein Euskal Elkargoak «konpromisoa hartzen dugu erakundeen arteko lankidetzarako esparru berri batean lan egiteko, pertsona horien sufrimendua eta jasaten dituzten arriskuak arintzen laguntzeko».

Hiru esparruetan kokatzen dute elkarlan hau: «Espazio komuna: Etengabeko elkarrizketa bat sortzea, iragaitzazko migrazio-fenomenoarekin lotutako egoerak partekatzeko eta horiei erantzuna emateko. Informazio partekatua: Gure harrera-baliabideak erabiltzen dituzten pertsonen egoerari eta profilei buruzko datuak eta informazioa partekatzea. Eta erakundeen arteko koordinazio-mahaia: Euskal Herri Elkargoko ordezkaritza bat, EAEko Administrazioekin eta sektoreko eragileekin batera, erakundeen arteko koordinazio-mahaian sartzea, iragaitzazko migratzaileei premiazko harrera egiteko».