NAIZ

Iratzar eta Coppietersek jardunaldia burutu dute Europako Etorkizunaren Konferentzia aberasteko

Coppieters eta Euskal Herriko Iratzar fundazioek bi hitzaldi burutu zituzten astearte honetan elkarlanean, Europako Etorkizunari buruzko Konferentziari ekarpena egiteko asmoz. Kultur aniztasuna eta erabakitzeko eskubidea izan zuten mintzagai.

Iratzar eta Coppieters fundazioen jardunaldia Europako Etorkizunaren Konferentzia aberasteko. (Iratzar Fundazioa)
Iratzar eta Coppieters fundazioen jardunaldia Europako Etorkizunaren Konferentzia aberasteko. (Iratzar Fundazioa)

Iratzar Fundazioak, Coppieters Fundazioarekin elkarlanean –besteak beste kultur eta hizkuntzen aniztasunaren alde lan egiten duen Bruselako antolakundea–, bi hitzaldi antolatu zituen atzo Bruselan, Europako Etorkizunari buruzko Konferentzia aberasteko.

Lehen saioan, kultur aniztasunari buruzko mahai inguruan, hizpide izan zuten babesik gabeko Europako hizkuntzak sustatzeko moduak. Bertan, Davyth Hicks-ek, ELEN sareko idazkari nagusiak, Ana Mirandak BNGko nazioarteko arduradunak, Paul Bilbaok Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Lisandru de Zerbirek, Bastiako, Korsika, hautetsi eta PraticaLingua murgiltze sistemaren aldeko elkartearen sortzaileak, parte hartu zuten.

Hizlariek egungo egoeraren errepasoa egin zuten, dauden oztopoak zerrendatu eta aurrera begirako proposamen oso interesgarriak mahigaineratu zituzten ere. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak adierazi zuen «Europako Batasunak hizkuntza-politikan sakoneko aldaketak» egin behar duela.

Era berean, hizlariek egindako proposamenen artean aipatu behar dira, hala nola, Europar Batasuneko legeriaren berrikuspena, Europako hizkuntzen plana, hizkuntza gutxituei laguntzeko oinarri juridikoa berregitea, hizkuntza gutxituei laguntzeko ildoa eta konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko mekanismoen beharra.

Erabakitzeko eskubidea

Bigarren saioan, Gobernantza, Demokrazia eta Erakusketari buruzko mahaian, Matthias Stormek, Lovainako Unibertsitateko zuzenbide irakasleak, Meritxell Serretek, Bruselako Europar Batasunean Kataluniak duen Bulegoko buru ohia eta gaur egun Kataluniako Parlamentuko diputatuak, Stephen Gethinsek, St Andrews Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen Eskolako praktiketako irakasleak, eta Martina Andersonek Sinn Feineko kideak eta Europako Parlamentuko kide ohiak, hartu zuten parte.

Aimar Etxebarria mahaiko moderatzaileak honako galdera bota zien mahaikideei: nola jarri erabakitzeko eskubidea martxan?

Martina Andersonen esanetan, «abiapuntua argia da, ez dago anbiguotasunik legean, politikan edo praktikan, Irlanda iparraldeko eta hegoaldeko pertsonek legezko eskubide bermatua dute gure etorkizun eraikitzailea zehazteko. Gure ikuspegia da Ostiral Santuko Hitzarmenaren unitatearen erreferentzia martxan jartzea».

Mahaikideak argi adierazi zuten Europak erabaki bat hartu beharko duela estaturik gabeko nazioen autodeterminazio-eskubideari buruz, marko legalak zehaztu, autodeterminazio eskubidea bermatzeko, baita nazioen aitortza eta hoien ezarpena zaintzeko.

Bi paneletako hizlariek proposamen interesgarri ugari aurkeztu zituzten, aurrera begira. Horregatik, gure demokrazia hobetzeko eta ahots guztiak entzuten direla bermatzeko, eta Europar Batasunean autodeterminazio-eskubidea ezartzeko sistema instituzionalak garatzeko, proposamen guztiak jasoko dituen txosten bat idatziko dute Coppieters eta Iratzar fundazioek. Gero COFEn, Europako Europako Etorkizunari buruzko Konferentzian, aurkeztuko dute, 2022ko urtarrilean.