Joseba Salbador Goikoetxea

Sagardo ezberdinak dastatzeko urtea

Orain dela bi urteko kopuru historikoetara iritsi gabe, aurtengo uzta oso emankorra izan da eta guztira 9,5 milioi sagardo ekoitzi dituzte Euskal Herriko sagardotegiek. Horrek hainbat sagar barietaterekin ekoiztutako sagardo mota ezberdinak egiteko aukera eman die sagardogileei.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileak Donostian elkartu ziren asteartean, sagardo denboraldi berria aurkezteko.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileak Donostian elkartu ziren asteartean, sagardo denboraldi berria aurkezteko. (Jon URBE | FOKU)

Pandemia egoerak guztiz baldintzatzen jarraitzen du sagardoaren sektorea eta aurtengo txotx denboraldia martxan jarri bada ere, sagardoaren inguruko ospakizunak erabat aldatu edo ezeztatu behar izan dira. Horrela, denboraldi berriko sagardoa aurkezteko Donostian egiten zen “Sagardo apurua” izeneko jaialdia ezin izan da ospatu, eta aurtengo datuak aste honetan bertan ezagutarazi dituzte San Telmon eskainitako agerraldi itxian.

Bertan emandako datuen arabera, aurten 9,5 milioi litro ekoitzi dituzte Euskal Herriko sagardotegiek, iaz baino %14 gehiago, baina kontuan hartu behar da 2021ekoa inoiz izan den uztarik txikiena izan zela. Horrela, aurtengo uzta ez da iritsi orain dela bi urteko kopuru historikoetara, orduan 12,2 milioi litro egitea lortu baitzen.

Sagar urte oparoa izan da, beraz, eta sagasti gehienek sagar asko eta osasuntsua eman dute. Ondorioz, aurtengo sagardoa, orokorrean, iazkoa baino arinxeagoa dela azaldu dute sagardogileek, usaintsu edo lurrintsuagoa, eta alkohol graduazio txikiagokoa.

Bertako sagarrarekin egindako sagardo ekoizpena urtez urte handitzen doa eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren zigiluarekin aurten 3,5 milioi litro egitea lortu dute, inoizko kopururik handiena –iaz baino hiru aldiz gehiago–, guztira 5 milioi kilo sagar bildu baitira Jatorri Deiturako 250 sagastietan. Euskal Sagardoak gaur egun Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 49 sagardotegi biltzen ditu eta 250 sagargile.

Unai Agirre, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak azaldu zuenez, ekoizpen hori %40ra iristea bi arrazoigatik izan da: «Alde batetik, aurten sagar urtea tokatzen zela, eta bestetik, administrazioaren laguntzaz azken urteetan landatutako sagastiak produkzioan sartzen hasi direla».

Produktu berriak

Aurtengo sagardoaren ezaugarrien inguruan, Unai Agirrek esan zuen oso zaila dela galdera horri erantzutea, «sagardogile bakoitzak bere gustuko sagastiak jartzen dituelako eta bere gustuko sagardoa egiten duelako. Dibertsifikazioa gero eta handiagoa da, eta sagardotegi batetik bestera alde handiak daude, baita sagardotegi baten barruan ere».

Horrekin lotuta eta aurtengo uzta oso emankorra izan denez, sagardogileek hainbat sagar barietaterekin ekoiztutako sagardo mota ezberdinak ekoizteko aukera izan dute; besteak beste sagardo monobarietalak, bi motako sagarrekin egindakoak, eta abar. Gainera, sagardo naturalaz gain, azken urteetan produktu berriak ere ekoizten hasi dira; sagardo apardunak eta izotzezko sagardoak, esaterako.

Unai Agirreren hitzetan, «sagasti berriak produkzioan sartzen doazen heinean eta sagardogileek daukaten egokitzeko eta bide berriak probatzeko grinak bultzatuta, gauza bereziak dastatzeko aukera izango da sagardotegietan». Bere iritziz, «oraingo tendentzia honek etorkizuneko bidea zehazten du, eta gero eta gehiago izango dira horrelako eskaintzak eta apustuak».

Sagardo berriok ekoizteko, ezinbestekoa da bertako sagarrari eskainitako azalera handitzea. Helburu horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Inguruneko Departamentuak sagasti berrien landaketa bultzatzen jarraitzen du: 2016an hasita, 170,86 hektarea landatu dira eta 1.768.803,22 euroko dirulaguntzak eskaini ditu.

Horretaz gain, Fraisoro Laborategia sagardoa bizitzen ari den bilakaeraren lekuko da, baita sektorea kalitatearen hobekuntzaren eta ezagutzaren alde egiten ari den apustuarena ere.

«Aurtengo sagardoak bixiak eta fruta-usain handikoak izango dira»

Irati Amondarain enologoaren iritziz, aurtengo sagardoak orokorrean biziak eta fruta-usain handikoak izango dira, eta uzta handia izanagatik ez dute gorputz gutxiago izango.

Andoaindar honek Hernaniko AZ3 enologia-aholkularitza enpresan egiten du lan eta Euskal Herriko hainbat sagardotegirekin lan egiteaz gain, espainiar Estatuko eta Portugalgo ardo upategi askori ere eskaintzen die zerbitzua.

Aurtengo txotx denboraldian zer sagardo aurkituko dugun galdetuta, Iratik argi utzi nahi du ezinezkoa dela ezaugarri orokor bat aipatzea, sagardotegi batetik bestera alde handiak daudelako, baina zerbait aipatzekotan, «sagardo bixiak, azidotasun maila onekoak eta usain handikoak» izango direla nabarmendu du. «Aurtengo sagardoak sagarraren fruta-usain handia izango du», azaldu du.

2021eko uzta handiagoa izan zenez, alkohol gutxiago eta gorputz gutxiagoko sagardoak izan ote daitezkeen galdetuta, aurten ez dela horrela izan uste du. «Hasiera batean pentsa daiteke uzta handi batek gorputz gutxiko sagardoa emango duela, baina guk orain arte ikusi dugunagatik ez da horrela, oso gorputz oneko sagardoak ari gara aurkitzen», esan du.

Bere iritziz, gainera, orain da ezaugarri horiek bilatzeko momenturik onena. «Agian urte sasoi hau sagardotegira doan edozein pertsonarentzat goizegi izan daiteke, baina enologo batentzat ez, sagardo baten potentziala zein izango den orain ikusten dugu».

Uzta handiagoak duen abantaila, Iratiren iritziz, «sagardo desberdinak egiteko aukera ematen duela da. Izan ere –gaineratu du–, bertako sagarra baldin badaukazu, errazagoa da prozesu guztiaren kontrola eramatea, sagastietatik bertatik hasita, kanpotik datorrenean baino».