Andoni Arabaolaza

Urrezko Pioletak, sariaz gain, hausnarketarako beta izan du

Joan den asteburuan Briançonen (Frantzia) eginiko ekitaldian Sani Pakkush eta Robson mendietan lortutako emaitzak saritu zituzten.Horrez gain, Silvia Vidal katalanak eta Yasushi Yamanoi japoniarrak aipamen berezi bana jaso zuten.

Urrezko Pioleta ekimenak 30 urte bete ditu. Hiru hamarraldi nazioarteko jarduera alpinistiko onenak aitortzen jardun du. Eta ibilbide guztian gertatu den bezala, joan den asteburuan Briançonen (Frantzia) egin zen ekitaldian, sariak emateaz gain, egungo zein etorkizuneko alpinismoaren inguruan hausnarketa zabala egin zen.

Antolatzaileek aurreratu digute iazko urtea berezia izan zela, besteak beste, pandemiak sortutako egoerak neurri handi batean jarduera alpinoak baldintzatu zituelako: «Ia mendizale gehienek antolatuta zituzten bidaiak eta espedizioak bertan behera utzi zituzten. Horren ondorioz, etxean bertan geratu eta eskalatzeko baimena zuten inguruetan soilik jarduteko aukera izan zuten. Europarrentzat Alpeak izan ziren eremu bisitatuena, eta mendilerro horretan kalitate handiko igoerak egin ziren. Iazko aktibitate alpino onenak azpimarratu ahal izateko, epaimahaiak erabaki ezberdin bat hartu du. Bi aitormen egin ditu: lehena, mendi garai batean lortutakoari, eta, bestea, garaiera txikiko mendi batean egindakoari».

Lehen sariak Asiara eramaten gaitu; hain zuzen ere, ukitu gabe zegoen alderdi batera. Pakistango Karakorumen dagoen Sani Pakkush mendiari (6.952 m) buruz ari gara. Mendiaren hego aurpegian, Pierrick Fine eta Symon Welfringer frantziarrek hego-mendebaldeko espoloian jardun zuten. Sokada horrek 2.500 metroko bide berri bat zabaldu zuen. Zailtasun teknikoak, berriz: M4, WI4+ eta 90°.

Berez, alpinista frantziar hauek Nepalera bidaiatu behar zuten, baina, aurreratu dugun bezala, pandemiak planak aldatzera behartu zituen: «Soilik bi aste genituen gure helburua zehazteko. Eta aukera hori ematen zigun herrialde bakarra Pakistan zen. Datu kartografikoak ondo aztertu ondoren, Sani Pakkush mendiko hegoaldeko aurpegi ezezagunaren aldeko apustua egin genuen. Igoera bakarra zuen, 1991. urtean talde aleman batek ipar-mendebaldeko ertzetik egin zuena».

Sona handiko sari hori jaso duten protagonisten espedizioa esplorazioan oinarritu zen. Aurrez aurre horma handi eta nahasia zuten. Eta, gainera, arrakasta lortzeko aukera gutxi zituzten; izan ere, urrian jardun zuten, eta Pakistango mendi garaiak igotzeko oso sasoi txarra da. Halere, Fine eta Welfringer-ek helburua biribildu zuten: «Bi astean girora egokitu ondoren, geure xedeari ekin genion. Hotz handia egiten zuen, eta eskalatutako espoloia zaila baino zailagoa izan zen. Lau egun behar izan genituen tontorra lortzeko. Jaitsiera, berriz, igotako bide beretik egin genuen».

Ia 7.000 metro dituen mendi batetik 3.954 metro dituen beste batera egingo dugu salto: Robson-era. Kanadako Mendi Harritsuetan dagoen ia laumilako horretan, Ethan Berman estatubatuarrak eta Uisdean Hawthorn britainiarrak Emperor izeneko murruan “Running in the shadows” bidea (2.300 m, VI, M6, AI5, A0) sortu zuten.

Hormatzar handi batean zailtasun handiko marra bat irekitzeaz gain, alpinistok ez zuten helikopterorik erabili mendi horretara hurbiltzeko. 20 kilometro oinez egin eta gero, 2.300 metroko bide tekniko zaila gainditu eta oso nahasia zen zeharkaldi batek gailurrera eraman zituen. Tontorra zapaldu, beste marra batetik jaitsi eta berriro ere oinez 20 kilometro egin zituzten autora heltzeko.

Aipamen bereziak

Aipatu ditugun bi eskalada horiek Urrezko Piolet bana jaso dituzte. Antolatzaileek adierazi diguten bezala, estilo alpinoan oinarritzen diren igoera zailak azpimarratzen dituzte, baina, horretaz gain, alpinismoaren beste eite batzuk goretsi nahi dituzte: «Zalantzarik gabe, esplorazioaren alde egiten diren jarduerak alpinismoarekin erabat lotuta daude. Eta gai horri garrantzi handia emateaz gain, konpromiso handia eskatzen duten jarduerak eta autosufizientzian egiten direnak ere ezin ditugu ahantzi. Horregatik guztiagatik, Silvia Vidali eskertu behar diogu azken bi hamarkada hauetan hormatzarretako bakarkako eskaladari eman dion guztia».

Eskalatzaile katalan honi buruz ezer gutxi gehitu dezakegu. Orriotako irakurleak ondo baino hobeto ezagutzen du, besteak beste, makina bat aldiz mundu zabalean igo dituen pareten inguruko berriak helarazi dizkigulako. Harrigarria da, bai, autonomia osoan egin dituen bakarkako eskalada horietan erakutsi duen erresistentzia. Erabat bakarrik, irratirik gabe, sakelako telefonorik gabe, GPSrik gabe... Eta kapsula estiloan bide berri asko zabaldu ditu: Alaskan, Kanadan, Txilen, Malin, Pakistanen, Perun...

Jaso berri duen aitormenaren inguruan, Vidalek aurreratu du ezustekoa hartu zuela: «Berria jaso nuenean, onartu behar dut atsegina izan zela. Batzuetan bakarrik egoten naiz; ekitaldi honetan, berriz, jende askorekin. Orekaren parte bat da».

Egiten dituen espedizioen inguruan, katalan honek esan du egoera intentsoak bilatzen dituela: «Niretzat bizitzak aldaketa asko ditu, eta espedizioek hori errazten dute. Zalantzak sortzen ditu abenturak, eta gai naiz hori gelditzeko edo aurrera jarraitzeko. Bakardadea, une egokiena aukeratzen badut, niretzat egokia izan daiteke. Aitzitik, ez naiz pertsona bakartia».

Vidalek ziurgabetasuna aipatu du, eta, hain zuzen ere, bere espedizioak eite horretan oinarritzen dira: «Bakarka, sokarekin eta kapsula estiloan jarduten dut. Baina nire espedizioak definitzerakoan ziurgabetasuna azpimarratu behar dut. Etxera itzultzen naizenean, bestalde, pozarren nago, eskarmentu horretatik onik iritsi naizelako. Ez dut bakarkako espedizio bat urtero egiten; soilik, momentu egokiena iristen denean.

Catherine Destivelle eskalatzaile eta alpinista handia izan zen katalanari saria eman ziona. Baina frantziarrak beste bat eman zuen. Yasushi Yamanoi izan zen jaso zuena. Ekitaldi horretan alpinista japoniarrak egin duen ibilbidearengatik aitortu zuten. Yamanoik aztarna utzi zuen Himalaian eginiko espedizioekin. Erreferente bat izan zen, eta aurrera eraman zuen filosofia eta estiloa azpimarratu nahi izan dituzte. 56 urte dituen mendizale honek 1994. urtean Cho Oyun bide berri bat zabaldu zuen bakarkako estiloan. Eta 2000. urtean, K2 edo Chogori mendia 48 orduan bakarrik igo zuen.

Egungo alpinista askok ez bezala, Yamanoik ez du inoiz Google Earth erabili xedeak bilatu ahal izateko. Etxean liburutegi handi bat du, eta liburuetako argazkiek alde batera edo bestera espedizioak egitera eramaten dute: «Horiek dira nire inspirazio iturriak. Bakarka eskalatzeko hautua nahiko erraza da niretzat. Onartu behar dut zortzimilakoetara bakarrik joaten nintzenean, beldur handia pasatzen nuela. Baina banekien Reinhold Messner-ek Nanga Parbat bakarka eskalatu zuenean egoera hori bizi izan zuela. Horrek guztiak lasaitasuna ematen zidan. Hala eta guztiz ere, estilo horretan egin ditudan espedizio guztietatik oroitzapen onak ditut. Eskarmentu hori bizitzeak bete egiten nau».