NAIZ

Europako Etorkizunaren Konferentziari ekarpena eginen diote Iratzarrek eta Kontseiluak

Iratzar Fundazioak, Coppieters Fundazioarekin elkarlanean –besteak beste kultur eta hizkuntzen aniztasunaren alde lan egiten duen Bruselako antolakundea–, bi hitzaldi antolatu ditu Europako Etorkizunari buruzko Konferentzia aberasteko. Hizlarien artean da Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao.

Paul Bilbao Bruselan izanen da asteartean, abenduak 7, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziari ekarpena egiten. (Maialen ANDRES/FOKU)
Paul Bilbao Bruselan izanen da asteartean, abenduak 7, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziari ekarpena egiten. (Maialen ANDRES/FOKU)

Belgikako Coppieters eta Euskal Herriko Iratzar fundazioek bi hitzaldi antolatu dituzte elkarlanean, Europako Etorkizunari buruzko Konferentziari ekarpena egiteko asmoz. Asteartean izanen dira, abenduak 7, Bruselan. Besteren artean, Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, hartuko du parte.

Ekimenaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, enpresa handi eta lobby taldeek munduko instituzioetan eta nazioarteko erabakietan eragiten duten bitartean, ezohikoa da herritarrek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek Europan hitz egiteko –eta, garrantzitsuena, entzunak izateko– aukera izatea.

Mugimendu sozialak, gutxiengoen taldeak eta estaturik gabeko nazioak botere guneen ertzetan egoten dira sarri.

Joan den maiatzean martxan jarri zenetik, Europako Etorkizunari buruzko Konferentziak aukera txiki bat emanen die ahots horiei, aintzat hartuak izan daitezen. Horregatik, komunitate-liderrak, akademikoak eta eskubideen defendatzaileak elkartu nahi izan dituzte, Euskal Herria, Herrialde Katalanak, Eskozia, Gales, Korsika, Kornualles, Irlanda eta Flandriakoak, maiz baztertuak izaten diren kontuez eztabaidatzeko.

Ahots guztiak entzun daitezen bermatu

Arreta berezia jarriko diote kultur eta hizkuntzen aniztasunari, eta Europan hizkuntza gutxituak nola sustatu aztertuko dute. Esplikatu dutenez, elkarrekin lan egin nahi dute «demokrazia hobetzeko eta ahots guztiak entzun daitezen bermatzeko, baita sistema instituzionalak garatzeko ere, Europar Batasunean autodeterminazio eskubidea ezar dezaten».

«Biharko Europa» eraikitzen laguntzea da asmoa, «ahots guztiak onartuko dituena eta bakearen eta demokraziaren aldeko gatazken konponbideak babestuko dituena».

Nola sustatu hizkuntza babesgabeak?

Kultur ondareari buruzko solasaldian, Europako hizkuntza babesgabeak nola sustatu hausnartuko dute Kontseiluko idazkari nagusia Paul Bilbaok, BNGko Nazioarteko arduradun eta Europako parlamentari Ana Mirandak, hizkuntza parekidetasunaren aldeko Europako sareko (European Language Equality Network) idazkari nagusi Davyth Hicks-ek eta Korsikako Hizkuntza eta Kultura ordezkari Lisandru de Zerbi-k.

Bigarren mahai-inguruan, gobernantza, demokrazia eta ordezkaritza nola hobetu eginen dute gogoeta eta, bereziki, nola lortu autodeterminazio eskubideak funtzionatzea. Aimar Etxeberria nazioarteko gaietan aditua den kazetari euskaldunak gidatuta, Matthias Storme Belgikako Lovainako Unibertsitateko zuzenbide irakaslea, Meritxell Serret parlamentari kataluniarra, Stephen Gethins Eskoziako St Andrews Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen Eskolako praktiken irakaslea eta Martina Anderson Sinn Feineko europarlamentaria.