Iraide Ibarrondo

Txotxongilo erraldoiak, dantza, musika eta zirkua uztartuko ditu ‘Xarma’ ikuskizunak

Txalapart.ART konpainiak eta Oreka TX taldeak ‘Xarma’ ikuskizun multidiziplinarra estreinatuko dute abenduaren 26an Donostiako Kursaal auditorioan. Ikuskizunak jolasa du ardatz eta etxeko heldu zein txikienak liluratzea du xede.

‘Xarma’ ikuskizuneko artistak Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Zentroan entseatzen. (Gorka RUBIO/FOKU)
‘Xarma’ ikuskizuneko artistak Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Zentroan entseatzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Datorren abenduaren 26an, igandean, estreinatuko da Txalapart.ART eta Oreka TX taldeak elkarlanean sortutako ‘Xarma’ ikuskizuna Donostiako Kursaal aretoan. Izenburuak dioen bezala, ikuskizunak xarma, magia eta liluraz betetako imaginarioa sortzea bilatuko du eta horretarako txotxongilo erraldoien, musikaren, dantzaren eta zirkuaren laguntzaz baliatuko da.

Ikuskizunaren berezitasunetako bat eszenografia izango da. Izan ere, tamaina handiko txotxongilo eta jostailuek osatuko dute eta hauek barrutik manipulatuak izango dira. Hain handiak dira prestatu dituzten txotxongiloak, ezen altuenak 5 metrorainoko garaiera izatera heltzen diren.

Elementu hauek sortuko duten giroa jolasarekin uztartuko dute artistek. Izan ere, ikuskizunaren sinopsiak jolasak ikuskizunean duen garrantziaren pista bat ematen du: «Musika jotzeari ingelesez to play music esaten zaio, musika jolastea. Esaten dute ez diogula jolasteari uzten zahartzen garelako, baizik eta jolasteari uzten diogulako zahartzen garela». Hortaz, jolasteko eta xarmatzen uzteko gonbidapena luzatzen die ‘Xarma’-k ikusleei.

Igor Otxoak, ikuskizunaren zuzendariak, txotxongiloak eszenografia hutsa ez direla nabarmendu du: «Ikuskizunean diziplina desberdinak uztartzeaz gain, badaude jostailu erraldoien eta musikaren bidez bizia hartzen duten bestelako jolasak. Eszenikoki garrantzia izateaz aparte, atmosfera magikoa eta xarmaduna sortzen dute».

Era berean, Otxoak azaldu du artisten arteko talde lanak bere zailtasunak izan dituela, elkarte desberdinetako artista asko batu dituelako. Orotara, zuzendariak kalkulatu du 16 artista egongo direla oholtza gainean eta produkzio, argi, makillaje, janzkera eta bestelako lanetan, aldiz, beste 25 langile inguru.

Zehazki, Oreka TX-eko bost musikari, antzezle bat, Kukai taldeko hiru dantzari, aireko zirkuan espezializatutako bi artista, malabare eta tranpolineko beste bi espezialista eta txotxongilo erraldoien hiru maneatzaile egongo dira agertokia partekatzen.

Hortaz, pandemiaren testuinguruak baldintzatuta, entsegu gehienak talde txikietan banatuta egin behar izan dituzte. «Lan prozesua behin gidoia sortuta hasi genuen lan sektore partzialekin. Elkartu, aurrerapenak ikusi eta oreka pixka bat lortu genuen entsegu horietan. Gero, azaroan, entsegu orokorrak hasi genituen puzzleko pieza guztiak nolabait elkartzeko», esplikatu du Otxoak. Beraz, produkzio lana «oso konplexua» izan dela nabarmendu du zuzendariak, are gehiago pandemia garai honetan.

Hala ere, elkarlana konplexua bezain aberasgarria eta dibertigarria izan da Otxoaren aburuz: «Sorkuntza prozesua oso aberasgarria izan da eta baita jolasak diziplina artistiko eta fisikoan izan duen garrantzia ere».

Duela bi urte ekin zioten ikuskizuna prestatzeari eta 2021eko urtarrilan estreinatzea zen hasierako asmoa. Hala ere, osasun egoera zela eta «egoera egonkortu arte» estreinaldia atzeratzea erabaki zutela adierazi du Otxoak. Testuinguru honetan, estreinatzeko gogoa beti dagoela azaldu du zuzendariak, baina oraingo honetan 2 urteko lana atzean dagoela kontutan hartuta, bereziki gogotsu daude okasio honetarako.

Ildo beretik, zuzendariak azaldu du estreinaldiaren datak ere bere garrantzia duela: «Gabonetan programatu nahi genuen ikuskizun magikoa delako, sorgindua eta nolabait garai hauetara lotua». Izan ere, ikuskizunak ‘Cirque du Soleil’ eta Tim Burtonen filmografia bezalako lanak izan ditu inspirazio iturri.

Nazioarteko bira

Covid-19ak hasiera hasieratik baldintzatu ditu ‘Xarma’ ikuskizunaren aurreikuspenak eta estreinaldia ez da salbuespena izan. Osasun egoera dela tarteko, oraingoz, abenduaren 26ko emanaldia soilik baitago programatuta.

Zuzendariak iragarri du datorren udazkenean, 2022koan, euskal areto zein antzokietatik bira bat egiteko asmoa dutela, une honetako osasun egoera ikusita «itxarotea» nahiago izan dutelako. Era berean, egoera honetan aurkezpenaz gain beste emanaldi sorta bat programatzea «konplikatua» izan zitekeela gehitu du.

Dena den, etorkizunari begira itxaropentsuago dago zuzendaria eta 2022an zehar nazioarteko bira bat antolatzeko asmoa dutela jakinarazi du.