NAIZ

Xotak jipoia jaso du Cartagenan eta Ribera Navarrak, bigarren porrota erreskadan

Osasuna Magnak sekulako porrota jaso du Cartagenan. Hirugarren sailkatua den Murtziako taldea 8-1 gailendu zaio Irurtzungoari eta hala, bi garaipeneko bolada ona eten da. Ribera Navarrak ere porrota jaso du ElPozo Murtziaren aurka, sailkapenean bera baino postu bat gorago zegoen arerioaren aurka. 

Jimbee Cartagena nagusi izan da Xotaren aurka. (XOTA)
Jimbee Cartagena nagusi izan da Xotaren aurka. (XOTA)

Lehen zatia hasi bezain laster igarri da Jimbee Cartagenaren nagusitasuna, zeina sei garaipen erreskadan lortuta iristen zen asteazken honetako lehiara. Hirugarren jardunaldian Valdepeñasen aurka galdu zuenetik, porrota ezagutu gabe zegoen Murtziako eta Xotaren aurka ere ez du ezustekorik nahi izan. 

Irurtzungoak ere bolada ona berreskuratuta iristen ziren Cartagenara –Ribera Navarraren aurkako porrotetik bi garaipenekin errekuperatu ziren– baina azkenean amore eman behar izan du etxekoen dinamika ona ikusita. 

Hasi bezain pronto 2-0ekoa jarri du Cartagenak eta Dani Zurdok 2-1ekoa jarri badu ere atsedenaldirako minutu baten faltan, segituan Javi Minguezek etxekoentzat bi goleko abantaila berreskuratu zuen (3-1). 

Bigarren zatia hasi eta berehala, beste bi golekin topatu dira etxekoak, Solanorenak biak ala biak. Iñigo Dominguezek nahi baina ezinean ibili dira aldeak behintzat murrizteko baina ez dute lortu, eta hori gutxi ez, eta Javi Minguezek 6-1ekoa jarri du 30. minutuan. 

Solanok, neurketako bere laugarrena eginda, eta Mottak jarri dute bukaerako 8-1eko emaitza. Murtziako taldeak garaipen honekin bigarren postura egin du jauzi; Osasuna Magna, aldiz, bederatzigarren postuan dago. 

Zati bakoitzaren hasieran, gol bana

Ribera Navarrak ere porrot mingarria jaso du. Ez du sekulako gol andana jaso, ez, baina etxean ElPozo Murcia gisako arerio zuzenaren aurka galdu du zati bakoitzaren hasieran jasotako golen erruz. 

Partida hasi eta berehala egin dute gola murtziarrek eta Tuterako taldeak lehen zatian ondo eutsi duen arren, neurketa berdintzeko gola falta izan zaio. Bigarrengoan animo askorekin kantxaratu bada ere, kolpe gogorra jaso du 24. minutuan, Gadeiak 0-2koa egin baitu. 

Erabat zaildu zaio lehia talde nafarrari eta hutsartea eskatzea funtsezkoa izan zaio. Hobeto aritu da horren ostean eta Soaresek aukera ona izan du aldea murrizteko. 

Neurketa apurtu egin da orduan eta hori hobeto probestu du Murtziako taldeak. Hala, Marcelek 0-3koa egin du 33. minutuan, partida kasik erabakita utziz. 

Moraesek zutoinarekin egin du topo sei minuturen faltan eta azkenean, 36. minutuan Anasek egin du 1-3koa. Saiatu dira neurketa are gehiago estutzen baina azkenean, ElPozo Murtziak eraman du garaipena Tuteratik.