NAIZ

Kirolari euskaldunek bikain hasi dute gurpildun aulkiko Europako saskibaloi txapelketa

Beatriz Zudaire, Agurtzane Egiluz eta Naiara Rodriguez jokalarien taldeak sekulako garaipena lortu du, lehen partidan, Turkiaren kontra (80-11). Asier Garcia, David Mouriz eta Manu Lorenzoren taldeak bigarren garaipena erdietsi du, gaurkoan Suitzaren aurka (48-76).

Beatriz Zudaire, bizkarrez, Espainia eta Turkiaren arteko partidako momentu batean. (FEDDF)
Beatriz Zudaire, bizkarrez, Espainia eta Turkiaren arteko partidako momentu batean. (FEDDF)

Igande honetan gurpildun aulkiko Europako saskibaloi txapelketako bigarren jardunaldia ospatu da Madrilen. Bertan sei euskaldun arituko dira egun hauetan lehian: hiru gizonezko eta beste hiru emakume.

Gizonezkoek bigarren partida jokatu duten gaur, eta atzoko garaipenari segida eman diote. Emakumeek positibo hasi dute baita ere txapelketa; gainera, sekulako jipoia emanda.

Izan ere, 80-11 irabazi diete Turkiari. Beatriz Zudaire, Agurtzane Egiluz eta Naiara Rodriguezen taldeak ez du gupidarik izan. Beno, agian bigarren laurdenean, 9-3ko partzial ‘txiki’ batekin amaitu baitute markagailuan atsedenaldira 35-3 joan aurretik.

Maila eta kalitate aldea nabarmena izan da hasiera-hasieratik. 26-0eko partzialak argi eta garbi erakutsi du Turkiako selekzioak asko duela hobetzeko oraindik. Egia da Espainiak martxa bat jaitsi duela bigarren laurdenean, baina hirugarrenean 25-6ko beste partzial bat lortu du, laugarrenean 20-2koa, eta azkenik garaipen oso erraza eraman du.

Hiru jokalari euskaldunek minutuak izan dituzte. Estatistika aldetik, Beatriz Zudairek 10 puntu, 5 errebote eta asistentzia batekin amaitu du; Naiara Rodriguezek 5 punturekin; eta Agurtzane Egiluzek errebote batekin.

Eguneko beste partidetan, Britainia Handiak 85-16 irabazi dio Frantziari eta gauza bera egin du Herbehereak Alemaniaren aurka (63-35).

Bitik bi

Espainiako gizonezkoen selekzioak, bestalde, txapelketako bigarren garaipena erdietsi du igande honetan. Suitzaren aurka 48-76 irabazi du, larunbatean Frantziari emaitza estuago batekin irabazi ostean (64-61).

Bidaideak taldean aritzen diren David Mouriz eta Manu Lorenzo jokalariek minutuak izan dituzte. Lehenengoak 6 puntu, 7 errebote eta 3 asistentziarekin amaitu du neurketa. Bere taldekideak, aldiz, 13 minutu jokatu ditu, punturik sartu gabe. Bestalde, Asier Garciak gaurkoan ez du jokatu, baina larunbatean protagonista nabarmena izan zen, Frantziaren kontra 13 puntu, 7 errebote y 9 asistentziarekin amaituz.