NAIZ

Bi urteko etenaren ostean, Zegama-Aizkorri 2022ko maiatzaren 29an lehiatuko da berriz

Antolatzaileek ez dute izena emateko eperik zabalduko, partehartzaileen dortsalak banatuta baitaude 2020tik. Covid-19a dela eta, 2020an Zegama-Aizkorri «birtuala» jokatu behar izan zen eta 2021 honetan, berriz, uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean lau etapatan egin ahal izan da ibilbidea.

Zegama-Aizkorrik bere ohiko itxura berreskuratuko du 2022an. (Gorka RUBIO / FOKU)
Zegama-Aizkorrik bere ohiko itxura berreskuratuko du 2022an. (Gorka RUBIO / FOKU)

Bi urteko eten luzearen ondotik, covid-19aren pandemiaren erruz, Zegama-Aizkorri mendi maratoia bueltan da. Azkenean, 2022ko maiatzaren 29an jokatuko da, hala jakinarazi baitute antolatzaileek astearte honetan sare sozialez bidez eman duten mezuan.

Ohikoa duen data berreskuratuko du Zegama-Aizkorrik, baina honako ekitaldi honi begira ez da izena emateko eperik zabalduko, parte-hartzaileen dortsalak banatuta baitaude 2020tik. Azken bi urteetan ez denez proba jokatu, 2020an inskribatu zirenei lehentasuna ematea erabaki dute antolatzaileek.

«Berdea da itxaropenaren kolorea, gu zuen zain gaude! Apuntatu data! 2022-5-29», adierazi dute Zegama-Aizkorriko antolatzaileek, koronabirusa medio bi urteko lehorteari amaiera data jarrita.

Jakina da Zegama-Aizkorri mendi maratoia, dena den, ez dela geldirik egon bi urte hauetan. Hala, 2020an modu «birtualean» ospatu zuten ekitaldia eta 2021ean, berriz, nahiz eta martxoaren 30ean bertan behera laga «ohiko» lasterketa, «modu presentzialean» egin ahal izan zen Zegama-Aizkorri, baina beste era batera pentsatua.

Uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean, 570 pertsonak eman zuten izena proban, eta 340 sartu ziren Open Trail Races-en sailkapenean. 200 erabiltzaile baino gehiagok parte hartu zuten Strava-ko erronkan Sancti Spirituko segmentua ahalik eta azkarren igoz.

Orotara, 2021eko Zegama-Aizkorri lasterketak 90 egun iraun zuen. Uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean, 572 korrikalari joan ziren Zegamako Kultur Etxera lasterkariaren dortsala eta poltsa jasotzera. Horietatik, 340 parte-hartzailek osatu zuten proba, ekinaldi bakarrean edo lau zatitan.

Uztaila eta iraila bitartean, partehartzaileek maratoi osoa korritzeko edo proposatutako lau etapetako bat egiteko aukera izan zuten: Zegama-Otzaurte (0 km - 7 km), Otzaurte - St Spiritu (7 km - 20 km), St Spiritu - Moano (20 km – 34km) eta Moano - Zegama (34 km - 42 km).

Horrela, gizonezkoetan Zorion Barandiaran herritarra izan zen lasterkari guztien artean azkarrena 5h07:39 denborarekin eta Ana Ramos, 7h45:37 denbora eginez emakumeen artean onena izan zen.