Joseba Salbador

Ezjakintasuna nagusi Bizkaiko sagardotegietan

Sagar uzta ugaria izan duten arren, botilako salmentak jaitsi egin dira eta egungo egoerak ez die baikortasunerako tokirik uzten

Jose Antonio Zamalloa, Zornotzako Uxarte sagardotegiko upategian.
Jose Antonio Zamalloa, Zornotzako Uxarte sagardotegiko upategian. (NAIZ)

Ezjakintasuna nagusi da Bizkaiko sagardogileen artean ere. Sagar uzta oparoa izan duten arren, botilako salmentak jaitsi egin dira eta ez dakite aurtengo urtea nolakoa izango den. Elkarteko lehendakari Jose Antonio Zamalloa ez da ausartzen aurreikuspenik egiten, pandemiak oraindik eragin zuzena duelako sagardoaren sektorean.

«Ez dakigu zelan joango den denboraldia, ez dakigu jendearen erantzuna zein izango den, inkognita pila bat daude». Momentuz dakiten gauza bakarra da botilako salmenta jaitsi egin dela, ostalaritzaren egoerak zuzenean eragiten dielako.

Alde horretatik, Uxarte sagardotegiko arduraduna ezkor agertu da, egoera asko luzatzen ari delako. «Hasierako kolpearen ondoren, eta argitasun apur bat ikusten hasita geundenean, berriro kolpe hau etorri zaigu eta animo handirik ez dugu. Egia esan, optimistak izateko arrazoirik ez dugu».

Sagar uzta ugaria izanda, gainera, aurten arazo berria sortu zaie sagardogileei, iazkoa ez zutelako dena saldu. Zamalloak dioenez, «nire kasuan ez zait asko geratu saldu gabe, baina orokorrean bai, geratu da. Eta sagar asko biltzea, bodegak erabat hustu gabe, arazo bat da».

Edozein modutan, aurrera egiten saiatuko direla azpimarratu du. «Saiatuko gara gauzak ondo egiten, saiatuko gara sagardo dezente bat ateratzen eta sagardotegian arreta ona eskaintzen, ea gauzak zuzentzen hasten diren».

Sagardo arinagoa

Gainerakoan, Bizkaiko sagardotegietan gustura daude aurten jaso duten sagar uztarekin, kopuru aldetik ugaria izan delako eta kalitate aldetik oso sanoa etorri delako. Eta sagardoaren ezaugarriei dagokienez, apur bat arinagoa izango dela aurreratu dute.

Jose Antonio Zamalloak adierazi duenez, «orain arte ditugun datuen arabera, sagardoa apur bat arinagoa eta alkohol karga gutxiagokoa izan daiteke, sagar uzta ugaria izan delako, baina edozein modutan, sagardo sanoa, freskoa eta orekatua izango da».

Uxarte sagardotegiko nagusiak nabarmendu duenez, aurten uzta ugaria izan da sagar-barietate guztietan, eta horrek aukera gehiago eskaintzen ditu nahasketak egin eta sagardo orekatua lortzeko. «Sagardogile bakoitzak ikusi behar du ze nahasketak egin bere bodegako sagardo-gama lortzeko», esan du.
Beste urteetan bezala, aurten ere ekoizpen osoa bertako sagarrarekin osatu dute, nahiz eta sagastien azalera neurri bertsuan mantendu. Zamalloaren iritziz, «guk normalean ez dugu arazorik izaten bertako sagarra lortzeko eta planteatu ere ez dugu egiten kanpotik sagarra ekartzea».

Bizkaiko sagardogileen elkartearentzat hori «oinarrizko gauza» dela nabarmentzen du. «Bizkaiko sagardoaren ezaugarri nagusia bertako sagarrarekin egina dagoela da. Are gehiago, kalitatezko sagardoa bada, bertako sagarrarekin egin delako da, ez laborategian egindako lanagatik».

Gaur egun Bizkaiko sagardogileen elkartean zortzi sagardotegi badaude ere, txotxetik hiruk bakarrik eskaintzen dute sagardoa; Markina-Xemeingo Axpek, Berriatuko Laka-Erdik eta Zornotzako Uxartek. Azken honek, gainera, ohiko menua eskaintzen du asteburuero urte osoan: bakailao-tortilla, bakailaoa, txuleta, gazta, intxaurrak eta irasagarra.

Bestalde, sagardotegi askotan sagar-zukua ere egiten dute, eskaria gero eta handiagoa delako. «Lehen ez zen ezagutzen, baina orain gero eta gehiago eskatzen dute, batez ere ume eta gazteekin etortzen diren familiek, eta kontuan hartzeko produktu bat dela esan dezakegu, bertako sagarrarekin egindako produktu berezia delako», dio Zamalloak.