Jon Ormazabal

Oriamendiren erremonte Mastersak inoizko partaidetzarik handiena izango du

Urriza eta Barrenetxeak finalerdietan itxarongo diete Zubiri, Goikoetxea V.a eta Ansa II.ari larunbatean hasiko den Iparlur Masters Txapelketan

Javi Urriza baino ez da falta izan gaurko aurkezpenean.
Javi Urriza baino ez da falta izan gaurko aurkezpenean. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Hurrengo bost larunbatetan Galarreta berriz irekitzeko motiboa izango den Iparlur Masters Txapelketa aurkeztu dute gaur, zenbait berrikuntzekin datorren buruz buruko lehiaketa. Hasteko, inoiz baino pilotari gehiagok hartuko duteparte, seik, eta bi debutari izango ditu; Zubiri eta Goikoetxea V.a. Beste laurak Juanenea, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a izango dira.

Lehenengo partida etzi, urtarrilaren 22an, jokatuko da eta bertan Juaneneak eta Zubirik neurtuko dituzte indarrak. Juanenea laugarren sailkatu zen udako txapelketa nagusian eta Zubiri bosgarrena izan zen. Bigarren partida astebet beranduago, urtarrilaren 29an jokatuko dute Goikoetxea V.ak eta Ansa II.ak. Bi urnietarren arteko «derbia» izango da.

Kanporaketa hauetako irabazleek finalerdietan zain izango dituzte Barrenetxea IV.a eta Urriza. Lehenengo finalerdia otsailaren 5ean jokatuko da eta iruindarrak Ansa eta Goikoetxearen arteko partidaren irabazlea izango du arerio.

Bigarren finalerdia egungo buruz buruko txapeldunak, Barrenetxea IV.ak, jokatuko du Juanenea edo Zubiriren aurka otsailaren 12an. Finala berriz otsailaren 19rako dago iragarria. 

Bi fitxaketa

Txapelketa honen inguruan antolatuko diren jaialdietan Oriamendi enpresak azken egunetan egindako bi fitxaketek debuta egingo dute. Esaterako hilaren 29rako dago iragarria Ezkurra II.aren itzulera. Doneztebekoak E-Remonte enpresarekin jokatu du azkenaldian, baina horren emaitzak onak lortu dituen Galarretara itzuliko da. Bide bera hartuko du Kemen Aldabe Lekunberriko aurrelari gazteak eta kasu honetan otsailaren 5ean jokatuko du berriro lehen ere bere enpresa izandakoarekin.