NAIZ

Otsailaren 8an greba egitera deitu dituzte Bizkaiko erresidentzietako langileak ELAk eta LABek

ELAk eta LABek, bakoitzak bere aldetik, otsailaren 8an greba egitera deitu dituzte Bizkaiko erresidentzietako langileak. Sektoreko hitzarmen bat eskatu dute sindikatuek.

Bizkaiko erresidentzietako greba iragartzeko LABek egindako agerraldia.
Bizkaiko erresidentzietako greba iragartzeko LABek egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Datorren otsailaren 8an greba deituko dute LABek eta ELAk Bizkaiko adinekoen egoitzetan, zentro horietako langileen lan- eta soldata-hobekuntzak eskatzeko.

Abenduaren 14an ere bakoitzak bere aldetik deitu zuten grebara bi sindikatuek; oraingoan, sindikatuarteko bileretan erabaki dute lanuzte eguna bateratzea.

ELAk zein LABek sektoreko hitzarmen bat eskatu dute, besteak beste, egoitza pribatuetako langileen lan-baldintzak publikoenekin parekatzea eta langileen eta egoiliarren arteko ratio «duinak» izatea, lan-kargak gutxitzeko.

LABen arabera, Bizkaiko egoitza pribatuetako egoerak «jasanezina izaten jarraitzen du» eta «okerrera besterik ez du egiten». Ohar batean adierazi duenez, «zaintzaren pribatizazioak miseria ekartzen die langileei eta egoiliarrei».

«Zaintza lanak negozio bat dira —kritikatu du—, enpresek dirua irabazten dute erabiltzaile-plaza berri bakoitzarekin, eta Aldundia da gurpil horren arduraduna, gutxi batzuk aberastu eta sektoreko 5.000 langile baino gehiago prekarizatu eta ustiatu besterik egiten ez duena».

LABek salatu du hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaia «blokeatuta» jarraitzen duela patronalaren aldetik eta Bizkaiko Foru Aldundiak «desagertuta» jarraitzen duela gatazka honetan. Haren iritziz, bai patronala bai Bizkaiko Foru Aldundia langileen egoera okerraren «zuzeneko erantzuleak» dira.

Hitzarmena berritzeko presa

Bestalde, ELAk ohartarazi du lanuzte berri honek aurrera egiten duela «mobilizazioa eta greba ardatz nagusi izango diren urte honetan: «Patronalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lan Sailak erabakiak hartu behar dituzte zaintza eredua errotik aldatzeko, egoiliar, senide, langile eta gizartearen hobe beharrez».

Ohar batean adierazi duenez, «presazkoa» da hitzarmena berritzea, eredu aldaketa bat gerta dadin, «zerbitzuen publikazioa, enpleguaren egonkortzea eta hobekuntza eta ratioaren hobekuntza hura egituratzen duten ardatzak izan daitezen».

ELAk zenbait alderdi negoziatzeko eta adosteko eskatu du, hala nola, profesionalak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratazioa, soldata- eta lan-baldintzak GUFErekin –Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea– parekatzea eta lanaldi partzialeko kontratuak amaitzea, besteak beste.