NAIZ

Oinez Basoa proiektua saritu du Orreaga Fundazioak Nafarroaren Egunean

Orreaga Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu ostiral honetan Nafarroaren Eguna dela eta. Nafarroako Ikastolen Elkartearen Oinez Basoa proiektuak ‘Pedro de Nabarra Mariscal’ saria jaso du, eta Justizia Auzitegi Nagusia ‘Leringo kondea’ izendatu dute euskararen aurkako epaiengatik.

Nafarroa Eguna ospatu du Orreaga Fundazioak. (Iñigo URIZ/FOKU)
Nafarroa Eguna ospatu du Orreaga Fundazioak. (Iñigo URIZ/FOKU)

Urtero bezala, Nafarroaren Eguna dela eta, Orreaga Fundazioak ekitaldia egin du ostiral honetan. Ekitaldia eguerdiko 12.00etan hasi da Sarasate pasealekuan, Foruen Monumentuan, lore eskaintza batekin eta aurreskuarekin, «Nafarroaren eta bere interesen defentsan bizitza eman duten pertsona guztien omenez».

Ondoren kalejira batek Comedias, Pozoblanco eta Zapateria kaleak zeharkatu ditu, Udaletxe Plazan amaitzeko. Bertan joaldunak, soinujoleak, txistulariak, gaitariak, trikitilariak, Iruña Dantza Taldea eta Ortzadar fanfarrea izan dira, besteak beste.

Orreaga Fundazioak urtero banatzen die «Pedro de Nabarra Mariscal» saria Nafarroaren interesen eta nortasunaren defentsan egindako ibilbideagatik nabarmendu den pertsona edo erakundeari, eta «Leringo Kondearen saria, aldiz, interes horien aurka egiteagatik nabarmendu dena.

Aurten, ‘Pedro de Nabarra Mariscal’ saria Nafarroako Ikastolen Elkarteari eman zaio, eta zehazkiago, Oinez Basoa proiektuari, «ingurumenaren alde egindako lanagatik».

«Oinez Basoa Proiektu honen helburua, basoak sortuz, Nafarroa Oinez-en jai jendetsuak ingurunean egiten zuen inpaktu ekologikoa minimizatzea da. Oinez Basoa proiektuak, 2008. urteaz geroztik, eremu zabalak birlandatzea ekarri du, 50.000 zuhaitz landatuz. Urrats bat da, itxuraz apala, baina oso garrantzitsua aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko, azken aldian guztion ahotan dabilena», azladu du Orreaga Fundazioak.

‘Leringo Kondea’ aipamena, aldiz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari eman zaio «berez murriztaileak diren lege batzuk zorrotz aplikatzeagatik, euskarak duen presentziaren aurka aurkeztu eta ebatzi diren errekurtsoei dagokienez».

Noaingo guduaren 500. urteurrena bete denez, Marian Pérez de Lamanak, Noain 500 urte/urte Plataformaren izenean, eta Amagoia Susperregik, Nafarroa Berriz Altxakoak, bi gertakarien 500 urteen oroimenezko tailua eman diote Patxi Urrutiari (Amaiurko herriaren ordezkari bezala), «Nafarroaren burujabetzaren aldeko borrokak jarraitzen duen lekuko gisa, duela 500 urte bezala».

Oroimenezko tailua eman diote Patxi Urrutiari. (Iñigo URIZ/FOKU)
Oroimenezko tailua eman diote Patxi Urrutiari. (Iñigo URIZ/FOKU)