Andoni Arabaolaza

Euskal lehiakideak bikain aritu dira Elur Gaineko Espainiako Txapelketan

Larra-Belaguako ipar eskiko estazioan FEDMEk antolatutako hitzordu nagusian, seniorretan, Naiara Irigoien gailendu da. Selekzioen artean, Nafarrokoak irabazi du. Herrialde horretako txapelak Irigoienek eta Aitor Blancok jantzi dituzte.

Joan den asteburuan, Larra-Belaguako ipar eskiko estazioa geltoki berezia izan da. Neguko denboraldiarekin batera, elurrarekin lotutako lehiak gero eta erritmo handiagoa hartzen ari dira, eta estazio horretan Elur Gaineko Espainiako Txapelketa jokatu da. Antza denez, euskal lehiakideek ondo berotu dituzte motorrak; izan ere, garaipenak zein podiumak erdietsi dituzte.

Nahiz eta hotz handia izan zuten, estazio horretara hurbildutako lehiakideek baldintza onak izan zituzten. Alabaina, elur gogorrak korrikalariak kranpoiak jartzera behartu zituen.

Seniorren kategoriari dagokionez, etxekoek erakustaldi ederra eman dute. Ia bost kilometroko eta 200 metroko goranzko desnibela zituen ibilbide zurian Naiara Irigoienek ezustekoa eman zuen. Bi itzuli eman behar zioten ibilbide eder horretan korrikalari nafarra azkarrena izan zen 1:19:51 denborarekin. Bigarren sailkatuari, Cristina Trujillori, 17 segundoko aldea atera zion. Hirugarrena, berriz, Beatriz Contreras izan zen.

Bestalde, gizonezkoen mailan, hiru nafar lehen hamarren artean sailkatu ziren: Aitor Blanco (8), Mikel Beunza (9) eta Ion Sola (10).

Irigoienen urreaz gain, selekzioen sailkapenean, Nafarrokoa podiumaren lehen kutxara igo zen. Beunza, Sola, Aitor Etxeberra eta Alvaro Ramosek lortutako puntuei esker, Nafarroako selekzioa erregularrarena izan zen. Andaluziako selekzioa bigarren postuan puntu batera sailkatu zen.

Juniorrek eta jubenilek ere lehiatzeko aukera izan zuten. Seniorrek ez bezala, gazte horiek ibilbide labur batean jardun zuten. Juniorrek, adibidez, 8,4 kilometrokoan. Jon Bazek erakutsi zuen hitzordu horretara sasoiko iritsi zela, baina ezin izan zuen lehen postua lortu. Ohore hori Miguel Benitezentzat izan zen. Euskal Mendizale Federazioko ordezkaria bigarrena sailkatu zen. Postu bera baina nesketan Izaro Egibarrek sinatu zuen.

Azkenik, aipatu behar dugu lehia hori Nafarroako Txapelketarako baliagarria izan zela. Irigoienek eta Blancok txapelak jantzi zituzten.