Ion Garate
Elkarrizketa
Iraitz Ezkergain
Goi mendiko gidaria

«Ibiltzen denari pasatzen zaio eta goi mendian akatsek ondorio oso larriak izan ditzakete»

«Pasioa bukatzen denean edo fisikoak laguntzen ez dizunean, utzi beharreko lan bat da», dio Iraitz Ezkergain goi mendiko gidariak. Euskal Herrian gidari bat kontratatzeko ohiturarik ez dagoela onartu du, hemengo mendiak «etxekoagoak» iruditzen zaizkigulako, nahiz eta ezagutza handirik ez eduki.

Audio_placeholder

Iraitz Ezkergain, goi mendiko gidaria: «Pasioa bukatzen denean edo fisikoak laguntzen ez dizunean, utzi beharreko lan bat da»

Loading player...
Iraitz Ezkergain goi mendiko gidaria tontorrean.
Iraitz Ezkergain goi mendiko gidaria tontorrean. (IRAITZ EZKERGAIN)

Neguan bete betean murgildurik asko izaten gara mendira jotzen dugunak, inguru horietan bertako jarduera ezberdinetaz gozatzeko. Arriskuak ere areagotu egiten dira mendiak zuriz janzten direnean. Oso urrutira joan beharrik ez daukagu, tamalez azken aste gogorra bizi izan dugulako mendizaleok hainbat ezbeharren arira. Honetaz guztiaz mintzatzeko, goi mendiko gidari Iraitz Ezkergainekin (Tolosa, 1978) solastu da NAIZ. 

Ski Countries da bere webgunean eta bertan aurkitu daiteke antolatzen dituen jarduera eta bidaien inguruko informazio gehiago eta berarekin kontaktuan jartzeko modu anitz. «Telefono edo whatsappena une oro aurkituko naute, 626 800 695». 

Zein eginbehar ditu goi mendiko gidari batek?

Gure lana arriskua kudeatzea da eta horretarako zenbait ezaugarri hartu behar dira kontuan: zein pertsonarekin goazen, mendia nola dagoen, egin nahi duzun ekintza egiteko beharrezko informazioa pilatu; hala nola, eguraldia jarraitzea –ez da soilik bihar mendira goaz eta ze eguraldi egin behar duen begiratzea– eta bezeroak ez baldin badituzu ezagutzen ba egunean bertan jendea nolakoa den edo zein maila duen ikusi behar da. 

Norbanakoaren ezaugarriei egokitzea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, guk egokitu behar dugu ekintza deitu gaituen jendearen ezaugarrietara. Batzuetan ezetz esan behar izaten dugu baldintzak edo eguraldiak ez duelako laguntzen edo aktibitate hori arriskutsua izan daitekeelako. Nik beti erabiltzen dut semaforoaren eredua. Lanean nagoenean gutxi hitz egiten dut, aurretik eta gero asko, baina lanean gutxi ze beti joan beharra daukazu zer datorkizun gora begira, eta atzekoak nola datozkizun begira.

Badaude egun batzuk dena kolore berdekoa dena, inongo arazorik ez dagoena eta aktibitatea osotasunean burutu ahal dituzun egun horiek; beste egun batzuetan, laranjan sartzen zara, elur-jausien arriskua dagoelako edo zure bezeroek esan baino maila txikiagoa daukatelako, edo eguraldia ez delako iragarpenak aurreratu bezalakoa. Beste batzuetan egoera gorrian sartzen zara eta hor adi ibili behar zara. Oso gogorra da, ze bezeroek ordaintzen dute aktibitate hori egiteagatik. Guk aurrera egiten dugu muga batera iritsi arte, ikusten dugunean bide horretatik ezin garela pasatu argi gorri asko daudelako. Gure erantzukizuna ere bada bezero horiek ondo itzultzea. 

Adin tarte eta maila guztietarako pertsonei zuzendutako jarduerak egiten dituzue?

Bezero oso gazteak zein zaharrak izaten ditugu. Jakin behar duzu zeinekin nora zoazen. Norvegian esaterako, bertako mendi nazionalean aritzen naiz lanean –Stetind–, ia egunero han nabil, eta han eduki dudan gazteena 9 urtekoa izan da eta zaharrena 76 urtekoa eta biek utzi didate harrituta beraien mailarekin. Gazte horri lagundu behar izan nion pixka bat eskalatzen leku batzuetara ez zelako iristen baina jarreraz 30 urteko pertsona bat zirudien. Eta 76 urtekoarekin igotzerakoan erritmoa jaitsi behar izan nuen baina gero behin erritmoa hartuta, oso ondo moldatu zen. Bestalde, ikastaroak ere antolatzen ditugu, maila teknikoagoak azaldu asmoz. 

«Guk aurrera egiten dugu muga batera iritsi arte. Gure erantzukizuna ere bada bezero horiek ondo itzultzea»

Norvegia aipatu duzu. Nondik ibiltzen zara lanean gehienbat? 

Gidari bakoitzak bere puntu indartsua edukitzen du: batzuk izotzetan, beste batzuk eskaladan… Nirea eskiatzea da eta ni hasten naiz abenduan elurra hasten denetik martxo erdialdera arte Pirineotan. Lehen astebete edo hamar eguneko eski-bidaiak ere egiten nituen –Japon, Islandia, Maroko...–, baina orain, familia izan dudanez, jarduera horiek apur bat moztu egin behar izan ditut.

Martxotik aurrera ibiltzen naiz Norvegian dauden Lofoten isletan eta han badaramazkit hamar urte bertako konpainia batentzat lanean. Maiatza bukaera arte egoten naiz bertan. Gero atseden pixka bat hartzen dut, etxe aldera etortzen naiz eta hemen eskaladako ikastaroak eta bidaiak egiten ditut. Ekaina bukaeratik abuztua bukaeraraino joaten naiz lehen aipatu dudan Stetind mendi horretara, Norvegian. Han pasatzen dut udara guztia. Udazkena, urtea oparoa izan bada ekonomikoki, lasaixeago hartzen duzu.

 

Baduzu egon ez zaren leku bat bisitatu eta egin ez duzun proiekturen bat abiatzeko gogorik?

Bai, asko. Denak izendatzea zaila izango litzateke, baina gustora joango nintzateke Iran eta gune horietara. Gero Kanada eta Alaskara ere gustora joango nintzateke. Han denboraldi ona denean ni beste leku batzuetan aritzen naiz lanean eta pixka bat zaila izaten zait uztartzea. Hara joateko hemengo lan batzuk utzi beharko nituzkeen eta orain bertan ezinezko ikusten dut. 

Gidari baten lana, enpresaren baten parte ez bazara, nahiko autonomoa da. Hori kudeatzea erraza al da?

Pasioa izan behar duzu eta gustatu egin behar zaizu, ze egun txar asko daude; bai bezeroa ez delako hain atsegina edo eguraldiarengatik planak aldatzen direlako; baina horrez gain, nahiz eta gu fisikoki ondo egon, egunero mendian gaude-eta, psikologikoki asko nekatzen gara lehen aipatu ditugun arrisku horiek kudeatzen. Are gehiago, sare sozialetan argazkirik ez baldin badituzu jartzen, ematen du ez zarela existitzen eta menditik jaitsi eta korrika egin behar dituzu argitalpenak… Gero gestoriko lanek ere denbora kentzen dute. Mendiko gidari izateaz gain beste lan asko ere egin behar izaten dituzu. 

Pasioa beharrezkoa dela diozu, ez baita erraza egunero mendian eta tenperatura baxuetan aritzea… 

Bai, eta bestalde, kalitatea ere eskaini egin behar diozulako bezeroari. Zu erreta baldin bazaude edo aspertuta, ez da berdina. Pasioa bukatzen denean edo fisikoak laguntzen ez dizunean, utzi beharreko lan bat da. 

«Elurraren gaineko izotz kapa oso gogorra dago aurreko egunetako euriteengatik eta edozein akats erorketa luze batekin ordainduko duzu»

Mendian arriskua uneoro dago eta pasa den astean tamalez, ezbehar dezente izan ditugu inguruan, heriotza batzuk ere bai. Zure esku dagoen guztia egin zenezake arrisku horiek ahalik eta gehien murrizteko baina beti egongo da kontrolaezina daitekeen arrisku hori, ezta?

Azken aste honetan irakurri ditudan istripu hauetan gertatu dena irakurrita, berdin zuen maila ona edo txarra izan, behin irristatu eta jausiz gero, ezinezkoa zen gelditzea. Elurraren gaineko izotz kapa oso gogorra dago aurreko egunetako euriteengatik eta edozein akats erorketa luze batekin ordainduko duzu. Batzuetan zortea daukazu eta ez duzu ezer topatzen bidean baina beste batzuetan sakana edo zuhaitzen bat aurkitu dezakezu… Ibiltzen denari pasatzen zaio, nahiz eta munduko onena izan akatsak edozeinek izan ditzake eta akats horiek ondorio oso larriak izaten dituzte. 

Pentsatzekoa da zuek horretan jarriko duzuela arreta berezia: segurtasun teknikak, elurraren inguruko ezagutza, erreskate kontuak… 

Ikastaroak ere egiten ditugu, bai. Batzuetan agian jarduera luzeetan, Aneto batean esaterako, hor agian ez zara geratzen bost minuturo gauzak azaltzen. Aparte beste ikastaro batzuk eskaintzen ditugu guk dakiguna azaltzeko eta horretarako denbora behar da. Guk mendiko gidari izateko hiru urte ikasi behar izaten ditugu eta hori asteburu batean erakustea zaila da. 

Nahiko baldintza bereziak ditugu Pirineotan, ipar aurpegietan izotz plaka ugari eta tentuz ibili beharreko egunak dira. 

Nik ikusi dudana izan da, azkeneko ekaitza euriarekin bukatu zela, elur pixka bat bota zuen han hemenka. Asteburu honetan Baqueiran izan naiz eta han beste baldintza batzuk zeuden, elurra gogorragoa zegoen. Beste faktore bat garrantzitsua izan dena haizearena izan da, oso indartsu egon zen. Bi egun oso onak izan genituen, igandea berdintsua izango zela pentsatzen genuen baina brisa txiki bat zegoen ipar-mendebaldetik sartzen zena. Mendebaldeko Pirineotan hotz handiagoa egon da, izotz gehiago dago.

«Guretzako pixka bat tristea da baina hemen gidari baten lana ez dago baloratuta. [...] Aurreneko kolpean garestia dela ematen du baina ikusi behar da zenbat gauza dauden atzetik»

Sentsazioa dut hemen ez dugula ohitura handirik gidari bat kontratatzeko. Hala dela esango zenuke?

Bai, guretzako pixka bat tristea da baina hemen gidari baten lana ez dago baloratuta. Guk ordaindu behar izaten ditugu gure bezeroen seguroak, materiala, ordu asko sartzen ditugu iragarpenei begira, plangintza bat osatzen dugu eta beti arazoa prezioa izaten da. Beherapenak eskatzen dituzte. Niri galdetu izan didate beraiek materiala jarrita ea merkeago izan zitekeen. Atzerrian prezioa onartzen dizue bai edo ez, baina segituan erabakitzen dute. Aurreneko kolpean garestia dela ematen du baina ikusi behar da zenbat gauza dauden atzetik. 

Arrazoi nagusia prezioa da?

Bai, eta gero pasatzen zaigu gidari pirata asko daudela Pirineoko zonalde guztian. Horrek amorrua ematen du ze astean zehar beste lan bat eduki eta asteburutan gidari bezala aritzen dira, titulaziorik gabe, segurorik gabe… Eta horrek prezioak asko jaisten dute eta jendeak horiekin alderatzen zaituzte. Aragoien hasi dira horren aurka borrokan baina oraindik lan asko dago egiteko. 

Hemendik kanpo ohitura gehiago dago mendi gidari baten laguntza eskatzerako orduan? 

Bai, oso ezberdina da. Denetik dago ere bai, baina askoz ere ohitura handiagoa dago. Bestalde, hemengo jendea Alpeetara doanean ez dauka inongo arazorik gidari bat hartzeko baina hemengo mendietan bai; etxekoagoa iruditzen zaigu eta hemen zertarako kontratatu, ezta? Baina ezagutzearekin bakarrik ez da nahikoa. 

Mendian ibili nahi duenarentzat beti izango da gomendagarria gidari baten laguntza behintzat oinarrizko kontuak ikasteko. 

Bai, ze esango dizut ba nik! Gauza asko ikasten dira, gure lana da eta jendeak ikusten ez dituen gauza asko ikusten ditugu horrela entrenatuta gaudelako, erakutsi egin digutelako guri ere. Barneratzen duzunean dena automatiko ateratzen da. Elur-jausi baten simulazioa behin egitean ez du esan nahi jada badakizunik, gero entrenatu egin behar da. Momentua iristen denean blokeo asko egoten dira eta beraz, denboraldi hasieran errepasatu ere egin behar dira kontuak, ondoren dena automatikoki ateratzeko. 

Alegia, behin ikastaroetara joanda ohartzen zara zein baliagarriak izan daitezkeen. 

Bai, hori da. Inoiz ez baduzu horrelako ikastaro bat egin ez duzu ikusten, irakurrita edukiko duzu baina proba egitean ezberdina da. Erreskate efektibo bat egiteko, ibilita egon behar da, behintzat ze egiten duzun jakiteko. Gero akats txikiak milaka egongo dira, baina eraginkorra baldin bada, asko balio du. 

Pandemiaren ondorioz, urte gogorrak izan dira sektore guztientzat. Zer nolako eragina izan du zure kasuan?

Bai, dezente. 2020ko udaran joan ahal izan nuen Norvegiara lanera baina ordutik, 2021ko udara arte, 8 egun bakarrik egin ahal izan dut lana. Ezin genuen gure lurraldeetatik atera, guk lanagatik agian bageneukan ateratzea baina bezeroek ez… Poltsikoan zulo galanta eta horrek mentalki eragin handia dauka. Tentsio handia daukazu, egunero biharko egunera begira zaude, planak egin eta atzera bota... Estres handiko uneak izan dira. 

Azkenaldi honetan, egoera hobetu da?

Estatubatuar batzuekin egitekoa nintzen Marokoko bidaia bat bertan behera utzi behar izan dut. Seigarren olatu hau etorri baino lehenago pentsatzen genuen dena libre izango genuela, baina omicron hau hasi eta Maroko itxi egin zuten. Norvegiara joateko hartu beharra dauzkat hiru txerto, PCRa egin behar eta hala ere, ez daukazu dena zurekin. Orain pixka bat ohituago gaude baina, esaterako, lehen bidaietako txartelak merkeago ateratzeko udazkenean erosten nituen, bada oraindik ez dauzkat hartuta…